LIBURU AURRERAPENA

Bichta éder

Euskal kostaldeko jauregi abandonatu batek gordetzen duen negozio iluna ikertuko du Eñaut Oihenart kazetariak, Eneko Bidegainen eleberriko protagonistak. Fikziora itzuli da idazlea, gaur egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere baden thriller politiko batekin.

2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Burdin barren artetik jarri da begira: sasiak hartua du garai batez lorategi izan zena, eta metro erdiko belarraren erdiko bi marra paralelok markatzen dute atarirainoko bidexka. Bista tapatzen duten haritz biluzien artetik nabarmentzen du eraikina, udaberritik aitzina kukuturik legokeena. Parez pare dauka garai bateko maiestatearen arrastoak baizik ez dauzkan jauregi itzalia: erdian, eraikinetik pixka bat aurrerago, ate nagusia eta, haren gainean, ate-leihoa balkoiarekin; alde banatan hiruna leiho handi, orotara hamabi; gainean teilatu nahiko zuta, bost leiho txikiz jantzia; eta, eraikinaren bazterrean, dorre borobil zahar bat, arkitektura orokorrarekin kontrastean. Aitzinean bost eskailera-maila luze dituen ate nagusia zutik dago, kanpo-leiho histuak itxita, baten bat erdi eroria ere, eta teilatuak —ageri den zatiak bederen— osorik dagoela dirudi.

Harresiari jarraikiz abiatu da, oinez, gibeleko edo saihetseko beste sarrera baten bila. Atexka bat aurkitu du, hori ere katez estuki hetsia. Handik ez da gauza handirik ageri, solairu bakarreko eraikin luze bat salbu, ate eta leiho guztiak galdurik, ate batzuek utzitako pasaiaren neurriaren arabera gazteluko zalditegia bide zena.

Material urria, erreportaje baterako. Jauregia doi-doia eta urrunetik baizik ez du ikusi; inguru osoan ez du topo egin balizko obrak iragartzen dituen seinale bakar batekin ere.

Portale parean utzitako autora hurbiltzean, gibeletik hauteman du boz ar bat garrasika:

—Hi! Zer ari haiz hemen?

Garrasiak berak ikaratu du, eta burua haren aldera itzuli duenean, ez da lasaiago gelditu. Bi metroko gizon puska, beltzez jantzia, ilea arrasetik moztua, borra beltza gerritik zintzilik, militar-bota beltzak oinetan, zakur beltza sokatik loturik, erausika...

Gortina gibeletik barrandan dago Eugenia, kuia zuritzen eta zatitzen ari den bitartean, La Re?publique Basco-Be?arnaise-ko orri guztiak eta aldaxkak erre eta supazterrean sua ongi lotu dela segurtatu ondoan. Telebistako irudi mutuaren eta irratiko kalakaren konpainian bizitzen ikasi du, Pitxitxi altzoan eta Xuriko atean. Gogoz ezagutzen ditu inguruko zozoen, papogorrien, untxien, erbien eta sagarroien mugimendu guztiak, zuhaitz bakoitzaren udaberriko, udako eta udazkeneko jantziak... Aurten zein berant utzi duten soineko berdea beroki horiaren truke, gero haizeak orri gorriak eramateko, olerkiz betetzeko astirik utzi gabe! Leiho aitzineko haritza biluztean agertzen da jauregia, urtetik urtera gero eta hitsagoa. «Ikus bazeneza nolakatu den iaztik!». Besaulkiaren pareko paretan zintzilik dagoen senar muturgorriaren argazkiari mintzo zaio. «Baina, zaude! Zaude! Bada mugimendu zerbait, gaur!».

Haren etxe ingurutik ez da nehor pasatzen, Jean-Pierre Xuriren traktorea salbu. Belve?de?re gaztelua neguan baizik ez du ikusten aski garbi. Urtez urte ikusi du distira galtzen, kanpo-leihoak kilikatzen, zenbait teila erortzen, sasiak belarra jaten... Azken hilabeteetan obretako etxola bat jarri dute sarrera nagusian. Eta hango zaindariak nahiago ditu urrun. Zein ere den jauregiaren inguruan dabilen gazte sudur-luze hori, ederki damutuko zaio! Telebistako saioari baino gatz eta piper gehiago aurkitu dio gortinen bestaldeko ikusgarriari.

Formikazko armairu bazterreko koadroko neska gaztearen zuri-beltzezko irribarreari zuzendu zaio gero: «Uste ninan kutxa beltz hori engoitik ez zela zabalduko, baina bazterrak hasi ditun higitzen...».

—Zer ari haiz hemen, e? Ez duk ikusten jabetza pribatua dela?

Uniformedunen artean En?aut gehien ikaratzen eta okaztatzen dutenak dira segurtasuneko agenteak, guardia zibilen ondotik. Okaztatzen, polizia frustratu gisa, poliziak berak baino gaiztoagoak izan litezkeelako, ez daukaten agintea balute bezala jokatu nahi dutenean. Ikaratzen, hain zuzen, beren frustrazio horrek eta benetako aginte falta horrek are erasokorrago bihurtzen dituztelako zenbait, beren burua errespetatzea nahi badute.

Orain erabaki behar du zein taktika erabili: ozenago oihu egin eta tipo horri erakutsi ez duela autoritaterik eta ez daitekeela jar bere gainetik, edo galduarena egin, barkamen alegia herabe bat eskatu eta handik lekutu. Lehen bidea hauta lezake gogotik: «Nor uste duk haizela? Ez, ez nabilek jabego pribatu batean. Bide publiko bat duk hau!». Baina badaki ez dela ausartuko, ez zaiola indarrik aterako eta arriskutsua izan litekeela, ez baitago fidatzerik halako birigarroekin. Eta En?autek nahi duena da argibide gehiago lortu, kontuan hartuta segurtasun agente bat hor gaindi ibiltzea bera ez dela xehetasun txikia. Beraz, ez aterabide oldarkorra ez koldarra ez dira egokiak.

—Barkatu, jauna. Beharbada lagun nazakezu...

—Leku hadi hemendik! Ez duk ulertzen, ala?

—Utz nazazu esplikatzera, otoi...

Saihets hezur inguruak dardarka dauzka En?autek, baina ahalegintzen da kanpora begira irribarrez, apal eta xalo agertzen. Marraska bat izan da erantzuna. Ez daki zaindariarena ala zakurrarena.

—Zera... Erreportaje...

—Kazetari ostia horietako bat haiz? Hoa bista honetatik, ez diagu kazetaririk nahi hemen!

Atx! Zintzoegi jokatu du. Tesia egiten ari den ikaslea zela erran behar zuen... Berantegi...

—Beno... kazetaria... kazetaria... Egia erran ez. Ondareari buruzko aldizkari baterako ari naiz lan bat egiten, baina, berez, historiako irakaslea naiz...

—A! —zaindaria nola jarraitu jakin gabe gelditu da. Oraindik gehiago okaztatzen dute irakasleek, historiako irakasleek bereziki, berak baino anitzez jakitate handiagoa dutelakoan eta bere egoeraren frustrazioa are gehiago azpimarratzen diotelako.

—So egizu. Euskal kostaldeko—Co?te basque terminoa hautatu du Lapurdi edo Euskal Herriaren ordez, piztia jabaltzeko— gaztelu eta jauregi historikoei buruzko monografia bat —monografia hitzarekin duda izan du, aho biko ezpata izan baitaiteke, lana ederresten duelakoan zaindaria are gehiago goxa lezakeen bezala, hitz urrunegiak narda bailezake— idatzi nahi nuke...

Gizandia isilik dago. Marka ona ote? Ala gero bortizkiago jokatuko zaio?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.