Ekainaren 1a, astelehena. Egun horretatik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museoak irekitzeko aukera izango da, eta, dagoeneko, Bilboko Arte Ederren Museoak eta Guggenheim museoak iragarri dute egun horretan zabalduko dutela, baina egoera berrira egokitutako ordutegi eta egutegiekin.
Bi museoek lehen hilabeterako ordutegiak zehaztu dituzte. Hala, asteko egun guztietan egongo dira irekita, astelehenetik igandera. Guggenheim 14:00etatik 19:00etara egongo da irekita astegunetan, eta 11:00etatik 19:00etara, berriz, larunbat eta igandeetan. Uztailean eta abuztuan ordutegia luzatuko dute museoan, eta 11:00etatik 19:00etara egongo da zabalik.
Bestalde, Arte Ederren Museoa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita ekainean, eta 11:00etatik 19:00etara uztailean eta abuztuan.
Bi museoek jakinarazi dutenez, horietako bakoitzak laster iragarriko du zer zerbitzu eta protokolo ezarriko dituen bisitaldian segurtasuna bermatzeko.
Juan Ignacio Bidarte Guggenheim museoko zuzendariak eta Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak orain dela aste batzuk jakinarazi zuten udaberrirako prestatuak zituzten erakusketak udara luzatuko dituztela, haietako asko ikusteko aukera gutxi egon delako larrialdi egoera dela eta. Guggenheimen kasuan, Olafur Eliasson, Lygia Clark, Richard Artschwger eta William Kendridgeren erakusketak ikusi ahalko dira ekainetik aurrera; eta Bilboko Arte Ederren Museoaren kasuan, berriz, Vicente Ameztoiren atzera begirakoa eta Beruete eta Regoyos margolarien gaineko erakusketa egongo dira zabalik.