Bilboko Guggenheim museoaren Fundazioaren Batzorde Betearazleak Helsinkiko Guggenheim proiektuari onespena eman dio. Haren aburuz, Guggenheim sarearen baitan museo berri bat irekitzea "ezin daiteke mehatxutzat hartu. Izan ere, guztiz ezberdinak dira bakoitzak erakarri nahi duen publiko motaren jatorri geografikoa eta eredu kontzeptuala. Hori dela eta, lehian ibili beharrean elkarlanean ariko dira, eta ikuspegi eta helburu ezberdinetatik abiatuta batak besteari modu positiboan eragingo diote".
Helsinkiko proiektuak "aukera berriak" eskainiko dizkio Bilboko museoari. Hemengo zuzendaritzak uste duenez, jarduera eremuak zabalduko dizkio, hainbat lurraldetan banatutako sare baten baitan sinergiak sortaraziko ditu, Guggenheim markaren nazioarteko irudia hobetuko du eta Bilboko Guggenheimaren garrantzia indartuko du sarean. "Horrez gain, Bilbo eredua izango da Guggenheim erakundeek garatzen ari diren proiektu berrietarako; esate baterako, Guggenheim Abu Dhabirako edo aipatutako Helsinkiko proiekturako".
Baldintza bat jarri du: Solomon R. Guggenheim Museumek antolatutako erakusketak Europara etortzen direnean aurreneko egoitza izateko aukera Bilboko museoari eskaintzea.
Bilbokoak iritzia emateko eskubidea izango du Helsinkiko proiektuan sor litezkeen aldaketei buruz eta, Europan beste edozein Guggenheim proiektu egitekotan, onespen eskubidea ere izango du, orain arte bezala.
Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria urtarrilaren 10ean Helsinkin izan zen, egitasmoa aztertzen.
Gaur egun lau dira Guggenheim museoak dituzten hiriak: New York, Bilbo, Berlin eta Venezia. Bosgarrena Abu Dhabin eraikitzen ari direna izango da; 2013an inauguratuko dute.