Grammy sariak

Billie Eilishek irabazi ditu Grammyetako lau sari nagusiak

18 urte ditu, eta lau sariak gau bakarrean lortu dituen musikaririk gazteena da. Lizzok eta Gary Clark Jr.-ek hiruna sari jaso dituzte.

Eilish bart Los Angelesen, Grammy garaikurrak eskuetan dituela. DAVID SWANSON / EFE
2020ko urtarrilaren 27a
13:55
Entzun

Billie Eilish gaztea lau aldiz igo da jarraian agertokira bart, Grammy sarien galan, eta hitzik gabe iritsi da bukaerara. Sariek argi utzi dute Eilish eta haren anaia Finneas O'Connell izan direla AEBetako musika industriako iazko protagonistak. Eilishi AEBetako artista berririk onenaren saria eman diote. Bad Guy kantari, urteko abestirik onenarena eta grabaziorik onenarena. When We All Fall Asleep, Where Do We Go? diskoari, urteko onenarena, eta pop bokal diskorik onenarena ere bai. O'Connellek ekoizle onenaren saria ere irabazi du. Eilish lau sari nagusiak gau bakarrean jaso dituen musikaririk gazteena da.

Grammy sarien 62 aldietan, soilik bitan gertatu da hori. Aurrekoa Christopher Cross izan zen, 1981. urtean. Adele musikariak lau kategoriatako sariak irabaziak ditu, baina ez urte berean.

Eilish eta O'Connell anai-arrebek euren etxean grabatu zuten diskoa, Los Angelesen. Euren burua ekoizten dute, eta abestiak Interneten zabaltzen dituzte. «Musika elkarrekin egiten dugu, geure logelan», esan du O'Connellek saria jasotzean. «Eta hori egiten jarraitzen dugu. Hau musika euren logeletan egiten duten gazte guztientzat da. Horrelako bat irabaziko duzue», esan zuen, Grammya eskuan zuela. Eilishek 18 urte ditu, eta O'Connellek, 22.

Lizzo rap kantariak hiru sari irabazi ditu bart. Detroiten jaioa da, eta Texasen hazia. Bi urtean sekulako arrakasta lortu du; urteak igaro zituen autoan lo egiten, eta jarrera positiboaren ikur bat da egun. Cuz I Love You diskoa kaleratu zuen iaz. Disko urbano garaikiderik onenaren saria, bakarkako pop emanaldi onenarena eta R&B emanaldi tradizional onenarena irabazi ditu.

Rockean, Gary Clark Jr. izan da protagonista. Hark ere hiru garaikur lortu ditu bart: rock abestirik onenarena eta emanaldirik onenenarena, eta blues garaikide diskorik onenarena ere bai, This Land lanarekin.

Musika latinoaren kategorietan, Rosalia musikari kataluniarrak lehen Grammya irabazi du, musika urbano edo alternatibo latino diskorik onenarena, hain zuzen. Nazioarteko arrakasta lortu du El mal querer diskoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.