Javier Viar. Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria

«Bilboko Arte Ederren Museoak kontserbadorea izan behar du»

Postuan hamalau urte egin ostean, erretiroa hartzea erabaki du Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. «Dirua izan da nire arazoa», aitortu du, baina pozik dago estutasunei aurre egin eta emaitza onak lortu dituztelako.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
«Ez dut asko pentsatu beharrik izan museoaren nortasunari buruz: diru falta izan da nire arazoa». 2002an izendatu zuten Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari, eta datorren urtean da erretiroa hartzekoa Javier Viar (Bilbo, 1946). Zuzendari izan aurretik ere administrazio kontseiluko kide izan zen hamalau urtez, eta, beraz, bertatik bertara ezagutu du museoaren eta hiriko kulturaren bilakaera. Akaso horregatik deskribatu ahal izan du hain zehatz Arte Ederren Museoan bete duen egitekoa: hasierako urteetan izan zuen aurrekontuaren heren bat gutxiagorekin eutsi behar izan dio museoaren nortasunari. «Asmamena zorroztu behar izan dugu», onartu du. Museoaren bilduma propioan oinarritutako erakusketak antolatzea izan da horretarako bidea, eta pozik dago lortutako emaitzarekin.

Miguel Zugazari hartu zion lekukoa Viarrek zuzendaritzan, hura Madrilgo Prado museoa zuzentzera joan zenean, eta Zugazari pasatuko dio berriz ardura orain, hark Pradoko zuzendaritza utziko baitu. Pozik da Viar erabakiarekin. «Museo honek herrialdearentzat oso esanahi garrantzitsua du, eta hori ezin du kudeatu kanpotik lurreratutako kosmopolita batek. Horregatik ere Miguel [Zugaza] ezin egokiagoa da».

Hasi zinenetik, %35 inguru murriztu da museoko aurrekontua.

Ikaragarri, bai. Hamabi milioi ingururekin hasi ginen, eta, orain, zazpi eta erdiren bueltan gabiltza.

Itsasontzia ur gainean mantentzearekin konformatu behar izan duzu?

Ur gainean mantendu dugu, baina, gainera, emaitza sinestezinak lortuta! Museoaren historiako kopururik onenak azken urteetan lortu ditugu. 2008tik aurrera, batez besteko bisitari kopurua berreskuratzea lortu dugu. Ehun urte bete genituen urte hartan, eta erakundeek ohi baino diru sail handiago bat eman ziguten geure buruaren publizitatea egiteko. Ordutik aurrera, jende askoz ere gehiago etortzen hasi zen. 210.000 bisitari ingurura igo ginen orduan. Izan genuen 295.000 bisitako urte bat, eta izan ditugu 265.000 bisitariko bi urte, baina ja ez gara 200.000 bisitariko ordoki horretatik jaitsi.

Bisita kopuruan eraginik igarri ez arren, beste alor batzuk eten ditu murrizketak. Erosketarik apenas egin den azken urteetan.

Alor horrek sufritu du gehien. Museoaren oinarria bilduma da. Nire lehen hamar urteetan, gauza asko erosteko aukera izan genuen, sei milioi euro eman zizkigutelako. Hamarkada horren ostean, erdira jaitsi ziguten erosketen dirua, eta hiru milioi euro eman zizkiguten hamar urterako. Diru horren erdia Cranach zaharraren Lukrezia margolana erosten gastatu genuen.

Hain zuzen ere, koadro hori hautatu duzu argazkia ateratzeko.

Ikaragarria da, oso lan garrantzitsua. Asko kostatu zitzaigun, baina beste Cranach batzuk eros daitezkeen baino merkeago eskuratu ahal izan genuen, [Espainiako] estatuko merkatuan zegoelako, eta ez Paris edo Londresen. Bildumako maisulan bilakatu da jada. Min handiena ematen didana da gordailuan ditugun euskal pieza asko ezin ditugula erosi.

Euskal artearen bilduma osatzea falta da orduan?

