Bihar hasiko da Bartzelonan Euskal Herriko musikari eskainitako EH Sona jaialdia

The Kluba, Joseba Tapia, Sorkun, Gari, Bide Ertzean eta Oreka TX taldeak ariko dira, besteak beste

Erredakzioa
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko musika Bartzelonara eramateko sortu zen EH Sona jaialdia, eta hamahirugarren aldia du aurtengoa. Udazken osorako egitaraua prestatu dute, eta bihar hasiko dira kontzertuak, Skalariak taldeko kide ohi Juantxo Skalari musikariak zuzendutako The Kluba ska-rock taldeak Plaça del Rei-n egingo duen emanaldiarekin.

Krisia zela eta jaialdiari bere horretan eutsi edo berregituratzeko dudatan izan ziren antolatzaileak iaz, baina, azkenean, ordura arteko formatuari eustea erabaki zuten, eta hala egin dute aurten ere. Bina kontzertu izango dituzte abenduaren 11ra arteko asteburuetan, ostiralero eta larunbatero.

Euskal Etxean izango dira emanaldi gehienak, baina CAT aretoan, Elizalde etxean, La Fontanan eta Sant Agusti komentuan ere izango dira kontzertuak. Hamalau talde ariko dira, guztira. Malenkonia eta Joseba Tapia ariko dira azaroaren 5ean eta 6an, hurrenez hurren; Amaia Riouspeyrous eta Andoni Agirre 12an eta 13an; Gose eta Ze Esatek! 19an eta 20an; Oreka TX eta Napoka Iria 26an eta 27an; Aupa Quartet eta Sorkun 3an eta 4an; eta Gari eta Bide Ertzean abenduko lehen asteburuan.

Kontzertuez gain, kantu afaria ere egingo dute azaroaren 13an Euskal Etxean, eta bi hitzaldik osatuko dute aurtengo egitaraua. Euskal punkari buruz arituko da Ibai Atutxa azaroaren 17an, eta Euskal musika: punk jarrera eta pop sentsibilitatea hitzaldia emango du Josu Larrinagak azaroaren 24an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.