Bilduma «unibertsalagoa» egiteko bidean

Literatura Unibertsala bildumak dituen hutsuneak betetzea izango da hirugarren aroaren helburua

mikel lizarralde
Donostia
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Duela 23 urte EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak Literatura Unibertsala proiektua abian jarri zuteneko helburuek bere horretan segitzen dute. Beste hizkuntza batzuetan idatzitako testu erreferentzialak euskaraz ere irakurtzeko aukera izatea zen orduan asmo nagusia, eta horrek «klasiko» bihurtutako liburuak itzultzera eraman zituen proiektuaren arduradunak hasierako urte haietan. 23 urteko bidea egin du bildumak, baina, Bakartxo Arrizabalaga EIZIEko presidenteak dioenez, hirugarren aroari ekiterakoan, «hutsuneak» zein ziren begiratu behar izan dute. «Uharteak sortzen joan gara, baina artxipelagoan zein uharte falta zaigun aztertu dugu».

Izenari berari erantzunez, «unibertsalagoa» egin nahi dute bilduma, «bai geografikoki, bai generoari dagokionez, eta baita denboran ere». Hori dela eta, aro berriko lehenengo liburua Jamaica Kincaidena izatea ondo pentsatutako hautua izan da Arrizabalagak dioenez, eta hemendik aurrera etorriko diren itzulpenen bidea markatzen du neurri batean. «Orain arte literaturaren munduan erabat kokatuak egon diren literaturagileekin aritu gara, ezinbestekotzat hartzen ziren horiekin, eta orain, berriz, guk ezinbesteko bihurtu nahi ditugunak ere ekarriko ditugu bildumara. Alegia, oso ezagun izan gabe, ezagun izan beharko liratekeenak. Melville eta Kincaidek ondo erakusten dute bidea».

Aurten bertan beste bi liburu argitaratuko dituzte: Calderon de la Barcaren La vida es sueño /Bizitza amets —Xabier Payak euskaratu du bertsoen errima mantenduta—, eta Alain Fournierren Le grand Meaulnes / Meaulnes handia —Monika Etxeberriak itzulia—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.