Helduentzat antolatuta dauden ikuskizunez gain, Musika Hamabostaldiak umeentzako bi proposamen ere izango ditu. Doakoak dira biak, baina aurrez izena eman beharko da Tabakalerako webgunean. Bihar izango da Haurren Hamabostaldiko lehen ekitaldia: Sagutxo tuntuna. Ganbera musika taldea, dantzariak, txotxongiloak eta narratzaile bat bilduko ditu emanaldiak. 2 eta 6 urte bitarteko umeentzat aproposa da, eta Tabakalerako Patioan ikusi ahal izango da, 17:00etan.
Xostakovitxen Sagu txiki eta kaiku bat haurrentzako operaren moldaketa da, BapoBapo Produkzioak-ek ekoitzia. Maider Lopez eta Elena Bezanilla izan dira zuzendari artistikoak eta eszena zuzendariak, eta Juan Kruz Igerabide, berriz, gidoilaria. Koreografia eta dantza Inalvis Pradorenak dira, Anita Maravillas arituko da txotxongiloekin, eta Carmen M. Guerra zein Aitor Gullon txirula eta fagotarekin, hurrenez hurren.
Bigarrena eta azkena, 22an
Estreinaldi batekin bukatuko da aurtengo Haurren Hamabostaldia. Abuztuaren 22an, 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat prestatutako Zu haitz ez Tabakalerako Patioan ikusi ahal izango da, 17:00etan.
Ikuskizunak Etienne Danielen L'arbre-chanson du oinarri, eta Easo Eskolaniak nahiz Easo Gazte Abesbatzak parte hartuko dute. Arbolen mugimendua abestien bitartez irudikatzea du helburu obrak. Gorka Miradak zuzendu du musika arloa, eta Mafalda Saloiok, berriz, artistikoa.
Bihar izango da Haurren Hamabostaldiko bi emanaldietako lehena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu