Literatura

Bi munduren artean idazle

Asteon bete dira 15o urte Edith Wharton idazle estatubatuarra jaio zela. 'The Age of Innocence' lanaren egileak New Yorkeko gizarte aristokratiko hertsian bizi izandako kontraesanak azaldu zituen, batez ere, bere nobeletan.

gorka erostarbe leunda
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Errealista, naturalista, kolorista lokala eta sentimentalista. Izenondo horiek guztiak erabili izan dituzte Edith Whartonen garai desberdinetako narratibak izendatzeko. Baina, oroz gain, beti bi munduren artean egoteak markatu zuen Whartonen literatura. Amerikako Estatu Batuen eta Europaren artean bizi izan zen. AEBetako gerra zibilean jaio zen, eta Bigarren Mundu Gerra hastear zela hil zen. Whartonen literatura tradizionalistatzat jo duten arren sarri askotan, bere garaiko emakume modernotzat dute beste batzuek, emakumearen, artistaren eta bere herrialdearen garaiko jarrerez, joerez eta loturez kezkatzen zen pertsonatzat. Nobelagile izateaz bat, diseinatzaile eta paisajista ere izan zen.

New Yorkeko aberatsen klaseko segmentu oso berezi batean hazi zen Edith Wharton (1862-1937). Europako aristokraziaren eragina nabarmena zen haren ingurumarian, eta aberats jende horren presentzia nabarmendu egin zen haren nobeletan. Bost urte bete aurretik, Europara joan zen aurrenekoz, bere gurasoekin. Sei urte egin zituen han, eta,23 urterekin Edwards Robin Whartonekin ezkondu ostean, urtero igaro zituen bolada luzeak Europan; Italian lehenik, eta Parisen gero. Han bizi izan zen ia 30 urtez, nobelagile, historiagile, margolari, duke eta markesez inguraturik.

Testuinguru hark besterik iradoki dezakeen arren, Wharton ez zen zorioneko emakume izan. Haurtzaro bakartia izan zuen, bere ama artifiziala baitzen, eta aita, berriz, hotza. Literaturarako zuen senak eta setak harritu egiten zituen familiakoak eta lagunak, haiek ez baitzuten bizitza intelektualik apenas. Behartuta ezkondu zen bera baino askoz ere zaharragoa zen gizonezko batekin —hogei urte geroago banandu ziren—. 29 urterekin hasi zen bere obrak argitaratzen, baina beti bizi izan zuen bizitza pribatuaren eta literatur asmoen arteko talka gordin bat.

Europako nobelagintza kostunbristak AEBetako gizartean leku egin zuenean loratu zen Whartonen literatura. New York aristokratikoan hezi eta hazi zen, hura zen gehien ezagutzen zuen mundua, baita bere nobeletan gehien azaldu zuena ere. Pertsonaien askatasun faltatik eta bakartze sozial eta sexualetik abiatutako sentimenduak arakatu zituen nobela horietan. Gatazka horrek eta soilik klase pribilegiatuak saritzen dituzten lege ekonomiko eta sozialek eragindako buruhausteek zedarritu zuten Whartonen literaturako tragedia.

Henry Jamesen aholkuak

Narrazio laburren bilduma bat kaleratu zuen aurrena, eta 1902an plazaratu zuen lehen nobela: The Valley of Decision, XVIII. mendeko Italia kortesanoan jazotako amodiozko istorio bat. Henry James idazle eta literatur kritikaria Whartonen adiskidea zen, eta liburuaren erreseina laudoriozkoa idatzi zuen, baina beste honako hau ere gaineratu zuen: «Do New York... the first hand account is precious». Alegia, Whartoni esan zion arreta New Yorken jartzeko, eta nork bere larrutan bizitakoa dela ederrena. Hurrengo eleberri gehienetan, Jamesen gomendioak zehatz asko bete zituen Whartonek.

Ezkontideen arteko arazoak, adulterioaren dilema morala, sekula adierazi gabeko pasioa, huts egin duen estrategia erotikoa, maitaleen aukerak zapuzten dituen bizi erritmo desberdina eta abar lantzen zituen nobela horietan. Laburbiltzeko, gizon eta emakumeen arteko harreman pribatuen aldaerak libururatzen zituen, testuinguru oso hertsi batean kokaturik. George Eliot idazle ingelesaren kasuan bezala, eta beste zenbait aurretiazko ez bezala, Whartonek ez zuen alternatibarik topatu aurre egiteko pertsonalki ezagutu zuen bizitza sozial mugatuari. Konpromiso morala erabatekoa dela uste zuen Whartonek, eta haiek bortxatzeak sare sozialak eta pertsonalak hondatzea dakarrela. Bizipen pertsonaletan oinarriturik dagoenean hartzen du indarrik handiena Whartonen nobelagintzak eta fikzionatzeak. Etengabe mugimenduan den New Yorkeko gizarte atzerakoia azaltzen du eleberrietan; New Yorketik bertatik aurrena, eta Europatik hurrena. AEBetako literaturako gizarte gaien historiagile finenetakotzat dute adituek Wharton, oraindik ere. Henry James miretsiak bezala, gaitasuna zuen leku eta geografiei errealitate dramatiko eta moral ikusgarri baten ezaugarriak emateko.

Henry Jamesen aholkuei jarraituz idatzi zuen The House of Mirth (Alaitasunaren etxea). New York hartu zuen erabateko kokaleku, eta oihartzun handia izan zuen jendearengan. Idazle ezagun bihurtu zen Wharton. Lily Bart emakume gazte ederraren istorioa kontatzen du liburu horretan; New Yorkeko bizitza sozialean garrantzia galdu duen aberaskumea da Bart. Ezkontzera behartu nahiko dute, baina hark ezingo du horrelakorik onartu, moralki. Era berean, ez du adorerik izango maitasun harreman bizigarri bat eskaintzen dion Lawrence Selden independente eta inteligentearekin bizitzeko ere, hori ez delako sozialki «onargarria».

Jendeak gehien irakurri duen Whartonen nobela, berriz, Massachussettseko herrixka batean kokaturik zegoen: Ethan Frome (1911). Bere senarrarengandik banandu izan ez balitz igaro behar izango zukeen sufrikarioa kontatzen du, Parisko edota New Yorkeko nobeletan agertzen zuen giza esperientziaren ikuspegi oso antzekoa jorratuz.

Bizitzako azken boladan idatzitakoetatik, A Backward Glance autobiografia (1934) eta The Age of Innocence (1920) nobela nabarmendu dituzte adituek. Nobela horrekin Pulitzer saria irabazi zuen urtebete geroago, eta Martin Scorsesek film arrakastatsu bilakatu zuen, Michelle Pfeiffer, Daniel Day-Lewis eta Winona Ryder aktoreekin. New Yorkeko 1870eko gizartearen erretratua egiten du nobela horretan, konbentzionalismoetatik alde egiteko zailtasunak agerian jarrita maitasun hirukote baten bidez.

Parisen hil zen, 1937ko abuztuaren 11n. Ez dago haren libururik euskarara ekarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.