Txalo zaparrada eta burrunba indartsuarekin zoriodu dute Lujanbio Barakaldoko BECen (Bizkaia) bildu diren 14.000 entzuleek. Hona txapeldunak bota duen azken agurra:
Herri hau herri egin al dugu
ze eman du bizikidetzak
zenbat eman du euskalduntzeak
ez behar beste guretzat
berrogei urte ta garaia da
egurasteko ametsak
akaso hortan bertsolaritza
ona da adibidetzat
beti ez dugu goitik behera egiten
trasmisioaren trentzak
guk behetik gora ikasi dugu
ta zabaldu muga ertzak
lehengoekin ta gaurkoengandik
txapel hau gerokoentzat
Maialen Lujanbioren atzetik, ondorengoa izan da gainontzeko finalisten sailkapena:
2. Mendiluze. 1.684 punturekin
3. Sustrai Colina. 1.117 punturekin
4. Amets Arzallus. 1.136 punturekin
5. Igor Elortza. 1.124 punturekin
6. Aitor Sarriegi 1.107,5 punturekin
7. Beñat Gaztelumendi 1.076,5 punturekin
8. Unai Agirre 1.072,5 punturekin
Unai Agirrek hasi ditu agurren txanda. Hunkituta jakinarazi du txapelketara gehiago ez aurkeztea pentsatua zuen arren, ez dela erretiratuko. Eta entzuleari esan dio: "Zure kulpa da garbi neukana / zalantzan jarri izana".
Gaztelumendik esker zerrenda luzea errepasatu du, gaurko saioa astinaldia izatea espero duela esan du, "herri hau beste erabatera eraiki nahi dugunontzat".
Agirrek ez bezala, Sarriegik eutsi egin dio txapelketara ez itzultzeko iragarri zuen asmoari, eta zaleei zuzendu zaie: "Aurkitu ahalko nauzue / maite ditudan gauzetan / eta horien arten / euskal herriko plazetan".
Igor Elortzak ere agur esan dio txapelketari. "Agur nik ere agur / gaur txapelketari" hasi du agurra.
Zaleek babes handia erakutsi diote Arzallus azken txapeldunari, agurra abestera mikrofonora hurbildu denean. Presoei egin die aipamena, eta txaloekin erantzun dute entzuleek. "Nik euskaratik sakondu / nahiko nuke subirautzan", gaineratu du. Azkenik, bake prozesuari egin dio erreferentzia, eta Luhuso eredu hartuta herritarren engaiamendua galdegin du: "Denek parte hartu behar dugu / bakearen artisautzan".
Sustrai Colinak Urruñakoa (Laupurdi) dela eta Iruñean bizi dela nabarmendu ostean honakoa bota du agurrean: "Euskal Herria gelditu / ez dadin euskal erdian / bila ditzagun arnas ta / ardatzak periferian".
Mendiluzek eguneroko jardunari eman dio balioa, txapelketaren ohiartzunaren gainetik: "Bihar goizean esnatu eta / aparra pasa denean / berriz sinisten segi dezagun / eguneroko lanean".