Bille August, Mia Hansen-Love, François Ozon, Christian Petzold, Michael R. Roskam, Shim Sung-bo eta Michael Sturminger zinema zuzendariak lehiatuko dira Donostiako 62. Zinemaldiko Sail Ofizialean Urrezko Maskorra irabazteko, jaialdiaren antolatzaileek iragarri dutenez.
Zehazki, film hauek iragarri dituzte lehia horretarako:
CASANOVA VARIATIONS
Michael Sturminger (Frantzia - Austria - Alemania)
John Malkovichek antzeztuko du inoiz inon izan den seduktorerik handienaren mitoa: Casanovarena. Giacomo Casanovaren Mémoires de Casanova liburuan oinarriturik, eta W.A. Mozart eta Lorenzo da Ponteren ariekin. Fikzioaren bidez ez ezik, antzezpenekin ere kontatzen dute protagonistaren istorioa: Casanovaren abenturak, pasioak eta, batez ere, heriotzari zion beldurra.
THE DROP
Michael R. Roskam (AEBak)
Hollywooden egindako debutean, Michael R. Roskam (Bullhead) zinemagile belgikarrak Dennis Lehane idazlearen eleberri bat egokitu du, eta Tom Hardy, Noomi Rapace eta James Gandolfini ditu protagonista, zinemarako egindako azken lanean. Bertan, kontatuko digute krimen antolatua nola saiatzen den New Yorkeko auzoetako tabernetan dirua zuritzen. Bob Saginowski, Brooklyngo tabernari bat, heriotza ziurretik salbatutako pitbullkume kolpatu bat balitz bezala tipo bat entregatu dutela ohartzen denean, Nadia emakume misteriotsuarekin elkartuko da. Iragan iluna du bizkarrean Nadiak.
EDEN
Mia Hansen-Love (Frantzia)
Mia Hansen-Love zinemagileak french house musikaren istorioa kontatuko digu bere azken lanean. Musika elektronikoa abiadura bizian garatu zen 1990eko hamarkadan. Parisko gau bizietan, Paul DJ lanetan hasiko da.
HAEMU
Shim Sung-bo (Hego Korea)
Shim Sung-bo egileak zuzendutako lehen filma (Memories of Murder filmaren gidoigilea da). Bong Joon-ho da obraren koidazlea eta ekoizlea. Benetako itsas abenturak oinarri dituen kontakizuna. Legez kanpoko etorkinak garraiatzen dituen arrantzontzi baten ahaleginek sekulako hondamendia eragingo dute, tripulazioa erotzerainoko hondamendia, hain zuzen.
UNE NOUVELLE AMIE / THE NEW GIRLFRIEND
François Ozon (Frantzia)
François Ozon zinemagilearen film berria (2012an Urrezko Maskorraren irabazlea). Bi emakumeren arteko istorioa kontatzen du, txikitako lagunak. Biak ezkondu egingo dira, eta batek haurtxo bat izango du. Handik denbora laburrera, amak gaixotasun larria izango du, eta lagunari agintaraziko dio haurra eta senarra zainduko dizkiola. Heriotzaren ostean, lagunak erabakiko du senarra eta haurra ikustera joatea. Baina sekulako ezustekoa hartuko du.
PHOENIX
Christian Petzold (Alemania)
Christian Petzold zinemagileak (Berlingo zinema jaialdiko zuzendari onena Barbara lanarekin) bere azken filma aurkeztuko du Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta Nina Hoss izango du oraingoan ere protagonista. Traizioa egin ostean, kontzentrazio-eremu batera eraman zuten emakumezko bat. Aurpegia erabat desitxuratuta duela itzuliko da, eta zirujano ospetsu bati eskatuko dio aurpegia atzera itxuratzeko, ahal zen neurrian lehengo tankera bera hartzeko. Operazioaren ostean, bere onera etorritakoan, bere senar piano-jotzailearen bila hasiko da. Baina ez du espero zuena topatuko.
STILLE HJERTE / SILENT HEART
Bille August (Danimarka)
Bille August zinemagile daniar sonatua, Oscar baten eta Canneseko Urrezko Palmaren irabazlea, drama intimista batekin itzuli da. Familia bateko hiru belaunaldi asteburu batean elkartu dira. Sanne eta Hedidi ahizpek onartu dute hilzorian den beren amak bizitzari adio esatea, egoerak okerrera egin aurretik. Baina, asteburua igaro ahala, gero eta zailago egingo zaie amaren erabakia onartzea, eta garai bateko gaztazkak azalera agertuko dira.
Euskarazko filmak
Jakina denez, euskarazko bi film ere izango dira Sail Ofizialean: Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak Urrezko Maskorra irabazteko lehian, eta Pablo Maloren Lasa eta Zabala lehiatik kanpo.
Garaño eta Goenagak BERRIAri azaldu berri diotenez, "pertsonaiei oso lotuta dauden istorioak" kontatzen dituzte Loreak suspensezko draman. Apirilaren 8an hasi zituzten filmaketa lanak, eta gustura agertu dira emaitzarekin.
Lasa eta Zabala lanarekin, berriz, "narrazio intimo bat" kontatu nahi du Pablo Malo zuzendariak. Cristian Merchan eta Jon Anza aktoreak izango dira Joxi Zabala eta Joxean Lasa, GALek 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi zituen etakideak. Merchan Zabala izango da, eta Anzak Lasarena egingo du. BERRIAri aitortu diote "gozoki bat" dela pertsonaia horiek interpretatzea.
Bideoa: Pili Zabala eta Axun Lasa, Lasa eta Zabalaren arrebak, Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreekin izan dira (Ander Gartzia, BerriaTB):
[berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2156/[/berriatb]