Bide Ertzean musika taldearen hemezortzi urteko ibilbidea jaso du Jon Eskisabel kazetariak Zutaz kantatzeko liburuan. Taldeko musikariek proposatuta abiatu zen Eskisabel lanean, eta bandaren inguruan ibilitako hainbat pertsona elkarrizketatu eta dokumentazio lana egin ostean ondu du liburua. Gaur Donostian egindako aurkezpenean adierazi duenez, "aurreiritziak" izan zituen lanari ekiteko garaian, dioenez, ez baitago euskal tradizioan musika taldeei buruzko liburuak egiteko ohiturarik. "Eta are gutxiago ustez liburu batera eramateko baldintzak beterzen ez dituen talde baten kasuan". Alde horretatik, Bide Ertzean, ibilbide bat osatu eta izena irabazi izanagatik, "talde minoritarioa" dela gogoratu du.
Edonola, argi zuen Eskisabelek taldeak "alde interesgarri bat" bazuela, eta alderdi hori jaso du bere liburuan. Bide Ertzeanek 90ko hamarkadaren bukaeran pop estiloaren eta poesiaren alde egindako "apustu estetikoa" nabarmendu du kazetariak, eta horrekin batera "poparen estereotipoekin hautsi" izana aitortu dio taldeari. Bide beretik, "bere garaiaren argazkia" egiteko taldeak beti izandako kezka azpimarratu du. Gainera, Bide Ertzeanek "bere garaian ohikoak ez ziren baloreak" transmititu dituela uste du Eskisabelek, tartean, afektibitatea eta enpatia. "Munduan kokatzeko modu bat transmititu du".
Gorka Urbizuk egin du liburuaren hitzaurrea, "laburra baina ederrra" Eskisabelen hitzetan, eta bost idazlek —Gotzon Barandiaran, Castillo Suarez, Igor Estankona, Itxaro Borda eta Jon Benito— taldeari buruz idatzitakoak ere jaso dituzte.
Ganbaratik diskora
Liburuarekin batera, urteetan estudioetako diskoetatik kanpo utzitako kantak eta bestelako pieza berezi batzuk bildu ditu Bide Ertzeanek liburuaren izen bera duen disko berri batean. Imanol Ubeda taldekideak azaldu du horren nondik norakoa: "Iruditzen zitzaigun gauza dexente pilatzen ari zirela, eta egun batean okurritu zitzaigun ganbarara igotzea eta orden pixka bat egitea". Orden horretatik osatu dute oraingo bilduma: orain arte grabatu gabeko kantekin batera, argitaratutako batzuen moldaketak, irratian zuzenean jotakoak edota remix bat aurki daitezke, besteak beste. Taldearen 18 urteko ibilbidean zehar egindako kantak dira, baina halere, ez dira taldearen bidearen "erakusgarri", Ubedaren hitzetan. Eta halere, balio dezakete Bide Ertzeanen "argazki osatuago" bat egiteko, eta taldearen alde ezkutu hori ezagutzeko.
2017arekin batera etenaldi mugagabea egingo du taldeak, baina lau emanaldi emango dituzte aurretik, abenduan. Durangoko Plateruenan abenduaren 6an egongo dira, 15ean Bilboko Kafe Antzokian, 18an Donostiako Antzoki Zaharrean eta 29an Iruñeko Iturrama auzoko Civivoxean.