Bisita txartela baino gehiago

'Ahotsa, hitza, hizkuntzak' liburuan, poesia euskaraz eta espainieraz landu duten hamar idazleren lanak bildu ditu Euskaltzaindiak

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez, Ahotsa, hitzak, hizkuntzak liburuarekin, Euskaltzaindiak ahots bat jaso nahi izan du, «euskal ahotsa»; hitz batzuk ere bai, «poesiarenak»; baita nazioartean tokia duten hizkuntzak ere, «euskal poesiaren ahots eta hitzak munduaren luze-zabalean barreiatzeko». Euskal letren zabalpena sustatzeko xedez, euskarazko zein espainierazko poesia jorratu duten hamar sortzaileren bosna olerki bildu ditu Ahotsa, hitzak, hizkuntzak liburuan, eta jatorrizko hizkuntzan ez ezik, espainieraz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez ere eman ditu.

Sebastian Gartzia Trujillok hautatu ditu euskarazko autoreak. Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Bernardo Atxaga aukeratu ditu. Alabaina, egile horien zein poema sartu ez du erabaki Gartzia Trujillok. Bost adituren esku utzi du.

Hala, Jon Kortazarrek, Pello Zabalak, Kirmen Uribek, Amaia Iturbidek eta Iñaki Aldekoak erabaki dute zein pieza jaso liburuan. Orobat, testuak idatzi dituzte egile bakoitzaren eta haren obraren inguruan.

Euskarazko literaturan arrastoa utzi duten obrak jasotzen ditu Euskaltzaindiaren argitalpen horrek: Juan Mari Lekuonaren Meretriz illa, Bitoriano Gandiagaren Bizitza xurrutka, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea, Xabier Leteren Ez nau izutzen negu hurbilak, Bernardo Atxagaren Trikuarena...

Pablo Gonzalez de Langarikak osatu du espainierazko olerkigintza landu duten euskal idazleen zerrenda. Angela Figuera, Blas de Otero, Javier Bengoetxea, Jorge Gonzalez Aranguren eta Blanca Sarasuaren lanak, berriz, Jose Ramon Zabalak, Juan Jose Lanzek, Jose Fernandez de la Sotak, Felipe Juaristik eta Seve Callejak hautatu eta aztertu dituzte.

Sorta, «zaporea dastatzeko»

Itzulpenak egiteko, lan talde zabala bildu du Euskaltzaindiak. Luigi Anselmi, Felipe Juaristi, Jose Ramon Zabala eta Amaia Iturbide arduratu dira euskarazko itzulpenez; Helene Laurent eta Itxaro Borda frantsesezkoez; eta Eli Tolaretxipi eta Amaia Gabantxo, ingelesezkoez.

Idazle eta lanen hautaketa egitea ez dela erraza izan azaldu du Gartzia Trujillok. «Idazle askoren lan bana sartu edo gutxi batzuen sortatxo bat?». Horra hor askatu beharreko lehen korapiloa. Ordea, irakurleak «idazle horien zaporea dastatzeko» poema sail bat aurkeztea ezinbestekoa zela iruditu zitzaien Gartzia Trujillo eta Gonzalez de Langarikari. Hamar egileren 50 obra daude liburuan.

Gartzia Trujilloren zerrendan ez dago ez emakumezko idazlerik ez Ipar Euskal Herrikorik, Gartzia Trujillok berak ohartarazi duenez. «Badakit emakume idazle onak badaudela, baita Ipar Euskal Herriko idazle oparoak ere. Baina aukeratutako bost horietatik nor utzi kanpoan beste bat sartzeko? Horra nire zalantza».

«Kalitatea politikoki zuzenak diren irizpideen gainetik, hau da, genero parekidetasuna eta lurraldetasunaren gainetik», jarri duela azaldu du Gartzia Trujillok, jakinik ere kalitateaz duen ikuspegia askorentzat «eztabaidagarria» izan daitekeela.

Hutsuneak baleude ere, Gartzia Trujillok eta Gonzalez de Langarikak «euskal kultura mundura zabaltzeko erreferentziazko liburu bat» apailatu dutela uste du Urrutiak. Kanpotik datozen beste akademietako kideentzako «bisita txartela» ere badela azaldu du. «Sarri askotan etortzen dira, eta ez dugu izaten uler dezaketen hizkuntzaren batean dagoen testurik, gure literaturaren berri emateko».

Alde horretatik, liburua «hutsune bat betetzera» datorrela uste dute Gartzia Trujillok eta Gonzalez de Langarikak. Izan ere, apailatzaile bien iritziz, «euskaraz ez dakiten askok sumatu ere ez dute egiten zein balio duen euskarazko poesiak». Ingelesez, frantsesez eta espainieraz ematean, muga horiek zertxobait apaldu direlakoan daude.

Euskal literatura atzerrian ezagutarazteko irekitako bidean lanean segitzeko asmoa agertu du euskararen akademiako buruak. «Egungo mendeak eta munduak hala eskatzen duela argi dago, eta bide horretan jarraitzeko zalantzarik ez du Euskaltzaindiak», esan du Urrutiak.



Gabriel Arestiren omenezko erretratua jarri dute Euskaltzaindiaren egoitzan

Heldu den ostegunean, hilaren 14an, izango dira 77 urte Gabriel Aresti Bilbon jaio zela. Eta beste idazle batzuen lanez gainera, haren poemak ere biltzen dituen Ahotsa, hitzak eta hizkuntzak liburua aurkeztu ondoren, omenaldi xume bat egin zioten, atzo eguerdian, Euskaltzaindiko kideek eta senideek. Arestiren erretratu bat aurkeztu zuten Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Meli Esteban Arestiren alargunak. Jorge Garcia Alegriak egin du, eta Euskaltzaindiaren egoitzako batzar aretoko sarreran egongo da aurrerantzean. Xabier Kintana euskaltzainak Arestik eta haren garaikideek erakutsi zuten adorea goraipatu zuen. «Oso egoera zailean lan egin zuten, eta haiei esker transmisioa ziurtatu da, bai euskararena, bai gure hizkuntzarena». Urrutia prest azaldu zen Arestiren lana zabaltzeko bestelako ekimenak sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.