Siriaren erasoa eguneroko hizpide den honetan, Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko harremanen inguruko fabula sortu du Joan Mari Irigoenek (Altza, 1948). Donostian aurkeztu du gaur bere azken nobela, Arma, tiro, bamm!, (Elkar) Pako Aristi idazlea eta Xabier Mendiguren argitaletxeko editoreak lagunduta. Euskal Herriko objektore, intsumiso, eta antimilitaristei eskaini die Irigoienek eleberria. Guztira, ia 600 orriko lana ondu du idazleak.
Istorioak bi hari mutur dauzka. Bata Euskal Herrian kokatuta dago, armagintzaren tradizioa bizi duen Gipuzkoa eta Bizkaia arteko alegizko herri batean; Bereibarren. Beste hariak,familia arabiar baten pasarteak kontatzen ditu. Bi leinuen pozak eta nekeak osatzen dute liburuaren mamia, hiru belaunalditan zehar; XX. mendeko bigarren erdian hasi eta egundaino. Halabeharrez batuko dira bi istorioak, arma-trafikoak eta gerra sarraskiak behartuta.
Arma, tiro, bamm! "kontzientzia etikoz" betetako kontakizuna dela nabarmendu dute Aristik eta Mendigurenek. Sakoneko mezuak gizakiaren batasuna nabarmentzea du helburu, Aristiren esanetan, "mundu osoan gizakia bat eta bera dela".
Mundu arabiarraren inguruko dokumentazio lan zorrotza egin du Irigoienek, eta hainbat adituren laguntzaz osatu du kontakizuna. Aristik dio, "Islamaren mundua ulertzeko, entziklopedia irakurtzea baina hobea da nobela irakurtzea". Prosa aldetik, irakurterraza, "oztoporik jartzen ez duen horietakoa" Aristiren ustez. Iritzi berekoa da Mendiguren, liburuaren ezagurri jo ditu "hizkuntzaren estetika, edertasuna, eta txukuntasuna", eta bestetik, Irigoienek Arma, tiro, bamm! eleberrian erakutsi duen "fabulaziorako ahalmena" goraipatu du argitaletxeko editoreak.
Aurkezpenari amaiera emateko, Irigoienek berak, eleberriaren harira apropos idatzitako sonetoa errezitatu du.