Eleberri totala da”. Operako hiztegiari lapurtutako terminoa baliatuta deskribatu du Calixto Bieito Bilboko Arriaga antzokiko zuzendariak Bernardo Atxagaren Obabakoak eleberria. Azaldu duenez, urte eta erdi eman du Atxagaren liburu horretan murgildurik, eta murgiltze horren ondorio da Obabakoak antzezlana. “Testu txatalez eta irudi txatalez osatutako ispilu bat da antzezlana, zeinetan norbere haurtzaroko bizikleta eramango baitu bakoitzak”.
Arriaga antzokiaren ekoizpen propioa izango da pieza; Bieitok egin du testuaren moldaketa, eta hura dabil 11 aktoreko lantaldea zuzentzen ere. Urriaren 18an egingo dute estreinaldia, Bilbon, eta Bartzelonako Teatre Lliuren ere izango da euskaraz gero katalaneko azpidatziekin, eta gero nazioartera joko dutela aurreratu du Bieitok: “Europa erdialdera ere joango gara euskararekin”.
Obaban egondakoak
Atxaga ere izan da antzezlanaren aurkezpen ekitaldian. Zehaztu duenez, ordea, ez du antzezlanaren sormen prozesuaren nondik norakoen berririk jakin nahi izan. “Ikusle bat gehiago izan nahi dut”, esan du. Esker ona azaldu du, halere, bere eleberria taularatzeko ekimenagatik, eta konfiantza osoa azaldu dio Bieitori. Kontatu duenez, hainbat solasaldi izan dituzte biek elkarrekin, eta elkarrizketa horietan “batasun espiritual” bat igarri du idazleak. “Obaban egon gara biok”, borobildu du.
Bieitok azaldu duenez, Atxagaren liburutik hartutakoak dira antzezlanaren pasarte guztiak, baina berak egin du hautaketa: “Ibai baten alboan egin dut moldaketa, eta hark eraman nindezan utzi doit testuari ere, batzuetan korronte kontra igeri, besteetan korrontearen alde. Baina korrontearen alde egiten saiatu naiz nagusiki”. Testuaz gainera Europa erdialdeko tradizio bisuala ere txertatu nahi izan dio antzezlanari, eta, horregatik, antzezlanaren definizioa ere eman du: “Hamaika ahotsentzako sortutako poema sinfoniko bisuala”.
Gune aske bat
Erabat bukatu gabe dago lana oraindik, Bieitok aurreratu duenez. Aste osoa lanean pasatzekoak direla ere azaldu du horregatik, eta aurkezpen ostean entseguetara jo du lantalde osoak. 11 aktoreak izan dira aurkezpen publikoan: Joseba Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Karmele Larrinaga, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola eta Eneko Sagardoi. Poza azaldu dute guztiek Obabakoak antzezlanaren parte izateagatik.
“Oso prozesu gozoa izaten ari da”, zehaztu du Apaolazak, esaterako. Eta plazerrarekin batera ardura ere aipatu du Bagliettok: “Oso ardura handia da Atxagaren lana oholtzara eramatea, eta badago beldur pixka bat ere”. Sagardoik, berriz, zuzendariak aktoreengan izan duen konfiantza nabarmendu du: “Asko ari gara jolasten eszenan, eta ari da izaten gune aske bat”.