Ez bat, ez bi: lau dira The Tourist filmean nabarmentzen ahal diren izen nagusiak: Angelina Jolie, Johnny Depp, Florian Henckel von Donnersmarck eta Venezia.
Jolie izan omen da proiektu honen bultzatzaile nagusietakoa. Harengana ailegatu zenerako, Hollywooden barna hainbat buelta eginak zituen gidoiak. Zuzendarien artean Lasse Hallstromek ibili zuen esku artean, baina ez zuen aurrera egin. Halaber, hainbat aktoreren izenak agertu izan dira azkenean The Tourist izan denari lotuta: Charlize Theron, Tom Cruise eta Sam Worthington, esaterako. Baina Angelina Joliek bere egin eta hark oso gustuko duen zuzendari europar bati proposatu zion, Henckel von Donnersmarcki.
Horrela agertu zen bigarren izena. Zuzendari alemaniarrak arrakasta handia lortu zuen mundu osoan bere estreinako pelikularekin, Besteren bizitza-rekin. Ekialdeko Alemanian girotutako espioitza istorio trinkoarekin hamaika sari eskuratu zituen; tartean, ingelesez besteko lan onenaren Oscar saria. Horrek, jakina, Hollywoodeko atea parez pare ireki zion.
Baina Henckel von Donnersmarckek ez zuen bere etorkizun hurbila AEBetako zineman ikusten, eta beste thriller politiko ilun baten prestaketan ari zen lanean. Jolieren proposamena ailegatu zitzaionean, iritzia aldatu zuen. Bere burua pelikula mota jakin batekin lotzeko arriskua ikusi zuen, eta oniritzia eman zion bestelako bide bat urratzeari. Baiezkoa eman zion Jolieri, baiezkoa The Tourist-i.
Hirugarren izena Johnny Deppena da. Jack Sparrow piratarena egiten eman ditu azken urteak, eta, horri esker, izugarrizko ospea lortu du Tim Burtonen aktore kutunak. Jolie eta Depp egun Hollywoodeko izarrik distiratsuenak dira, baina, bitxia bada ere, ez zuten elkar ezagutzen. The Tourist-en parte hartzeko gonbita onartzean, ikusmin handia sortu zuen bikotearen lehenbiziko topaketak. Biek bazekiten elkarrekin lan egiteak izugarrizko morboa eragingo zuela.
Behin horiek lotuta, neurriko agertokia behar zuen istorioak. Zuzendariak ez zuen bitan pentsatu: Venezia zen istorioari are distira handiagoa ematen ahal zion hiri bakarra. Oso argi zuen zein film mota egin nahi zuen: garai bateko suspense komedia erromantiko dotoreak zituen gogoan, hala nola Charade (Stanley Donen, 1963) eta To Catch a Thief (Alfred Hitchcock, 1955). Hortaz, Venezian behar zuen izan, nahiz eta ubideetako hiria oso leku bihurria den filmaketa bat aurrera eramateko.
Luxuzko ekoizpena
Osagai horiekin guztiekin, prest zegoen The Tourist, luxuzko ekoizpena, zuzendari errespetatu baten aginduetara lehen aldiz bi izar handi eta eder elkartu dituena, toki paregabe batean. Hori bai, berez ez da film originala, Frantziako film baten remake-a baizik: Anthony Zimmer (Jerome Salle, 2005), Sophie Marceau eta Yvan Attal protagonista dituena.
Frank estatubatuarrak Europara bidaia bat egitea erabaki du. Arrazoi nagusia sorterrian izan duen maitasun nahigabe bat ahaztea da. Hasiera batean, Paris bisitatu du, eta handik Veneziara egin du. Gutxien espero duenean, Elise ezagutu eta harekin erlazio bitxi bat hasi du, ez baitaki oso ongi emakumeak zer nahi duen. Elisek, berriz, Frankekiko elkartzeak nahita prestatu ditu, dituen planak aurrera eramateko ezinbestekoa baitzaio Frank ondoan izatea.
'THE TOURIST'
Zuzendaria: Florian Henckel von Donnersmarck.
Aktoreak: Johnny Depp, Angelina Jolie, Paul Bettany, Timothy Dalton, Rufus Sewell, Bruno Wolkowitch.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2010.
Iraupena: 103 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Hilaren 15ean estreinatu zuten Ipar Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Bikotearen xarma eta hiriaren ederra
'The Tourist'-en lehen aldiz egin dute lan elkarrekin Johnny Depp eta Angelina Joliek'Besteren bizitza' film arrakastatsuaren egile Henckel von Donnersmarck-ek zuzendu du Venezian kokaturiko suspense komedia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu