Kultur azpiegiturak

Bi lanuzte deitu dituzte Ubik liburutegiko bitartekariek

Donostiako Tabakalera zentroaren liburutegia da Ubik, eta bertan hamahiru langile ari dira egun, azpikontratatuta. "Prekarietatea" salatzeko, bi orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 17an eta abenduaren lehenean.

Donostiako Tabakaleran dago Ubik sorkuntza liburutegia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2018ko azaroaren 7a
13:46
Entzun

Ubik liburutegiko langileek eta ELA sindikatuak elkarretaratzea egin dute Donostiako Tabakaleraren eraikinaren aurrean, bertako hamahiru langileen baldintza "prekarioak" salatzeko. Sedena enpresa nafarrarentzat egiten dute lan, Tabakalerak azpikontratatutakoa, eta, azaldu dutenez, guztiek goi mailako ikasketak dituzten arren eta nor bere arloan espezializatuta badago ere, 1.000 eurotik beherakoa da jasotzen duten batez besteko soldata. Halaber, kontziliazioa ezinezko egiten duten ordutegiak dituztela, igandez lan egiteagatik ez dutela plusik kobratzen, eta oporrak hartzeko zailtasunak dituztela ere arbuiatu dute. ELAren ustez, Gipuzkoako hitzarmena aplikatu beharko litzaieke liburutegiko langileei, egun ezartzen zaien Espainiako estatu mailakoa beharrean.

Egoera bideratze aldera, bai Sedena enpresarekin bai Tabakalerako arduradunekin elkarrizketak izan dituztela ere azaldu dute. Enpresaren aldetik "hitz politak eta ekintza gutxi" besterik ez dutela jaso txarretsi dute, eta Tabakaleratik, berriz, enpresarekiko arazo bat dela erantzun dietela.

Horiek horrela, bi orduko bi lanuzte antolatu dituzte: hilaren 17an izango da lehena, eta abenduaren lehenean bestea, biak 17:00etatik 19:00etara. Beren egoera hobetzeko akordiorik lortu ezean, grebara joko dutela ere iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.