LITERATURA

Bilboko "Afrika txikian" kokatu du '612€uro' nobela berria ere Jon Arretxek

Toure San Frantzisko auzoko detektibe berezia da protagonista, '19 Kamera' aurreko nobelan bezala.

gorka erostarbe leunda
2013ko maiatzaren 23a
14:37
Entzun

612 euro instituzioek behartsuenei hilero ematen dieten kopurua da, sanfrantziskotar askoren esperantza bizirik irauteko. Testuinguru horretan kokatu du Arretxek nobela berria, eta istorioko protagonista nagusia, Toure, auzoko detektibe berezia da. 19 Kamera sagako lehen nobelak "harrera oso ona" izan du irakurleen artean, idazleak berak eta Iñaki Aldekoa Ereineko editoreak azaldu dutenez. Bigarren nobela honen ostean gehiago etorriko direla aurreratu du Arretxek.

Bolada txar bat igarotzen ari den unean ustezko anaia baten bisita jasoko du Tourek San Frantziskoko bere patera etxean. Lekua egingo dio afrikar abegiaren izenean, eta, erabaki horren erruz, arazo larriak sortuko zaizkio, lapurreta, droga-trafiko eta hilketa kasuetan belarrietaraino nahastuko dutenak. Errealitatea "gordina izan arren", umorea da oraingoan nobelaren sustengu nagusienetakoa idazlearen hitzetan.

Sagako lehen nobela San Frantzsiko auzoan bertan idatzi zuen Arretxek. Eta halaxe egin du bigarren hau ere, adiskide batek utzitako etxebizitza batean, hain zuzen ere: "Pertsonaia asko errealitatean oinarriturik daude. San Frantziskon bizi izan naiz. Poteo kuadrilla ere egin dut, eta gauza asko ikas daiteke bertan izanik".

Euskarazko liburuarekin batera, gaztelaniazko bertsioa ere kaleratu du Arretxek. Itzultzailea Cristina Fernandez izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.