Musika

Bill Withers soul kantari ospetsua hil da

Ain't no Sunshine, Lean on Me eta beste hainbat kantu ezagunen idazle eta interpreteak 81 urte zituen, eta bihotzekoak jota zendu da.  

Bill Withers. BERRIA
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 3a
18:03
Entzun

The Associated Press-ek jakinarazi duenez, Bill Withers astelehenean hil zen, baina gaur arte ez dute haren heriotzaren berri eman.

1938an jaio zen Virginiako estatuan (AEB), ingurune pobre batean, eta musikari ekin baino lehen, bederatzi urte igaro zituen AEBetako itsas armadan. 1960ko hamarkadaren erdialdean hasi zen gitarra jotzen, abesten eta Los Angeleseko klubetan zuzenean jotzen, eta berehala piztu zuen Clarence Avant musika beltzaren esparruan lan egiten zuen musika exekutiboaren arreta. Hala, Sussex Records zigiluarekin kontratua sinatu eta 1971n argitaratu zuen bere lehenego diskoa: Just as I Am. Lan horretan zegoen bere kantu ezagunenetakoa: Ain't no Sunshine.

[youtube]https://youtu.be/YuKfiH0Scao[/youtube]

1979ra bitartean, beste sei disko kaleratu zituen, eta sei urteko etenaren ondoren, 1985ean bere azken lana izango zena grabatu eta argitaratu zuen: Watching You, Watching Me.

Ibilbide laburra egin arren, haren lanak izan du gerora oihartzuna beste hainbat musikariren lanean. Hala, bere musikaren samplerrak behin baino gehiagotan entzun ahal izan dira hip hop artisten kantuetan. Dr. Drek eta Kanye West-ek, esaterako, jo dute Withersen musikara.

2015ean Rock and Roll Fame aretoan sartu zuten Withers, eta hiru Grammy sari ere irabazi zituen.

[youtube]https://youtu.be/de00ajXMUX0[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.