Soinu txikiak panderoa izan du bikotekide leial Euskal Herrian; erromerietan, berbenetan edo euskal musikako jaialdietan. Azken urteetan, hala ere, gitarra, bateria eta bestelakoekin jolastu izan da trikitia. Biolinarekin, ordea, ez du halako harremanik izan. Baina gurutzatu dira, eta bat egin dute Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa), elkarrekin ikuskizuna emateko. Nazioarteko X. Trikitixa Jaialdiak lau bikote eta bi laukote elkartu zituen ostiral gauean; Euskal Herritik hasi eta Irlandaraino, Espainia eta Okzitanian geldialdia eginda. Batzuek lehenengoz jo zuten elkarrekin; besteek, berriz, izan zuten lehenago ere elkarren musikaz gozatzeko aukera. Bi ordu inguruko saioa izan zen, eta hiruzpalau pieza jo zituen talde bakoitzak.
Tapia eta Leturia bikotea izan zen agertokira igotzen lehena; ez, ordea, musika tresnak soinean zituztela. Jaialdiko talde bakoitzak bikote bat izan zuen aurretik; aurkezpenak egin ez ezik, umorea ere jarri zuten musika pausaldien artean. «Garrasi handia egiten du gure trikitiak, eta horri Euskal Herriko trikitilariek besoetan duten indarra gehituta...». Hala alderatu zituzten Euskal Herriko eta atzerriko soinu tresnak, gaueko lehen taldeari lekukoa eman aurretik.
Jon Ostolaza trikitilariak eta Juan Arriola biolin jotzaileak lehen saioa zuten elkarrekin, eta lasai hasi zuten emanaldia, soinu txikiak biolinaren erritmoari jarraitzen ziola. Ez zuen, baina, lasaitasunak luzaro iraun. Erritmo bizia jarri zuten biek, ikusleak hankak musikaren erritmora astindu zitzan. Tartean, aitona-amonen jarduna goraipatu, eta garai bateko urteak izan zituzten gogoan, Ostolazaren ahotsean. «Mundua aldatu zaigula zeharo, burua aldatu zaigu gehiago». Oholtzan doinuak ere aldatu ziren, bikoteak Txinparta azken abestia jo ondoren.
Gaztela eta Leongo (Espainia) Jorge Arribas eta Diego Galaz musikariek hartu zieten lekukoa. Bikoteak Fetén Fetén proiektua aurkeztu zuen —lehen diskoa kaleratu berri dute, herri musikan oinarrituta—. Musika italiarrean inspiratutako pieza baten atzetik heldu ziren gauak izan zituen soinu tresna zein doinurik ezohikoenak. Arribasek soinua eskuan zuela, Galazek askotariko tresnak dantzatu zituen bere ama Ameliari egindako abestian. Kantauri itsasoko kaioen hotsak Basteroraino eraman zituen lehenik, biolinaren laguntzaz.Zerra eta makila bat elkarren aurka joz afinatutako doinuak atera zituen ondoren. Kaxarik gabeko biolina ere jo zuen, tutu bati itsatsita. Grabaketak mikrofono bakarrarekin egiten zituztenean erabili ohi zuten halako tresna, soinua zuzenean mikrofonora bideratzeko. Gaztelako lurretan inspiratutako doinu batekin amaitu zuten saioa.
Euskal Herriko musika itzuli zen berriro, laukote baten eskutik: Maixa Lizarribar, Ines Osinaga, Maite Loidi eta Xabier Zeberio. Aurretik elkarrekin aritutakoak ziren hiru emakumeak; Zeberiok, nyckelharpa izeneko tresnarekin gozatu zituen haien erritmoak. Doinu ezagunak eskaini zituen laukoteak; aurretik entzun gabeko moduan, ordea. Pachelbelen Kanona hasteko, eta Lizarribar, Osinaga eta Zeberio hirukotearen abesti sorta ondoren. Aita San Antonio, Martxa baten lehen notak eta Tiriki, tauki, tauki bi ahotsetara abestu zituzten Lizarribar eta Osinagak.
«Galdu egin dira»
Lehenengoz aritu ziren Cyrille Brotto soinu-jotzailea eta Alexandra Lacouchie biolinista ere elkarrekin. Okzitaniatik heldutako bikote horrek aurrekoen erritmoa lasaitu zuen hasieran, eta doinu biziekin amaitu. Estilo berritzailea lantzen badute ere, kantu tradizionalak dituzte oinarrian.
«Ez datoz», «ez dira etorri», «galdu egin dira»: Izer eta Alabier bikoteak Arrabots taldea aurkeztu zuen, baina oihala ez zen mugitzen. «Lasai, orain aterako dira», zioen umoretsu Josu Arrizabalaga Izer-ek besaulkitik, publikoari begira. Taldeko bost kideetatik lauk parte hartu zuten jaialdian: Arkaitz Miner eta Gari Otamendi biolinarekin, Txus Aranburu soinu txikiarekin eta Iñaki Otegi perkusioa jotzen. Biolina baino gehiago, arrabita igo zuten oholtza gainera, biolin tradizionala, eta halakoak izan ziren haietatik atera zituzten doinuak. «Dantzarako ohiko piezekin» hasi zuten emanaldia;hau da, trikiti, porrusalda eta kalejirarekin. Azken horren bizitasunarekin bat egin zuten publikoaren txaloek.
Jon Enbeitak ondutako kantu bat utzi zuten amaierarako, mandolinaz lagunduta. «Neska, mutil, mutil, neska, amaitzera doa festa». Hala zioen kantuak, eta hala iragartzen zuen gaua amaitzeko asko ez zela falta.
«Etxean bezala»
Stephen Doherty soinu jotzailea eta Patrick Doocey gitarrista izan ziren taulara igotzen azkenak. Irlandatik heldu ziren, zirimiria goitik behera zeriola, eta «etxean bezala» sentitu ziren Euskal Herrira iristean. Birbataiatu ere egin zituen Xabi Solano musikariak, haien aurkezpenean: «Esteban eta Patrizio». Irlanda hegoaldeko Polka herri kantua jo zuten, eta amaieran erritmoa «moteltzeko» abesti bat iragarri bazuten ere,txaloka amaitu zuen Basterok, Irlandakoen soinuaren hotsean.
Biolina bikotekide
Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak trikitia eta biolina elkartu ditu aurten. Euskal Herriko eta atzerriko sei taldek kontzertua eman dute Andoaingo Bastero kulturgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu