Bidaiarako gonbit bat

Aitzol eta Ainhoa bikoteak lehen lana kaleratu du: 'Ezbaian'. Bederatzi kanta propio sortu dituzte, eta inguruko lagunen kolaborazioa izan dute

Aitzol eta Ainhoa bikotearen emanaldi bat. AITZOL ETA AINHOA.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Lehenengo abestia Bidaia da. Kontzertuak beti planteatzen ditugu bidaia bat izango balira bezala, eta jendea gonbidatzen dugu gurekin bidaiatzera». Ainhoa Urteaga zumaiarrak eta Aitzol Ibarloza donostiarrak lehen diskoa kaleratu dute: Ezbaian. Bederatzi kantaz osatutako lana da, eta «barne bidaia» egitea proposatzen die entzuleei. Musika erregistro zabala erabili dute, instrumentu ugarirekin eta ingurukoen kolaborazioarekin.

Unibertsitate garaian ezagutu zuten elkar musikariek, Bilbon, eta han hasi ziren elkarrekin abesten. Pianoa jotzen zuen Urteagak, eta gitarra Ibarlozak. Separatu egin ziren gero, eta urte batzuen buruan berriz heldu zioten harremanari. Kontzertuak ematen hasi, eta galdera sortu zitzaien: zergatik ez disko bat egin? Hala sortu dute Ezbaian.

Biek zituzten eurek sortutako kantak, «ez disko bati begira eginikoak», Ibarzolak zehaztu duenez, baina grina piztu zitzaien hiru-lau abesti horiei jarraipena emateko. «Nire musikako maletan banituen melodia batzuk etaletra batzuk». Baita Urteagak ere, eta, hala, melodia eta letra horiei forma ematen hasi ziren.

Ibarlozaren arabera, musika sentipenak askatzeko baliatzen du: «Sortzen nituen melodiak niretzat izaten ziren, idazteko modu bat bezala». Landutako gaiak egunerokoak dira: maitasuna, heriotza, laguntasuna... Hori horrela, jendea islatuta senti daitekeela uste du: «Mundu guztia ukitzen duten gaiak dira, eta zuk abesti bat entzuten duzunean, zure ikuspuntutik entzuten duzu».

«Forma eta kolore asko»

Barruak eskatzen zienaren arabera erabaki dute kantuei zer forma eman. Diskoa kaleratu aurretik, akustikoan jotzen zuten dena —piano eta gitarrarekin—, baina horri beste buelta bat eman diote: «Konturatu ginen gure inguruan musikari pila bat zeudela, familiakoak, lagunak, baita ezagunak ere». Abesti bakoitzak zer behar zuen hausnartu, eta haiengana jo zuten. «Adibidez, Lore. Laguntasunari buruzkoa da, eta pixka bat goxoagoak diren instrumentuak sartu nahi genituen, biolontxeloa eta». Baxua, bateria, ukelelea, panderoa eta beste ere erabili dituzte. Hainbeste kolaboraziok diskoari «aberastasuna» ematen diola iritzi dio musikariak.

Buruhaustea izan daiteke disko bati izena jartzea, hura definitzen duen hitz gakoa aurkitzea. Inprobisaziotik jo zuten Urteagak eta Ibarlozak: «Zerk bereizten du disko hau? Gure ustez, mota askotako abestiak izateak: batzuk rockeroak, besteak oso melodikoak, eta derrepente txaranga bat ere baduzu. Forma eta kolore askokoa da». Ideia zaparradaren artean bururatu zitzaien Ezbaian, «nahasketa horregatik», ildo definitu bat ez izateagatik. Halaber, euren izenekin osatu dute taldearen izena: Ainhoa eta Aitzol. «Ez zegoen ezer Ainhoa eta Aitzol baino gehiago konbentzitzen gintuenik».

Jada egin dituzte diskoa aurkezteko lehen kontzertuak, eta, uztailean atseden hartu ondoren, abuztuan ekingo diote berriz bidaiari. Ibarlozak azaldu du diskoa sortzeko prozesua aberasgarria izan dela, baina, aldi berean, «nekagarria». «Ez genituen horretarako baliabideak, ez pertsonalak eta ez ekonomikoak. Prozesua nahiko luzea izan da. Orain, diskoa kaleratu eta kontzertuak ematen hastea energia txutea izan da guretzako». Gustura daude izandako harrerarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.