Literatura

Bi zibilizazioren semea

Egiptoko gizartea zintzotasunez erretratatu zuen, gai unibertsal betierekoak jorratzeaz bat; iragan abenduaren 11n ehun urte beteko zituen Nagib Mahfuz Nobel saridunak.

Nagib Mahfuz idazle egiptoarra (1911-2006), etxean, egunkariak irakurtzen. 100 urte beteko zituen iragan abenduaren 11n. BERRIA / BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Mendebete igaro da Nagib Mahfuz idazle egiptoarra (Kairo, 1911-2006) sortu zela, eta bost urte pasatxo hil zela, baina oraindik bere oroimenak bizirik jarraitzen du, irakurle askoren artean ez ezik, berekin tertuliak partekatzen zituzten herritarren artean ere bai. Ugariak izaten baitziren Mahfuzen inguruan sortzen ziren tertuliak. Bere pasio ugariez jarduten zuten tertulia horietan; besteak beste, bere obretan hain sarri islaturiko Egiptoko gizarteari buruzko erretratuen inguruan jarduten zuten.

Oraindik ere, ostiralero-ostiralero, Mahfuzen lagun talde bat haren etxetik gertu dagoen kafe batean elkartzen da, Kairoko Nilo ibaiaren ekialdeko aldean, haren figura gogora ekartzeko eta haren liburuetako zatiak irakurtzeko. Eta, ezin bestela izan, politikak eta kulturak beti izaten dute leku nabarmena kafe literario tradizionalen tankerako tertulia horietan.

Asteroko hitzordura huts egiten ez duenetako bat Fathi Hashem albaitaria da, Mahfuzek izan zuen adiskide minenetako bat. «Bere nobelak irakurri nituen, eta pentsatu nuen soilik berekin solastea gustatuko litzaidakeela. Bere garaiko beste idazleengandik desberdina zen. Giza kontuez zintzotasun handiz idatzi zuen, eta Egiptoko giza errealitate historikoa kontatu zuen Lehen Mundu Gerratik 1950eko hamarkadara arte», adierazi du berriki egun 75 urte dituen gizasemeak. Idazlea jaio zela ehun urte bete direla eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Egipton, eta Hashem han-hemenka elkarrizketatu dute.

Hashem bera izan zen Mahfuz bere etxetik hitzaldi batera zeramana 1994an islamiar integrista batek labankada batez eraso zionean autora igotzera zihoala: «Labana lepotik kendu nion, eta arriskuan zela sentitu nuen. Ospitalera eraman nuen, eta Poliziari laguntza eman nion». Gertaera haren ondotik, errutinak aldatu, eta hitzaldiak beti leku desberdinetan ematen hasi zen. Hilabete batzuk geroago, Yama Islamiya (asanblea islamikoa) erakundeko bi kide urkatu zituzten hilketa eraso hura egitea leporatuta. Omar Abdel Rahman talde horretako gidari espiritualak idazlea heriotzara zigortu zuen, 1959an idatzitako Awlad harati-na (Gure auzoko seme-alabak)liburua zela kausa. Liburua debekaturik dago Egipton oraindik ere.

Ekintza horiek guztiak ardura gehiago hartzera behartu zuten Mahfuz, baina haren pentsatzeko modua, estiloa eta konpromiso politikoa ez ziren aldatu. Horrela uste du, besteak beste, Mohamed Salmawi idazle egiptoarrak.Hark irakurri zuen Mahfuzen hitzaldia Oslon, 1988an, Nobel saria eman ziotenean, sari banaketa ekitaldian. Hitzaldi horretan Mahfuzek bere burua bi zibilizazioren semetzat hartzen zuen: «Historiaren une batean bikote alaia osatu zuten bi zibilizazioren semea naiz. Bietako lehenengoa, zazpi mila urteko antzinatasuna duena, zibilizazio faraonikoa da; bigarrena, mila eta laurehun urte dituena, zibilizazio islamiarra da», idatzi zuen orduko hartan.

Egiptoko historia arakatuz

Egiptoko historia zaharra ikertuz hasi zuen idazle gisara egindako ibilbidea Nagib Mahfuzek. Ez zuen hori egin literatur eszena garaikidea ulertzeko, eta ezta modu ezkutuko batean hura kritikatzeko ere. Bere herrialdearen identitatea, bai historiari eta bai geografiari dagokionez, aurkitzea zen bere xedea, eta baita arlo pertsonalekoa ere. Gerra, asaldura eta pobrezia garaiak ziren haiek, eta, jakina, iragan urrunean topatu nahi zuen konfiantzazko erreferentzia duinen bat. Idazle arabiarra zen, baina herentzia arabiar eta musulmanaren mugak gainditu eta bere identitate egiptoarra arakatu nahi zuen.

Antzinako Egiptoko historia labur baten itzulpena izan zen Mahfuzek idatzitako lehen liburua. James Baikiek 1932an idatzitako Misr Al-Qadimah, zeina Al-Mayalah Al-Yadidah egunkariak (Aldizkari berria) argitaratu zuen. 1939tik 1945era, hau da, Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen artean, Antzinako Egiptori buruzko hiru nobela plazaratuzituen. 1952an Egipton iraultza piztu bitartean hainbat obra argitaratu zituen, asko nobela historikoak, baina bere hurrengo lanek eman zioten ospea Egipton ez ezik, mundu arabiar guztian ere bai.

1956. eta 1957. urteen artean Kairoko trilogia ondu zuen, monarkiaren ondorengo Egiptoren erradiografia egiten zuen lana, eta horrek idazle oso ezagun bilakatu zuen. Hiru eleberri horietan —Bein el-Qasrein (Jauregiko paseoa), Qasr el-Shoaq (Desiraren jauregia) eta El-Sukkareyya(Azukrearen kalea)—, Egipto garaikide eta kaletarra islatu zuen, kultura ugariren mosaiko bat eginez.

60ko hamarkadatik 80kora bitartean Mahfuzen prestigioa handituz joan zen. Lehendabizi herrialde arabiarretara eta geroago mendebaldera iritsi ziren bere obrak eta bere ospea. 1988an Nobel saria eman ziotenean lortu zuen, ordea, benetako oihartzuna mundu osoan. Oraindik ere, Nobel saria eskuratuduen idazle arabiar bakarra da.

Mahfuzen osasuna etengabe gain behera hasi zen 1994an pairatu zuen erasoaz geroztik. Ikusmenean eta entzumenean kalteak izan zituen, eta eskuin besoa ezin mugiturik geratu zen. Ondorioz, ezin izan zuen normaltasunez idatzi orduz geroztik, baina errehabilitazio saio luzeen ondoren, narrazio oso labur batzuk idazteko gai izan zen, haiku japoniarren tankeran.

Egungo literatura arabiarrean zenbait korronte azaleratzen ari dira, baina modu batera edo bestera, denek aitortzen diote erreferentzialtasuna Mahfuzi. Ibilbide luze oparoan 40 bat nobela eta narrazio liburu —40 hizkuntzatara itzuliak—, prentsa eta pentsaera artikuluak utzi zituen ondare modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.