Batzuentzat, antzerki eta zinemarako egindako soinu banden egilea da, eta Bernardo Bertolucciren filmik ezagunenaren lanaren sorburua, besterentzat. Inor ez al da Bowles aipatuta literaturaz gogoratuko?
Abenduaren 30ean 100 urte bete ziren Paul Bowles jaio zela. Zenbaitentzat abeslari, besterentzat Bernardo Bertolucciren The Sheltering Sky pelikularen sostengu den liburuaren egile, bere literatur lana ez ahaztekoa izan arren, artista polifazetiko baten adar bat gehiago bezala ikusi izan da Bowlesen idazletza. Beat belaunaldikoek, ordea, haiek bai, haien giro eta balio bereko idazle gisara ikusi zuten. Ispilu bat izan zen Kerouac, eta, gainerakoentzat, esperimentazioan eta kanporako barne bidaiei dagokienez, idazle amerikarra.
Aipatu bezala, 1910eko abenduaren 30ean jaio zen New Yorkeko Long Islanden, eta, musikan bezala, literaturan bide berriekiko grinak markatu zuen bere bidea. 30eko hamarkadan, abangoardien ostean, Parisen zelarik Transition aldizkarian argitaratu zituen lehen ipuinak, eta 40ko hamarkadan The Wind Remains konposatu zuen, Federico Garcia Lorcaren poemetan oinarrituta. Bide bakarra ez, munduak bezala arteak ere, adierazteko bide asko eta askotarikoak eskaintzen zituen, eta horretarako probatu egin behar zen, esperimentatu. Eta esperimentazioa bilaketa da, eta bilatzeak ez du beti aurkitzen denik esan nahi. Aurkitu gabe bilatzen zuen, Europa mendebaldean xerka zebilena hemen ez zuela aurkituko jabetu zen arte. Etorkizun eta erabatekoa zen porrotaz jakitun, exiliatu egin zen munduarenperiferiara, agian han ere aurkitu ez, baina desio zuena bilatzen jarraitzeko.
Maroko bilatu
Mendebaldeko gizartetik ihesi Marokon topatu zuen, beste hainbat gauzarekin batera, bilatzen zuen primitibismo eta naturaltasuna. Idazlea Marokon kokatua, bere pertsonaiak ere Afrika iparraldean zeuden, eta, Europaren begietara, heterodoxoak eta exotikoak ziren lehen bistara. Inpresio batera, eta gehiago garai hartan, mundu berezi eta ezezagun bat gerturatu zuen Bowlesek: geografiaz eta kulturez apartera, pertsona ezagutzen ez duenaren ispiluan islatuta ikustera gonbidatu zuen, bere pertsonaiak ere, bera bezala, errari zebiltzan eta libre ziren itzulerarik gabeko bidaiariak zirenez. Inguruan Saharako desertua eta barruan hura baino desertu handiagoa daraman jendea zen Bowlesen liburuetakoa.
Horixe ote zen beat mugimendua liluratu zuen ezaugarria? William Burroughs Tangerrera joan bazen, ez zen haxixa erretzera bakarrik joan; Bowles bertan bizi zelako joan zen, maisuari bisitan. Ez alferrik, Beat mugimenduko argazkirik ezagunena Villa Mouneiran atera zuten Burroughs, Ginsberg, Summerville eta Orlovskyk, Bowles ondoan zutela, lorategian.
Idazle amerikar errariarentzat, Sahara zen munduko lekurik ederrena, han ez baita ezer: han zeruak argia duela, baina ez dela egiazkoa, han ez baita argirik, gaua besterik ez dela, beti, zioen. Eta Tangerren dena zitzaiola harrigarri, hiria bizia zela, gauzak gertatzen zirela, ezkutukoaren xarma zegoela eta magia apur bat ere bai, hiria zeharkatzen zuten kalexketan. Deskubritzeko dagoen mundu bat azaldu zien beat mugimendukoei Bowlesek. Ez hori bakarrik, baina: jendeak bere baitara begiratuta ezagutzen ez dituen kontinente eta historiak agerrarazi zizkien irakurleei. Eta hori XX. Mendearen erdialdera, Maroko baino arrotzagoa zen jendearentzat.
Hasi, utzi, egin eta amaitu
Bizitza berri baten bila jardute hau, heldu sasoiko erabakia baino, jaiotzetik bertatik harturikoa dela utzi zuen idatzita bere autobiografian. Amonak kontatu zionez, sei asteko bizitza zuela, aitak biluzik hotzetara atera zuen elur ekaitz baten erdian. Gurasoenean babesik aurkituko ez eta bazterrera utziko ez zuen aterbe baten bila ibili zen zen bere bizitza osoan. Literatura izan zen bere babesik handiena: haurretan animaliei buruzko istorioak, 15 urterekin poliziakoak eta azkenik poemak, surrealisten itzalera Eugene Jolasek zabaldu zuen aldizkarian.
Abangoardiak atzean geratu ziren adierazteko bide berriak bilatu beharrik ez zen garai hartan: New Yorketik aldenduta, belaunaldi galduko Ezra Pound, Djunia Barne eta Gertrude Stein ezagutu zituen Parisen: haien ondoan, baina, ez zuela literaturarako balioko, eta musikara bideratu zituen urratsak.
Haren jaiotzaren mendeurrena baliatuta, Alfaguara argitaletxeak haren ipuinen bilduma bat argitaratu du. Pound, Barne eta Steini aurpegira lotsarik gabe begiratzeko ipuinak dira: artifiziorik gabeko adierazpidea, istorio sinplearen benetakotasuna, literaturaren esan beharra eta esanahia biltzen dituzte euren barnean. Haren laudorio, Gore Vidalek, Paul Bowlesenak, inoiz AEBetako idazle batek idatzitako ipuinik onenak zirela esan zuen, eta munduko edozein idazlek idatzitako onenen artean kokatu zuen Norman Mailerrek. Estiloan ote dago bere magia? Istorioan? Bien nahasketan?
Nago, kultur ezberdintasunak gaindituta, jendeen barneko putzura egiten duela Bowlesek bere narrazioetan, eta haien desirak eta izuak ezagutuz, gogoaren nahiei zoritxarraren patuarekin erantzuten diela. Mundu osoa pertsonaren baitan dagoela, ez hiri, baso edo desertuetan, esaten du. Horrela, disekzionatu egiten du pertsonaren egunerokoa: berdin dio non, berdin dio islamzale edo kristau, isilik edo adierazten den, Bowlesen bidez, giza-bizitzaren zentzurik gabeko keinuak errepikatzen dituzte pertsonaiek. Baina zertarako ulertu nahi zituen pertsonak, berak, bere larru-gogoan nozituta, ongi jakin bazekien bizitza nahi gabe egiten den bidaia esperimental bat dela?
Paul Bowles 1999ko azaroan hil zen, baina 2010eko abenduaren 30ean, 100 urte beteko zituen bizirik balitz. Horren aitzakian, ipuin bilduma bat eta Marokon geografiko eta historikoan barrena egindako bidaia Puntos en el tiempo argitaratu berri dituzte. Ederra da lan bakarrean, aspaldiko eta ez hain aspaldiko lanak irakurtzeko parada eskaintzea: han ikusiko da amerikar bohemio bat afrika iparraldean, turista izan nahi ez eta kolonialismo politiko-kulturalaren muga urratzeko zorian, bere bizimodu, pena eta halabeharrekin. Ez ote zuen, Vicente Molina Foixek idatzi bezala, zibilizazioen talka edo elkarbizitza zaila aurreratu? Bestearekiko sumoa, errari ibiltzearen askatasuna, bilatu arren ez aurkitzeko patua ez al zituen hitzetara ekarri, gizarte ultramoderno honetako ezaugarrri berezko izango zirenak aurreratuz?
Estetika baten ederraz gainera, bi munduren talka utzi zuen agerian: mendebaldeko kulturarena eta afrika deskubritu gabearena batetik, kanpo mundu eta barne galderena bestetik. Gauza handiak dira, Bowles zinema eta kantuarekin bakarrik lotzeko.
Bidaia esperimentalean errari
Zergatik gogoratzen da idazle bat? Bere liburuengatik behar luke, bertan dauden hitzengatik: esaldi gogoangarriren batengatik edo xehetasunez egoera bat deskribatzeko erakusten duen bertutearengatik, mundu bat erakusteagatik... baina hitzak adierazpide asko ditu eta kantuak edo zinema ere literatura dira (edo izan daitezke bederen). Ez al da Paul Bowles horren adibide?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu