Musika. R.E.M..Diskoa:'Collapse into Now'.Diskoetxea:Warner Bros.

Betikoak, XXI. mendean

mikel lizarralde
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Munduko talde arrakastadunik onena zen R.E.M. 90eko hamarkadaren hasieran. Gauzarik zailena lortu zutelako Michael Stipe eta lagunek. Jarrera arty batekin, hitz dezifratu ezinekin, mesianikoak izan gabe eta irrati formulei begiratzeke, milioika disko saltzea. Batik bat, Losing My Religion eta Shiny Happy People single perfektuei esker. Out of Mind-ek (1991) mundu mailako arrakastaren ateak ireki zizkien, eta Automatic For The People-k, (1992), disko garratza eta iluna izanagatik, ez zituen itxi. Harrigarria.

Batetik besterako mugimenduz beteriko ibilbidea izan da hortik aurrera R.E.M.ena. Bill Berry bateria jotzailea bidean gelditu zen, eta Stipek, Peter Buckek (gitarra) eta Mike Millsek (baxua) ahaleginak egin dituzte, zorte handiagoarekin edo txikiagoarekin, beren lekua aurkitzeko dagoeneko berena ez zen garaian. Around The Sun-ekin (2004) eman zuen R.E.M.ek esana zuela esan beharreko guztia, baina Accelerate-k (2008) berriro bueltatu zigun Life's Rich Pageant (1986) eta Document (1987) disko elektriko, bizi eta sutsuak grabatu zituen taldea.

Disko berriak ez du aurrekoaren rock kutsua, baina %100ean da R.E.M. Are gehiago, esan liteke Athenseko taldearen soinu klasikoa berreskuratzen duela. Discovered indartsuarekin hasten da, amorrua adierazten duten gitarra biziekin, eta All The Best-ek ere bide beretik segitzen du. Stipe haserretu batekin. Intentsitatea lagun. Mine Smell Like Honey ere melodia itsaskorreko bat-bateko kantua da, eta Alligator_Aviator_Autopilot_Antimatter —Peachesen laguntzarekin– eta That Someone Is You rock pilula azkar eta bitaminaz beteak. Beste aldean, Green (1988) eta Out of Mind-en soinu akustikoa jabetu da kantu askoz. Überlin, adibidez, XXI. mendeko bere Losing my Religion edota World Leaders Pretend da —ez haiek bezain ona—, eta Oh My Heart eskusoinuz eta mandolinaz jantzitako balada ederra. It Happened Today-k zuzeneko ereserki bihurtzeko ezaugarri guztiak ditu —koro horiek!—, eta Every Day is Yours To Win preziosidade bat da; Everybody Hurts ikaragarriaren ifrentzu arina. Blue-k, Patti Smithen parte hartzearekin, modu ilunean ixten du diskoa, Discovered-en reprise batekin.

Collapse into Now ez da Automatic for The People, baina R.E.M. oraindik ere —30 urte Radio Free Europe grabatu zuenetik!— bizirik dagoen taldea dela erakusten du. Bizirik eta disko onak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.