Bilboko Kafe Antzokiko arduradunek kultur guneak sorreratik izandako ibilbidea defenditu dute gaur eta, batik bat, segurtasunari buruzkoa. Izan ere, aurreko barikuan jakin zen Udalak hilabeterako itxi duela, iaz gau batean legez baimendutako ikusle kopurua bikoizteagatik (gehienez 420 ikusle egon beharrean, 920 lagun zeudela dio Udalak, goizeko bostetan udaltzainek egindako kontaketaren arabera).
Aitortu dute egun hartan behar baino jende gehiago zegoela, "baina orduan ere bermatua zegoen segurtasuna eta ez zegoen arriskurik", adierazi du Xabier Monasteriok.
1995eko abenduaren 15ean zabaldu zuen Zenbat Gara elkarteak Bilboko Kafe Antzokia, eta harrezkero segurtasuna zaindu izan dutela adierazi dute gaur, prentsaurrekoan, arduradunek. Urte hauetan denetan bertako ekitaldietan milioi bat lagunetik gora izan direla esan dute, eta segurtasun aldetik Kafe Antzokian inoiz arazorik ez dela izan.
Aipatutako zigorreko arazoa "azken unera arte" konpontzen saiatu zirela ere gaineratu du Monasteriok. "Ezustea" izan da haientzat Udalaren zigorra, "ezohiko erabakia izan baita, eta larria". Gainera, nabarmendu dute Udalari maiz eskatu izan diotela kultur guneko gaurko ikusle kopurua gainditzeko baimena ematea. "Obra txiki bat egitea nahikoa litzateke horretarako".
"Euskaldunontzako topagune eta erreferentzia guneak izateko" sortu zuten Bilbon Kafe Antzokia, "euskaraz bizitzako esparru guztietan bizi nahi dugunon topagunea, euskararen mundura hurbildu nahi dutenentzako erreferentzia". San Vicente zinema izandako aretoan ireki zuten, hiriaren erdigunean. Geroztik, ehunka kultur ekitaldi antolatu izan dituzte, nagusiei, ume eta gazteei zuzenduta: musika eta antzerki emanaldiak, disko eta liburuen aurkezpenak, kultura desberdinen arteko topaketak, hitzaldiak...
Zenbat Gara elkarteak Ondarroan (Bizkaia) ere badu Kafe Antzokia, 2001eko apiriletik.
KulTURA
Bilboko Kafe Antzokiak dio sorreratik beti zaindu izan duela segurtasuna
Udalak hilabeterako itxi berri du, iaz gau batean baimendutako ikusle kopurua bikoizteagatik. "Orduan ere bermatua zegoen segurtasuna eta ez zegoen arriskurik", esan dute kultur guneko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu