Bidegabekerien poesia

Guatemalako errealitatetik hasita mundura hedatzen den sufrimendua islatu du Regina Jose Galindok 'Oilo ipurdia' erakusketan1999. urtetik egin dituen 30 arte ekintzen laburpena dago bilduta Artiumen

Regina Jose Galindok muturrera eramaten ditu arte ekintzak, atzean duen Aitortza ekintza kasu. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Oilo ipurdia. Erakusketaren izenak ez du ezustekorako tarterik uzten. Regina Jose Galindok (Guatemalako Hiria, Guatemala, 1974) 1999. urtetik egin dituen arte ekintzak biltzen ditu erakusketak. Arte ekintza horien krudeltasun osoa. Horien poesia osoa. Guatemalako azken hamarkadetan bizi izandako egoerak baliatu ditu mundu osoan gertatzen diren bidegabekeriez hitz egiteko. Muturrera eramaten ditu egoera horiek, beti sinbolismo handiko ekintzen bitartez. Bidegabekeriei poesiaren bidetik helduz.

Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko Iparra aretoan Galindok landutako gaiak daude bilduta. Guatemalako indigenek jasan duten errepresioa, emakumeen kontrako indarkeria, lehengaien espoliazioa, garaitutako herrialdeak eta herrialde garaileak... 1999. urtetik heldu die egoera horiei arte ekintzen bitartez, eta, kasu gehienetan, artista bera izan da ekintza horien euskarria. Artistak bere gorputzean bertan idazten ditu ekintzen metaforak, eta, zenbaitetan, modu literalean egiten du.

Galindok Iberiar penintsulan egiten duen lehen erakusketa handia da Artiumekoa. Artean olerkigintzaren bidez sartu zen, eta 1999. urtean hasi zituen arte ekintzak. Oilo ipurdia erakusketak ordutik egin dituen 30 ekintza hartzen ditu, bideo, argazki zein bestelako euskarrien bitartez. Orain arte egindako lanaz gain, Galindok bere azken arte ekintza egin zuen atzo arratsaldean, erakusketaren inaugurazioarekin batera.

Ekintzetan erabilitako objektuak eta paretetan idatzitako artistaren olerkiak ere ikus daitezke erakusketan aurrera egin ahala. Gelaz gela egiten den bidaian aurrera egiten laguntzen dute, eta are indar handiagoa ematen diete ekintzetako metaforei.

Bost geltokiko bidaia

Maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai erakusketa, eta bost zatitan banatu dute. Ikusleari proposatzen dion bidaiaren lehen geltokian, enuntziatua da ardatza. Hitzak du garrantzia. Ildo horretan doa Perra artelana, non Galindok bere azalean perra hitza (txakurra) mozten duen laban batekin. «Gizonak tiroz hiltzen dituzte Guatemalan, baina emakumeak torturatu egiten dituzte hil aurretik».

Erakusketaren bigarren geldialdian, Galindo beste pertsonen egoeraz jabetzen da. Besteak beste, Angelina lanean laburbiltzen du etxeko langile bihurtu zen hilabetea. «Esklabotza modernoak islatzen duen uniformea jantzi, eta nire bizimodua errotik aldatu zen». Bestalde, Mientras, ellos siguen libres lanak Guatemalako 1970 eta 80ko hamarkadetako gatazka armatua gogorarazten du. Garai horretan, emakume indigenen aurkako indarkeria gordintasunez islatzen du, baita herri indigena bukatzeko ahalegina ere.

Hirugarren gelan, indarkeria ekintzek dute lehentasuna, hark jasan dituen tortura mota ezberdinen bitartez. «Salatu bainoago, eztabaida sortu nahi dut; botereak zein egoera erabiltzen dituen erakutsi nahi ditut».

Veneziako Biurtekoa (Italia) irudikatzen du erakusketako laugarren geltokiak, guztien artean handienak. Bertan proposatzen dituen eztabaiden artean trauma historikoari buruzkoak du pisu gehien. ¿Quién puede borrar las huellas? (Nork ezaba ditzake aztarnak?) arte ekintzaren bideoa ikus daiteke bertan. Artistak Konstituzio Gortetik Guatemalako Nazio Jauregiraino doan bidea egin zuen, oinak odoletan blai zituela. Efrain Rios Montt Guatemalako diktadoreak gizateriaren aurkako delituetan izan zuen parte hartzea irudikatu nahi izan zuen ekintza horretan.

Herrialde garatuek Guatemalan egindako espoliazioa, emamintzak berregiteko ebakuntzak, Guatemalan hildako emakumeak... Azaleratutako gaiak ezberdinak izan arren, bi ezaugarri errepikatzen dira: arte ekintzaren euskarria artistaren gorputza da, eta ekintza egin zuen herrialdearen biztanleekin lotura bilatzen du. «Leku bakoitzeko egoeraz jabetzen saiatzen naiz, ikusleekin komunikazio hobea izateko».

Erakusketaren azken geltokian ekintza besteen esku utzi du Galindok, gizartearen abusuak eta bidegabekeriak azalarazteko. Ikusleari oilo ipurdia jartzeko, baina betiere sinbologiaz betetako irudiekin. Bidegabekeriei poesiaren bidetik helduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.