Sei disko. Sei binilo, beltz eta dotore. Aspaldiko garai baten testigantza bizi, baina egun-eguneko soinuaz emanak. Musika entzuteko eta kontsumitzeko moduak izugarri aldatu diren garaiotan -entzunaldi digital eta azkarren alde-, bestelako proposamena eskaintzea deliberatu du Elkar diskoetxeak. Binilozko formatuan, disko horien jatorrizkoan, alegia, berrargitaratu ditu bere katalogo zabaletik hautaturiko sei lan garrantzitsu, eta bide batez, gerora ere beste fruitu batzuk emango dituen binilozko bilduma berri bati hasiera eman dio.
Barricadaren Noche de rock & roll, Kortaturen Kortatu, Cicatriz-en Inadaptados, La Polla Records-en Salve, Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora eta Mikel Laboaren Bat-Hiru diraElkarrek berrargitaratu dituen lanak. Sei lan horiek badute ezaugarri komunik. Seiak dira talde edo kantugile bakoitzaren estreinako lan luzeak. Seiak izan ziren ibilbide osoago baten ernamuin, eta nork bere esparruan itzal luzea utzitakoak dira gainera.
Bildumaren itxura zaindua eta landua da. Biniloak 180 gramokoak dira, master guztiak Elkar estudioko Jean Phocas teknikariak gainbegiratuta eta egokituta daude, liburuxka guztiak berrikusita eta argazki nahiz letrekin osatuta, eta Kortatu, La Polla Records eta Cicatrizen diskoek bonus track edo abesti gehigarri batzuk dakartzate. 15,25 euroko prezioan daude salgai, salbuespen bakarrarekin. Mikel Laboarenak 19,15 euro balio du.
'NOCHE DE ROCK & ROLL'
Barricada
Bi egunetan grabaturikorock kaletarra
Bi egun baino ez zituen behar izan Barricada taldeak Noche de Rock & Roll lehen diskoa grabatzeko. 1983a zen, eta Soinua diskoetxearekin kaleratu zuen estreinako lan hura. Ramoncin kantari espainiarraren laguntza izan zuten ekoizpenean. Bi urte lehenago, 1981. urtearen bukaeran sortu zen taldea Iruñeko Txantrea auzoan, Enrique Villareal El Drogas-ek (baxua eta ahotsa)eta Francisco Javier Hernandez Boni-k (gitarra eta ahotsa) kasualitatez elkar ezagutu zutenean. Lehenengo talde osoa, 1982. urtean hasi zen lehen urratsak egiten, aipaturiko bi horiez gain, Sergi Oses (gitarra-ahotsa) eta Mikel Astrain bateria jotzailearekin batera. Agertokian indar itzela zuen taldeak, eta ez zuen denbora askorik behar izan zale ugarirengana iristeko. El Drogasen hitzetan, lehen disko hura «karajillo musikatua» bezala defini liteke. En la silla eléctrica, Esta es una noche de rock & roll, eta Pídemelo otra vez kantuak ditu, besteak beste, Barricadaren lehen lan horrek. Ia 30 urte bete dira taldea sortu zenetik, 20 diskotik gora kaleratu ditu eta oraindik bizi-bizirik jarraitzen du.
'KORTATU'
Kortatu
Punk jarrera ska eta reggaedoinuekin nahastu zituena
Lehen lana Cicatriz, Kontuz Hi! eta Jotakie taldeekin partekatu zuen Kortatuk, 1984an. Disko horretan agertu ziren bi kantu -El último ska deManolo Rastamán eta Mierda de Ciudad- Elkarrek berriro argitaratu duen Kortatu binilozko diskoan txertatu dituzte. Taldearen lehen lan osoa izan zen Kortatu, 1985ean Soinua diskoetxeak argitaratu zuena. The Clash talde ingelesa erreferente argiena izanik, ska, punka eta reggae estiloak nortasun berezkoz nahastu zituzten Fermin Muguruzak (gitarra eta ahotsa), Iñigo Muguruzak (baxua eta koroak) eta Treku Armendarizek (bateria). Talde dibertigarria bezain konprometitua izan zen hasieratik, eta diskoak argitaratu ahala euskarak, eta horrekin batera jarrera politikoak ere presentzia irabazi zuten. Zentsurarekin hainbat arazo izan zituzten. Gerora ia himno bihurtutako kantu asko dauzka Kortaturen estreinakoak: Jimmy Jazz, Nicaragua sandinista, Zu atrapatu arte, Sarri Sarri, Desmon Tutu...
'INADAPTADOS'
Cicatriz
Ezarritakoaren aurkako jarrera eta abidura
Hastapenetik drogen mendekotasunak markatu zuen Cicatrizen ibilbidea. 1983an sortu zen taldea, Gasteizko desintoxikazio zentro batean, talde terapia moduan, Cicatriz En La Matriz izenpean. Natxo kantariak La Poti ezizeneko neska batekin osatu zuen lehen talde hura. La Potik berehala utzi zuen taldea, eta hortik aurrera Cicatriz izenarekin jarraitu zuten. Lehen diskoa, Kortatu, Jotakie eta Kontuz hi! taldeekin batera partekatu zuten 1984an. Lan hartan grabatu zituzten kantuak - Escupe eta Enemigo público Nº1- bonus track gisa sartu dira binilozko berrargitalpenean. Inadaptados (1985) izan zen lehen lan luzea, eta taldearen izaera biluzi bezain basatia aurkeztu zuen: gitarra garratzak, erritmo azkarrak, ezarritakoaren aurkako jarrera zuzena... eta umore zertzeladak.
'SALVE'
La Polla Records
Ondorengo punk talde guztien erreferentzia diskoa
La Polla Records taldea 1979an sortu zen Agurainen (Araba). Evaristo (ahotsa), Fernandito (bateria), Malegin (baxua), Txarly (gitarra bakarlaria) eta Sume (beste gitarra) taldekide zirela. Taberna edo garajeetan jotzen zuten hasieran, eta 1983ra arte ez zuten lehen lana argitaratu. Y ahora qué? lau abestiz osaturiko EPa argitaratu zuen oihuka diskoetxeak. Y ahora qué?, Perritos, El alcalde eta Hey, Hey, Hey kantuak binilozko berrargitalpenean datoz, Salve disko osoarekin batera. 19 abestiz osaturiko lana da hori, 1984koa. Letretan, gizarte eta antolakuntza alienatzailearen aurkako mezu zitalak ageri dira, kritikak, satirak... Etorkizunean azaldu zen punk talde mordoarentzat ispilu izan zen Salve diskoa.
'BAT-HIRU'
Mikel Laboa
Oroimen kolektiboan iltzaturiko kantuak
Gogo eta eta gorputzaren zilbor-hesteak, Haika mutil, Txoria txori edota Gure bazterrak kantuak dituen diskoa txertaturik dago euskal oroimen kolektiboan. Ez Dok Amairu kultur mugimenduaren sortzaile eta partaide izan ostean, euskal kantagintza berriaren aitzindaritzan izan zen etengabean Mikel Laboa. 1964an lau abestiz osaturiko Azken izeneko lehen singlea argitaratu zuen Baionan, eta bere lehen LP-a, Bat-Hiru, 1974ean plazaratu zen, Herri Gogoa diskoetxean. Ondorengo belaunaldietan eragin handienetako izan duen musikaria izan zen Laboa, eta lehen diskotik beregan ohikoak ziren kantagintza tradizionalarekiko joera, esperimentaziorako irrika eta poetenganako apeta igar zitezkeen.
'HAUTSI DA ANPHORA'
Ruper Ordorika
Poetika berri bat euskal kantagintzan
Euskal kantagintza bihurgune betean zegoela argitaratu zuen Ruper Ordorikak Hautsi da anphora lehen lana (Xoxoa-Elkar, 1980). Ez Dok Amairuren itzalpean sorturiko kantugile sozial eta politikoen hauspoa agortzen ari zen, eta arnas berrien nahia sumatzen zen. Euskal musika berregokitzen ari zen. Garai hartan Bernardo Atxaga idazlea eta Ruper Ordorika Bilbon bizi ziren, ikasle zirela, eta Pott bandaren abaroan elkar ezagutu zuten. Atxagaren letrekin osatu zuen lehen diskoa hura Ordorikak, eta kritika ezin hobeak eskuratu zituen, nahiz jende askori arrotz suertatu lana. Gerora etorri zen euskal kantagintzaren esparru zabalean sekulako eragina izan zuen lanak, munduan nagusitzen ari ziren musika molde berriak ekartzeaz gain, euskal poesia garaikidea eta pop-rock dotorea uztartuz.
Binilo beltzez jantzita
Barricada, Kortatu, Cicatriz, La Polla Records, Ordorika eta Laboaren lehen lanak biniloan argitaratu ditu Elkarrek, bermasterizaturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu