Bilbo, gogoetarako gune

Nazioarteko 18 idazle, artista, kazetari eta pentsalari bilduko dira 'Mundua aldatzeko ideiak' jardunaldietan

Mikel Toral eta Antonio Rivera, atzo, Mundua aldatzeko ideiak jardunaldien aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Nazioarteko hemezortzi pentsalari, artista eta sortzailek hitzordua izango dute Bilboko Euskalduna jauregian uztailaren 5etik 7ra bitartean, Mundua aldatzeko ideiak jardunaldietan. Besteak beste, Zygmunt Bauman filosofo poloniarra, Amy Goodman kazetari estatubatuarra, Alessandro Baricco idazle italiarra eta Luisa Etxenike idazle donostiarra izango dira. Hizlariak binaka arituko dira, moderatzaile baten gidaritzapean; Bauman eta Goodman kenduta. Bi haiek banaka jardungo dute. Egunero ordu eta erdiko hiru saio egingo dituzte, 17:00etatik aurrera. Saioetan publiko gisa parte hartzeko interesa duen orok izena eman beharko du fundazioaren webgunean. Jardunaldiek, guztira, 320.000 euro inguruko aurrekontua izan dute, eta 2012 Euskadi fundazioak antolatu ditu.

Gizarte garaikidearen arazoez mintzatuko dira hizlariak. Arazo horien inguruko beren iritzia eman eta horiei irtenbideak bilatzen saiatuko dira, norberaren diziplinatik abiatuta, hau da, filosofia, feminismo, zinema, kazetaritza, literatura, soziologia, fisika, arte eta politikako esparruetatik abiatuta. Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordeak argitu du ideologia «aurrerakoia» duten hizlariak bildu nahi izan dituztela, pentsalarien ideologien artean aldea egon badagoen arren. «Haiek guztiak ideologia eskala baten barnekoak dira; ez dugu totum revolutum bat egin nahi izan. Jarrera aurrerakoia dute, nazioarteko pentsamendu eta jarrera politikoari dagokionez; ez dugu bertsio mazedonia bat egin nahi izan», zehaztu du.

Bauman eta Goodman izan ezik, beste hizlari guztiak binaka ariko dira mintzaldietan. Antolatzaileek azaldu dutenez, bikoteak hainbat irizpideren bidez sortu dituzte: batzuk jorratzen duten esparruaren arabera bateratu dituzte; beste batzuk, berriz, ikuspegi osagarriak dituztelako, eta azkenekoak, haien agendak bateratu ahal izateko batu dituzte.

Feminismoa zabaltzeko

Literatura eta feminismoa izango dira ardatza jardunaldietako lehen egunean. Ramiro Pinilla idazleak ekingo die jardunaldiei, Alessandro Bariccorekin batera. Idazleek literaturaren eta gizartearen arteko loturaz jardungo dute. Germaine Greer eta Wassyla Tamzali pentsalariak, berriz, feminismoaren inguruan arituko dira. Lehenengoak, XXI. mendean feminista izatearen zentzuaz egingo du gogoeta. Bigarrenak, berriz, emakume eta gizon arabiarrek askatasunerantz egin beharreko ibilbideaz arituko da. Amaitzeko, globalizazioaren inguruko gogoeta egingo dute Susan George eta Shashi Tharoorrek.

Josep Ramoneda, Pier Giorgio Olivetti, Isabel Coixet, Bence Fliegauf, Sergio Ramirez eta Susan Abulhawa entzuteko aukera izango da politika, zinema eta gizarte gatazken inguruan.

Larunbatean, kazetaritzak, soziologiak, zientziak, literaturak eta zinemak lekua izango dute Euskalduna jauregian.

Saioetan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da, gaurtik aurrera, 2012 Euskadi fundazioaren webgunean. Saioak Internet bidez ere ikusi ahal izango dira, streaming bidez. Egunean bertan ikusi ezin ditzaketenek, edo hitzaldiak eta eztabaidak berriro ikusi nahi dituztenek, horretarako aukera izango dute webgunean bertan. Izan ere, bideoak grabatu egingo dituzte eta ikusgai jarriko dituzte.

Mikel Toral 2012 Euskadi fundazioko idazkariak azaldu duenez, jaialdiaren inguruko bideo dokumental bat grabatuko dute, jardunaldietan parte hartuko duten pentsalarien testigantzak bilduta: «Horiek ideia honekin konprometitu ziren, baina jaialdian egoterik izan ez duten pentsalariek ere beren testigantza emango dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.