Topaguneak aurtengo Laburbira zirkuitua aurkeztu du gaur goizean. Joan den urteko ikus-entzunezko lan laburren erakusleiho izango da, eta herriz herri ikusi ahal izango dira, bihar hasita, Topagunearen eta tokian tokiko euskara elkarteen eskutik. Apirilaren 16a bitartean hogetia zazpi herritan izango da, tartean baita Londresen ere.
Bederatzi lan eskainiko ditu Laburbirak, 2009an eta 2010ean ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Hala, Asier Altuna eta Angel Aldarondo zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindik hain ezagunak ez diren Kepa Errasti, Jon Artola, Saioa Aizpurua, Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalera zuzendarienak ere.
Bihar Bergaran (Gipuzkoa) abiatuko dute. Tartean 2010eko Kameratoian parte hartu zuten hiru lan ere ikusi ahal izango dira. Euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena ezagutaraztea du helburu Laburbirak, eta aurtengoa zortzigarren aldia du. Emanaldi bakoitzaren ondoren, gainera, sortzaileekin solasteko aukera izango da.
Laburbirak Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien babesa du, eta Euskadiko Filmotekaren, BERRIAren eta Korrika Kulturalaren laguntza. Gaur aurkeztu dute aurtengo edizioa, Donostian.