Berria.info-k streaming bidez zuzenean eskaini du Bide Ertzean taldearen disko berriaren aurkezpena. 1998an talde moduan abiatu zen hirukoteak 77 diskoa aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokian. Taldeko kideez gain, Gaztelupeko Hotsak zigiluko kideek ere hartuko dute parte prentsaurrekoan. "1977. Euskal Herria. Askatasuna, maitasuna, berdintasuna bizi eta gozatu nahi duen gazteria. Feminismoa eta ekologismoaren agerpena, ikastolen loraldia, alderdien legeztatzea, sindikatuen indartzea… 40 urteko gau beltzaren ondoren, orduko gazte belaunaldi haren ahalegina ez zen hutsala izan. Lan berri honetan, 70eko hamarkadan ipini dugu begipuntua”, idatzi dute taldearen webgunean.
Harriak hegan kantuarekin hasten da 77 diskoa. “Kantu horrekin bideo zoragarria egin du Angel Aldarondok”, taldeko kideen esanetan.
Emanaldiak urrian hasiko dituzte. Urriaren 12an Ondarruko Maribillin eskainiko dute kontzertua, urriaren 17an Arrasateko gaztetxean, 24an Donostiako Gasteszenan, 25ean Bartzelonan, 31n Azkoitiako Matadeixen eta azaroaren 14an Barañaingo auditorioan.