Museoaren handitzea

Bilboko Euskal Museoak 6.400 metro koadro gehiago izango ditu

Museoa handitzeko behin betiko proiektuan jasotakoaren arabera, azalera %38 handituko dute. Zurezko gela huts bat kokatuko dute zintzilik Miserikordia espazioan

Museoaren proiektu berria irudikatzen duen maketa. Bihartik aurrera ikusi ahal izango da. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko uztailaren 2a
17:32
Entzun

Nabarmen aldatzear dago Bilboko museoen paisaia: proposatu zenetik hamahiru urtera, Guggenheimen beste bi egoitza egingo dituzte Gernika-Lumon eta Muruetan (Bizkaia), eta irailean hasiko dituzte Arte Ederren Museoa handitzeko lanak, ondo bidean. Erakusteko leku gehiago izango du, halaber, Euskal Museoak: joan den martxoaren 9an erabaki zuten proposamen irabazlea, eta gaur aurkeztu dute behin betiko proiektua museoaren klaustroan, Etnografia Museoaren eta Arkeologia Museoaren inaugurazioaren mendeurrenaren bezperan, hain zuzen. Antonio Vailloren eta Juan Luis Irigarairen arkitektura estudioak eta Jesus Moreno y Asociados museografia estudioak ondu dute Eko nekta plana, eta hamabost milioi euroko kostua izango du. Museoak 6.400 metro koadro irabaziko ditu; egun duen azalera %38 haziko da, zehazki.

Sorkunde Aiartza museoko zuzendariaren hitzetan, «espazioa eta bilduma duintzea» du xede proiektuak, baita «nazioarteko erreferente bilakatzea» ere. Proposamen irabazleak museoaren sustraiei erreparatzen die, haren iritziz, baina etorkizunari begira egindako lana ere bada, orobat. Museoaren sarrera tokiz aldatuko dute ikusgarritasun gehiago lortze aldera —Unamuno plazatik Gurutze kalera— eta hiru espazio handiak bateratuko dituzte: beheko solairuko loturak indartuko dituzte korridore handi argiztatu baten bitartez, eta eraikin bakoitzaren komunikazio guneak ere sendotuko dituzte.

Era berean, kanpotik begiratuta uniformetasun sentsazioa egon dadila erdietsi nahi dute, Antonio Vaillo arkitektoaren hitzetan: «Eraikin bakoitzaren nortasuna mantendu nahi dugu, baina multzo batean integratuz, baita bisualki ere». XIX. mendeko plano bat izan dute eskura proposamena osatzeko, eta garaian Erruki Etxea zegoen eraikina ezarri dute multzoaren «bihotz» bezala; hura izango da eraikinen integraziorako irizpidea. Altzairua erabiliko dute konexio elementu bezala, euskal kulturan material «garrantzitsua» izan baita, Vailloren iritziz.

Forma eta edukia
Miserikordia espazioak izango du aldaketarik esanguratsuenetakoa. Hiru zatitan bananduko dute gunea, haritzaren morfologiaz eta metaforaz baliatuta: sustraiak, enborra eta kopa sinbolizatuko dituzte tokiok. Enborra, zehazki, zintzilik egongo den gela arin eta huts batean mamituko dute, eta, arbolaz ez ezik, euskal historiako beste hainbat elementu klasiko ere hartu dituzte aintzat kopa taxutzeko, baserrietako pertxak eta eraikitzen ari diren ontzi bat gogorarazten baitute sabaian kokatutako zurezko egiturek, Vailloren ustez.

Espazio bakoitzean erakutsiko duten edukia ere baldintzatzen du haritzaren metaforak, Jesus Moreno arkitekto eta museografoaren azalpenei erreparatuta: «Sustraiek euskal ondarea hartuko dute; enborrak, diaspora, eta kopak, abangoardia, etorkizunerako begirada». Horrez gain, baliabide digitalak txertatuko ditu museoak: sustraiak guneko muturretako batean, murgiltze atmosfera bat sortuko dute maketa multimedia bati esker.

Klaustroan ere aldaketak proposatzen ditu Eko nekta proiektuak. Bertako jatorrizko arkuak solairu guztietan erreplikatuko dituzte, eta leiho berriak kokatuko dituzte, erabat gardenak, bildumako piezak hainbat tokitik ikusi ahal izateko. Bestalde, hainbat areto erantsiko dituzte, hala nola euskal janzkera herrikoia erakutsi edo euskal herritarren identitate politikoaren inguruan hausnartuko dutenak.

Unamuno eraikinean ere handituko dute baliabide digitalen presentzia. Bilbok merkataritzan izandako zeresanaren bilakaera agertzen du espazio horrek, eta, berrikuntzen artean, ikus-entzunezko maketa bat paratuko dute. Halaber, eraikin berean kokatuko dute Gastrolab espazioa, gastronomiaren inguruko tailerretarako eta sorkuntzarako laborategiak. Eta bertan egongo dira, orobat, aldi baterako erakusketa aretoak, bisitatu ahal izango den biltegi bat, eta jakintzarako eremu bat, esaterako.

Euskal Museo berria izango denaren nondik norakoak museoan bertan ezagutu ahal izango dira. Bihartik aurrera, proiektuaren inguruko informazioa, planoak, infografiak eta maketa bat erakutsiko dituzte sarreran.

Aurretiko esku hartzeak
Azken urteetan, Euskal Museoan zenbait berrikuntza egin dituzte. 2016tik 2018ra bitartean, klaustroa egokitu zuten: zoladura berritu, fatxada garbitu eta kristalezko estalki bat jarri zuten eraikinean, piezen kontserbazioa errazteko. Urte berean, Gurutze kaleko Kurtze eraikina erosi zuen museoak —bost milioi euro inbertitu zituzten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak—. Iaz, kanpo biltegi bat bereganatu zuen, eta ekainean ekin zioten bildumako 50.000 piezak bertara eramateari, aztertuak eta, behar izanez gero, berriztatuak izateko; aste gutxiren buruan denak izango dituzte lekualdatuak, aurreikuspenen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.