Kritika. Musika

Bigarrenean, zaplaztekoa

Yard Act taldearen 'Where's My Utopia?' diskoaren azala.
Yard Act taldearen 'Where's My Utopia?' diskoaren azala.
2024ko martxoaren 17a
05:10
Entzun

Yard act

1970eko hamarkadaren amaieran, Ingalaterrako Leeds hiriko unibertsitatean, Erresuma Batuko post-punkari sekulako ekarpena egin zion eszena politiko eta musikal txiki bat eratu zen, zeinetan hiru ziren protagonista nagusiak: Gang of Four, Mekons eta Delta 5 bandak. Hala, futbolagatik ez ezik, Leeds ezagun eta funtsezko bihurtu zen Erresuma Batuko post-punk olatuaren garapenean izan zuen eraginagatik ere. Leedsekin batera, jakina, Manchester hiriko The Hacienda eraikuntzaren inguruan osatu zen mugimendua ere ezinbestekoa izan zen punk uhin berriak lurralde osoan hedatzeko, gehienbat Buzzcocks, Joy Division eta The Fall taldeen eskutik.

Bada, 2019an, Leedseko lau musikari lokal berean batu ziren, beren aurrekari herrikideen irakaspenak sakon bereganatu eta barreiatzeko, betiere The Fallen itzalari ondo eta estu itsatsita, Mark E. Smith ahalguztidunaren hitz txistukatuetatik eta erritmo angeluar eta errepikakorretatik ihes egiterik ez baitago.

Hala, 2022an, The Overload estreinako lana plazaratu zuten, eta hedabideek «boladan dagoen punk banda» izendatu zuten. Taldeak nahikoa arrakasta lortu zuen, batez ere bere zuzenekoak tarteko. Ondorioz, Fountaines DC, Fat White Family eta Sleaford Mods taldeen parean kokatu zuten kuadrilla berria. Hori dela eta, entzuleria eta adituak irrikan zeuden bigarren lana noiz iritsiko, erronka ez baitzen edonolakoa. Mantenduko al zuen bandak hasierako maila?

Horiek horrela, iritsi zaigu laukotearen bigarren ahalegina. Oraingoan, Island Records marka prestigiotsuaren bultzadarekin, zeinak, ezinbestez, grabatzeko aurrekontu handiagoa dakarren. Baliabide hazkunde hori tarteko, britainiarrek Gorillaz taldeko Remi Kabaka Jr. kontratatu dute bigarren grabazioa jasotzeko, eta emaitza aparta da: koloretsua eta dantzaria, psikodelikoa eta beltza, soulzalea, jazz espiritualetik edaten duten flautekin jantzia, hedonista eta politikoa, hip-hop oihartzuna haizatzen duena, spoken word-aren pareko etorria erakusten duena… Nik neuk hiru kantu entzun nituen plataforma batean, eta, ziztuan, itsu-itsuan eta erabat sorginduta eskuratu nuen binilozko formatuan.

Edukiari dagokionez, diskoa festa bat da, soinu-parranda bat, non Remi Kabaka Jr. ekoizleak zuzendutako konponketak diskoaren ertz guztietatik azaleratzen diren; besteak beste, soka-instrumentuak, gospel kutsuko emakumezko ahotsak eta hip-hop estiloko sampling-ak.

Horiek guztiak, baina, Mark E. Smithen erretolikatik zanga-zanga edaten jarraitzen duen James Smithen ahotsaren eta ahoskatzearen eta Ryan Needhamen funk tankerako baxuaren kolpeen inguruan korapilatzen dira, bi elementuok kantuen bizkarrezur bihurtzeraino. Erreferentzia multzo amaigabea da, Talking Heads, B-52's, Public Enemy... Edo, begirada gurera ekarriz gero, M-ak zein Pony Bravo andaluziarrak —azken horiek lan berria iragarri dute oraintsu—. Finean, kirioak (edo aldakak) astintzeko deskarga (edo plastada).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.