Euskal artea ikertu gabe dago oraindik. Euskal artearen historiografia sortzen saiatu gara egin ditugun erakusketen bidez. Artista asko dago hemen, eta onak, gainera. Urgentziazkoa da oraindik aktibo dabiltzan artisten historiografia egitea. Aukera hori ezin dugu galdu, eta, gainera, iruditzen zait euskal arteak merezi duela. Gure museoan elkarren ondoan jartzen ditugu euskal artisten lanak eta arte unibertsalekoak, eta ez dira atzean geratzen. Museo askok bereizi egiten dute «arte lokala» deitzen dutena eta bestea, agian ez direlako ausartzen beren artisten lanak arte garaikideko izen handien lanekin nahasten, baina hemen egin daiteke, eta ez da ezer gertatzen.

Erakusketetan ere murrizketa igarri da, ezta?

Erakusketa merkeagoak egin behar izan ditugu, baina horrek ez du esan nahi arrakasta txikiagoa izan dutenik, kontrakoa. Abilezia izan dugu horretarako. Antonio Lopezen erakusketa, adibidez, ez zen garestia izan, Thyssenetik zetorrelako, eta sekulako arrakasta izan zuen. Museoan inoizko audientziarik handiena izaniko erakusketa izan da. Hiperrealismoari buruzko erakusketan ere sekulako erantzuna izan dugu. Inoiz ezin da jakin. Guk, adibidez, gure bildumara jo dugu murrizketei izkin egiteko. Oso pozik nago krisia salbatu ahal izateko baliabide hori erabiltzen jakin dugulako. Hainbat erakusketa egin ditugu gure bildumako lanekin, eta beste erakusketa batzuek adinako arrakasta izan dute. Halako erakusketek aukera ematen dute, batetik, erakusketa merkeak egiteko, eta, bestetik, bilduma ikertzeko.

Bertatik bertara ezagutu duzu Bilboren azken hamarkadetako kultur bilakaera, eta beti aipatu izan duzu Guggenheimen eraikuntza mugarri izan zela. Haren ispiluan ikusi behar izan duzue geroztik zeuen burua, diozunez.

Bai, erabat. Museo bakoitzak bere nortasuna mantendu du, baina hala izan da.

Guggenheimek piztu zuen beldurra ere aipatu izan duzu. Zer beldur zegoen?

Alde batetik, beldurra zitzaion ekar zezakeen kolonizazioari. Baina oso erlatiboa da hori; Guggenheim heldu aurretik ere, sorkuntzan hori baitzegoen. Jose Luis Zumetak amerikarrek bezala pintatzen zuen Guggenheim zabaldu baino 30 urte lehenago ere! Nazioarteko hizkuntza horiek barneratuta zeuden, baina hori zen beldurretariko bat. Museoei dagokienez, Guggenheimek ekarri du egitasmo pribatuaren eta publikoaren fusioa. Kontzeptu hori ez zen oso ohikoa hemen Guggenheim agertu arte. Guk kopiatu egin genien, eta Pradok ere bai. Eredu anglosaxoiari jarraitzen dioten patronatu mistoak ditugu egun. Eragin handia izan du horretan. Eta garai hartan zegoen beste beldur handietariko bat zen Guggenheim museoak irentsi egingo ote zuen museo hau. Beldurra zen Guggenheim eraiki ostean erakundeak ez ote ziren ahaztuko museo honetaz eta museoa ez ote zen desagertuko.

Eta zer gertatu zen?

Kontrakoa! Guggenheimekin erakundeak ohartu ziren museoak onak izan zitezkeela hiria berriztatzeko, eta gehiago bultzatu zuten horregatik baita museo hau ere. Guggenheimek bultzatu egin du museo hau ere. Orain beste bultzada bat izango dela pentsatzen dut. Hasieran jaso zuen bultzada garrantzitsu bat, orain hamabost urte izan zen beste bat eraikinaren berrikuntzarekin eta aurrekontuen handitzearekin, eta orain ere, nire ustez, hirian bi museo garrantzitsu izatearen aldekoa da giroa. Museo hau hazten ikusten dut nik, esana dut, museo honek ez du hazten jarraitzea beste bokaziorik. Aurrekontua handitzea eta eraikina handitzea, hori da behar dena.

Euskal artista gazteei arreta gutxiegi eskaini izana egotzi zaio Arte Ederren Museoari.

Bidegabea da hori. Hemen Txomin Badiolak, Susana Talayerok, Daniel Tamayok, Ramon Zuriarrainek eta beste askok ere erakusketak egin dituzte. Ez dakit non hasten den gazte kontzeptua, baina artista horiek bizirik daude eta lanean ari dira. Baina edonola ere alor horretan bai iruditzen zait museoak kontserbadorea izan behar duela, eta erabateko argitasunez diot hori. Kontserbadore izateak ez baitu esan nahi erreakzionarioa izatea.

Eta zer esan nahi du?

Esan nahi du museo hau XIII. mendeko lanekin hasten dela, eta kultura neurrigabea dela historikoki. Ezin duzu jokatu artea orain 20 urte sortu balitz bezala. Arte garaikidea lantzeko badira beste erakunde batzuk; hor dago Guggenheim museoa, hor Rekalde aretoa... Museo honek izan behar du museo entziklopediko baten nortasuna. Nik Erdi Aroko erakusketak ere egin behar ditut.

Museoan emakume artistek duten presentziari dagozkion datuak ere ez dira batere handiak.

Ez, ez dira onak, eta badakit.

1997tik gaur arte, banakako 68 erakusketa egin dira guztira, eta haietariko bi soilik dira emakumezko artistei eskainitakoak.

Gogoeta egin dugu horri buruz, eta saiatzen ari gara parte hartzea handiagoa izan dadin, baina badago justifikazio bat ere. Emakumezkoa artearen historian arian-arian baino ez da ageri XVI. mendean edo XVII. mendean. Baina gure bilduma XIII. mendean abiatzen denez, gure ardura esparrutik kanpo geratzen dira arte garaikidea eta azken urteetako artea, eta, hain justu, orduan agertu da emakumea artearen historian indartsuen. Gaur egun, orain arte sekula izan ez duen presentzia dauka emakumeak Arte Ederren eskoletan, adibidez, baina emakumezko artistak orokorrean emakumezkoak dauden estutasun berean egon dira: baztertuta. Emakumeari ez zitzaion artista izatea utzi. Aurretiazko oztopo hori da arazo nagusia. Edonola ere, gai hori presente dugu museoan, eta argi dago esfortzu bat egin beharra dagoela.

Kultur langileen prekaritatea ere agerian gelditu da aurten museoko Manpower Group Solutions enpresak azpikontratatutako 35 langileen 41 eguneko grebarekin. Zuk zeuk ere argi ikusi duzu hasi zinenetik hona nabarmen egin dela museoetan azpikontratazio ereduen alde. Kezkatzen zaitu horrek?

Inpresioa dut azpikontratazioetara jotzeko prozesu horrek atzera buelta izan dezakeela aurrerantzean. Baina noski kezkatzen nauela gaiak, eta erantzun egin behar zaie erreklamazio horiei. Krisiak gai hauek are gehiago gordindu dituela uste dut. Kezkatzen nau gaiak, eta horren froga da eginahalak eta bi egin ditugula langile propioen lan baldintzen alde.

Baina hain justu langile propioek duten egoera eta azpikontratatutakoek dutenaren artean dagoen aldea da arazoa.

Bai, baina langile propioek dituzten baldintzena da nik zuzenean kontrola dezakedana. Hor izan dut nik ardura zuzena, eta baldintza onak lortu ahal izan ditugu. Langile azpikontratatuen kasuan negoziazio bat egon zen, azkenean, eta langileek ontzat eman zuten. Kolektibo horrek ere gero eta lan egoera hobea lortzea litzateke logikoena. Bistakoa da hori.

Urteotan artista askok eman dizkiete beren lanak museoari. Pozgarria izango zaizu hori.

Oso. Iaz, esaterako, milioi bat euro inguruko dohaintza jaso genuen, eta aurrekoan ere antzera. Egin ditugun erosketek ere lagundu dute horretan. Museo batek bere bilduma indartzen duenean, konfiantza sortzen du, eta horrek laguntzen ditu dohaintza egileak beren lanak museo horri ematen, ze badaki bere lana ongi zainduta egongo dela. Horrekin harro nago. Azken urteetan dohaintzak erosketen bikoitza izan dira. Erosketetan bederatzi milioi baliatu baditugu, hamabi milioi jaso ditugu dohaintzetan.

Eta aurrerantzean? Literatura idatziko duzu ostera?

Oraingoz euliei begira gelditzea da asmoa, eta gero ikusiko dugu zer eskatzen didan gorputzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.