Kultura krisian dagoela aspaldi entzun daitekeen gauza da; gizarteak bazterrekotzat hartzen duela salatu dute maiz artistek eta pentsalariek. Ekonomia eta gizarte krisiak eraginda, kulturaren inguruko industriak eta horko langileen lan baldintzek okerrera egin dute azken urteotan. Aspaldi sortzaileen artean prekarietateak gora egin badu ere, Espainiako Gobernuak kulturaren arloko profesionalen lepoak estutzen zuen soka are eta gehiago estutzea erabaki du. Bide horretan,zinemaren eta zuzeneko kultur ikuskizunen BEZ balio erantsiaren gaineko zerga 13 puntu igoko du irailetik aurrera. Igoerak sarreren prezioak garestitzea ekartzearekin batera, sektoreko profesionalen lan baldintzak okertuko dituela aurreikusten dute kultur industrietako ordezkariek. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak hilaren 13an aurreratu bezala, zinema eta zuzeneko ikuskizunen BEZa ondasunaren prezioaren %8tik %21era igoko da irailaren 1etik aurrera.
Igoerak ezustean harrapatu ditu sektoreko profesionalak, izan ere, ez zuten horrelako igoera bortitzik espero. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak aurreratu bezala, 2 puntuko igoera espero zuten, tipo murriztuko beste ondasunekin gertatu bezala. «Ez genuen hainbeste mespretxu espero, harrituta harrapatu gaitu. Ari ginen eskatzen %8tik %10era ez igotzeko, eta %21ra igo dute», salatu du Mikel Martinez aktoreak eta Tartean teatro antzerki konpainiako kideak. Orain arte zinema eta zuzeneko kultur ikuskizunen sarrerei aplikatzen zaien BEZaren tipo aldaketak —tipo murriztu zena tipo orokor bihurtuko da— ekarri du igoera horren handia izateak; hain zuzen ere, 13 puntukoa.
Neurriek kultur industriako profesionalei eta kultur ikuskizunez elikatzen diren herritarrei eragingo diete batik bat. Izan ere, igoerak sarrerak garestitzea ekarriko badu ere, horren zati bat aretoek, promotoreek eta sortzaileek hartuko dute bere gain kasu askotan. Hala egingo du Bilboko La Fundicion aretoak, Luque Tagua aretoko programatzaileak azaldu bezala. «Publikoa ere diruz nahiko estu dabil, krisia sumatzen ari da, eta ezin zaio ahalegin hori eskatu», azaldu du. «Jadanik, kulturarekiko interesa duen publikoa joaten da batez ere ikuskizunetara, eta horrek ahalegina egiten jarraituko du, benetan interesa duelako. Hala ere, seguruenik, ikuskizun gutxiagotara joan ahal izango da, egoera ekonomikoa larria delako. Kultur ikuskizunak beren aisiaren parte soiltzat zeukatenek, berriz, horietara joateari utziko diote». Igoera bere gain hartzeak,baina, eragina izango du aretoko programazio aukeretan: «Argi dago hurrengo urteko programazioan antzemango dela. Azkenaldian, aurrekontuak doitu egin behar izan baditugu, eta honek puntu bat gehiago estutuko gaitu. Gure gain hartu beharko dugu, eta programazioa berrasmatu edo programatu gabe geratu. Hala ere, BEZa igotzea izozmendiaren erpina baino ez da; atzetik dagoen ideologia guztia da okerrena».
Igoeraren zatirik handiena antolatzaileek hartu beharko dutela iritzi dio Mikel Martinezek ere. Horrek antzerkiaren arloko profesionalen lan baldintzak kaskartuko dituela aurreikusten du: «Krisia dela eta, denbora asko daramagu gure ordainsariak eta soldatak egokitzen, eta orain hauxe datorkigu: sarreren prezioa igoko dela. Sarreren prezioa igoko da, edo guk gure gain hartu beharko dugu, hainbat sektorek geure gain hartu beharko dugu, baina jadanik denok gaude txarto. Imajinatzen dut igoera banatu beharko dugula». Etorkizunera begira, «antzokietan gero eta diru gutxiago bazegoen, orain are eta gutxiago egongo da, eta guk oraindik eta arazo handiagoekin eta emanaldi gutxiagorekin egin beharko dugu aurrera», iritzi dio.
Pantaila ilun bat
Zergaren igoerak zinemaren industrian ondorio larriak izango dituela ohartarazi dute zinemagile, banatzaile eta ekoizpen etxeek. Maria Jesus Diez Barton Films zinema banatzaileko presidentearen arabera, «txarto pasatzen ari den sektore bat denez, horrelako igoera batek oso modu ezkorrean eragingo duela uste dut. Ikusleek asko pentsatuko dute edozein emanalditara joatea, kostuarengatik; eskaintza ere txikiagoa izango da, eta areto asko itxi beharko dituzte hemendik gutxira. Horrek ekarriko du enpresak itxi eta jende asko langabeziara bidali behar izatea ».
Ekonomia krisiak enpresek sorkuntzarako jarritako aurrekontuetan eragina izan badu jadanik, hemendik aurrera, enpresen arriskatzeko aukerak nabarmen murriztuko direla iritzi dio Diezek. «Horrek autoreen sorkuntza aukerak murriztuko ditu. Autore zinema egitea, adibidez, zailagoa izango da, eta horrek ikuspegi aniztasunaren galera ekarriko du».
Zuzeneko musikak ere kolpe larria jasoko du igoerarekin, Cruz Gorostegi Syntorama promotorako zuzendariak azaldu bezala. Erakunde publikoen kontratazioek azken urteetan behera egin badute, baina hemendik aurrera askoz gehiago murriztuko dira, haren iritziz, ikuskizunen prezioak garestiagoak izango direlako BEZa gehituta. «Promotore pribatuek ez dugu gure dirua arriskatuko egungo egoera prekarioan, non sarreren salmenta kasu askotan %20 eta %30a bitartean jaitsi den eta, orain, BEZa %8tik %21era igoko den. Argudio matematikoa da, eutsiezina da guztiz», salatu du. «Jendeak ez daki, baina kontzertu bat emateko, musikariek gastu asko dituzte: Lekuaren alokairua, BEZa, SGAEri %10 ordaindu behar diote, ticketing-aren ehuneko bat ordaindu behar da, eta argiak, garraioa, musikariak, teknikariak, hotelak, bandaren entseguak eta bestelakoak ere ordaindu behar dira».
Gorostegik igoeraren errentagarritasunaren inguruko zalantzak ditu, halaber. Horren ondorioz, eta krisi orokorraren testuinguruan, enpresa asko itxi beharko dituzte, haren iritziz, eta beste zenbait beren langileen zerrenda murriztu beharrean izango dira: «Jende asko langabezian geratuko da, ez du kotizatuko, langabeziako ordaina kobratu beharko du, kontsumoak behera egingo du, artistek emanaldi gutxiago emango dituzte, eta, beraz, zergetatik lortutako diru sarrerak murriztuko zaizkio gobernuari. Egia esan, ez dakit nola aztertu duten, baina ez dut uste igoera errentagarria izango denik; ez da askorik behar horretaz konturatzeko».
Kultur ikuskizunetako enpresa eta azpiegituren desagertzea izango da neurriak ekarriko duen eraginik okerrenetakoa, Mikel Martinezen iritziz: «Konpainia, talde eta egitura batzuk desagertuko dira. Agian hamar urte beharko dituzu hiru urtean apurtutako egitura bat berreskuratzeko. Egitura horiek ez dute diruaren beharra bakarrik, jendearen gogoa ere behar da, eta jendearen gogoa asko igartzen da. Lantaldeak oso poliki eratzen dira».
Diskoei dagokienez, zergaren igoera txikiagoa izango bada ere —BEZa %18tik %21era igoko da—, artistengan, eta ekoizpen etxeetan eta industrian lan egiten duten beste guztiengan eragin lazgarria izango duela azaldu du Anjel Valdes Elkarreko ekoizleak. Adierazi duenez, hasiera batean ezinezkoa izango da diskoei igoera hori aplikatzea, aspalditik diskoen salmentak eskasak direlako. Haren ustez, etorkizunean egin beharrekoaren inguruan hausnarketa egin beharko dute kulturindustriako sektore guztiek.
BEZaren igoerak batez ere kultura gutxituei eragingo diela iritzi dio Valdesek, «Bruce Springsteen edo Bob Dylan ikusteko 70 euro dituenari berdin izango zaio bost euro gehiago ordaindu behar izateak. Baina gure euskal taldeak ikustera joateko, hiru euro gehitzea gehiegi izan daiteke. Beti kultura eta proposamen txikien kontra egiten du horrek. Proposatzen ari dira oso nazioartekoa izango den estruktura eta oso lerraturiko errealitatea», salatu du. «Klase dirudun batentzako kontsumo eredua bultzatzen ari dira; baina hori ez litzateke gertatuko, ez balitz egongo oso oinarri sendo bat talde txiki askorekin, hemen Euskal Herrian gertatzen den bezala, bertoko kultura elikatzen duten hainbat proposamen txiki eta interesgarrirekin».
Kultura pribatizatuz
Kultur ikuskizunei BEZ tipoa aldatuta, Espainiako Gobernuak kultura pribatizatzearen aldeko pauso sendoa eman du, sektoreko profesionalen eta zenbait erakundeko ordezkarien arabera. Horrela mintzatu da Blanca Urgell, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuk Jose Ignacio Wert Espainiako Kultura ministroari idatziako eskutitzean: «Erabaki horrek kutsu nabarmen politikoa daukala esango nuke, eta zure gobernua kulturaren munduak dauzkan beharren kontra jartzen duela uste dut», salatzen du, «Bat-batean badirudi herritarrak kulturarako eskubiderik ez duela erabaki duzuela, eta kultura luxuzko ondarea dela, krisi sasoian albo batera utzdaitekeena; badirudi zuentzat ez dela gure herritarren izaera pertsonal eta kolektiboaren funtsezko osagaia eta, aldi berean, aniztasunak dakarren aberastasunaren adierazpidea».
CONCA Herrialde Katalanetako Kultura eta Arteetako Kontseilu Nazionaleko ordezkariek, berriz, hau salatu dute: «Neurriak kulturaren kontsumorako etaezagutzaren unibertsalizaziorako eragozpenak handitzea dakar», eta, bide horretan, erakundeak baztertu egiten du «kultura bazter daitekeen luxutzat eta gizartean bazterrekotzat» hartzen duen edozein neurri.
Kulturaren pribatizazio horrek gizaki pobreagoak sortuko dituela uste du Mikel Martinezek: «Ez da bakarrik gure diruarekin egiten dutena, gure bizimoduekin egiten dutena ere bada. Gobernuak erakutsi du antzerkia, dantza, musika eta kultura bost axola zaizkiola, nahiago gaituztela etxean beraien telebista ikusten, eta orduan garestitu egin dute, berez, zailtasunez zebilen sektore bat. Pobreagoak egingo gaituzte, baina ez bakarrik diruz, buruz pobreagoak eta tristeagoak ere egingo gaituzte».
Bide berean mintzatu da Luque Tagua; haren iritziz, gobernuak begirada aniztasuna desagerrarazi nahi du horrelako neurriekin: «Ezin ukitu daitekeena nola baloratzen den da gakoa, ze garrantzi duen imajinarioak, irudiak sortzea… Horretan garrantzi handia du kulturak, gizartean balorea sortzen du. BEZaren tipoa aldatuta, auto baten edo bestelako objektu baten kontsumoarekin parekatzen da. Hori oso arriskutsua da, nire ustez, irudiak dibertsifika daitezen lortzea dagoeneko oso zaila bada, kultura gehiegizko preziotan jarrita asko zailtzen da hori. Atzerapauso bat da».
BEZaren igoera, kulturaren gainbehera
Kultur ikuskizunen gaineko BEZaren igoerak industriaren baldintzak erabat okertuko dituztela salatu dute profesionalekBatez ere, kultura 'txiki' eta 'alternatiboei' kalte egingo diela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu