Bi erreferente, gurean

Public Enemy eta Sepultura talde beteranoek EHZ jaialdian joko dute aurten

Igor Susaeta.
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Public Enemy orain 30 bat urte sortu zen Long Islanden, New Yorkeko estatuan, eta rapa, haren mezua eta doinua mundu guztira zabaltzea lortu du. Sepultura brasildarrek ia hiru hamarkada daramatzate trash metalaren barrunbe zaratatsuetan arakatzen, eta 20 milioi diskotik gora saldu dituzte. Biak, musikaren bi erreferente horiek, eta Bebe, Esne Beltza eta The Bloody Beetroots ere Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdian ariko direla jakinarazi dute antolakuntzako kideek. Heletan (Nafarroa Beherea) egingo da, ekainaren 29an eta 30ean, eta uztailaren 1ean.

Hitz politikoak ahoratzen dituzte Public Enemykoek. Gizartea, komunikabideak eta AEBetako gobernua kritikatu ohi dute, besteak beste. Komunitate afroamerikarreko kide izanda, ekintzaile sutsuak dira horren defentsa egiteko orduan. Newyorktarren musika munduko txoko ia guztietara heldu da, eta haien filosofia bere egin dute talde askok, betiere norberaren errealitatera egokituta. Fight the power etaDon't believe the hype kantuak, adibidez, ereserkiak dira hiru belaunaldirentzat, gutxienez.

Negu Gorriak taldearen erreferentzia nagusietako bat izan zen, adibidez. Haien lehendabiziko diskoaren (Negu Gorriak, Oihuka, 1990) lehen kantan, Esan Ozenki, zera zioen Fermin Muguruzak: «Public Enemyk belarrietan joko dizu gudazko kanta honekin. Fight the power, fight the power, boterea borrokatu». Salam Agur (Esan Ozenki, 1996) bertsio diskoan, gainera, Public Enemyren She Watch channel zero abestiaren moldaketa egin zuten (Neskak zero katea ikusten du).

Sepulturaren itzala ez da Public Enemy-rena bezain luzea, baina 26 urteko ibilian 12 disko kaleratu ditu. Cavalera anaiek sortu zuten Belo Horizonten. Maxek, liderra izandakoak, 1996an utzi zuen taldea, eta Igorrek orain sei urte. Taldean sartu zenetik,1998tik, Derrick Green abeslari erraldoia da taldeko liderra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.