Bartzelonako Barts aretoan egin zuten sari banaketa, atzo iluntzean. Kukai konpainiak bi hautagaitza zituen Max sarietako finalean, eta bietan jaso du saria. Batetik, dantza antzezle talde onenaren saria eman diote Kukairi (Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya eta Urko Mitxelena). Sabin Bikandik, bestetik, musika konposiziorik onenaren saria lortu du, Kukairen Gelajauziak ikuskizunerako egindako musikarengatik.
Max Sariak 1998an sortu zituen SGAE Fundazioak dantzaren eta antzerkiaren munduko profesionalen lanaren balioa eta denboraldi bakoitzeko ikuskizunak sustatzeko. 2009an, Kukaik errebelazio saria jaso zuen Ttanttakarekin elkarlanean egindako Hnuy Illa ikuskizunarekin, eta 2003an finalista izan zen, 1937, gogoaren bidezidorretatik lanarekin.