Gabriel Aresti omentzeaz bat, Miguel Hernandez gogoan izango du Bilboko Poesiaren Asteak. Hilaren 14an egingo dute Aresti Eguna, idazlearen jaiotzaren 77. urteurrenean. Jon Kortazar idazle eta literatur kritikariak haren poesia aztertuko du, eta Juan Kruz Gurrutxaga aktoreak poema batzuk errezitatuko ditu, Bidebarrietan.
Miguel Hernandezen gorazarrez ekitaldi bi izango dira, idazlearen jaiotzaren mendeurrenean. Hilaren 19an, Llegó con tres heridas saioan parte hartuko dute Maria Angeles Perez, Roberto Zalbide eta Beatriz Gomez poetek, idazle katalanaren hainbat olerki irakurriz. Bigarren ekitaldia Campos antzokian izango da, Versos presos para la libertad poesia ikuskizunarekin, hilaren 30ean.
Hilaren 14tik 30era bitartean, errezitaldi eta hitzaldi ugari izango dira, Bidebarrietan. Hemengo zein kanpoko sortzaileek hartuko dute mikrofonoa; ez bakarrik poesia aleak errezitatzeko, baita beren gogoeten berri emateko ere.
Hego Amerikako poesia
Hala, Juan Carlos Mestrek eta Jorge Riechmannek errezitaldi bat egingo dute hilaren 15ean. Hego Amerikako poesiak ere tartea izango du, hilaren 20an, Mercedes Roffe eta Valerie Mejerrekin. Miren Agur Meabek aurkeztuta, poemak errezitatuko dituzte. Kirmen Uribek eta Andres Neuman argentinarrak Topaketak saioa eskainiko dute hilaren 23an, eta egun berean, bat-batean sortutako poesia emanaldia egingo dute Lucia Camonek eta Fran Rubio pianistak.
Halaber, bost poeta gaztek ekitaldi bat egingo dute, Beste begirada batzuk goiburupean: Remake musika taldeak lagunduta, gaztelaniazko zein euskarazko poesiaren bide berriak agerian utziko dituzte Angel Errok, Hasier Larretxeak, Elena Medelek, Isabel Cadenasek eta Izaskun Gracia Kintanak hilaren 22an.
Musika eta poesiak bat egingo dute, orobat, Haragizkoa-n, hilaren 16an izango den ikuskizunean. Edorta Jimenezen testuek, Rafa Rueda eta Jaime Nietoren doinuek eta Joseba Barrenetxearen irudiek bat egingo dute. Halaber, Odolaren distirak emanaldian parte hartuko dute Jose Fernandez de la Sotak, Pablo Gonzalez de Langarikak, Marina Perezek eta Carmen Bereziartuk, hilaren 21ean. Fernandez de la Sotak, gainera, Blas de Oterok argitaratua ikusterik izan ez zuen liburua aurkeztuko du hilaren 18an: Hojas de Madrid con la Galerna (Galaxia Gutenberg).
Bilboko Poesia Asteak haien sortze egunean omenduko ditu Aresti eta Hernandez
Andres Neuman, Juan Carlos Mestre eta Jorge Riechmannek emango dituzte errezitaldiak, hilaren 14tik 30era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu