Zinema kritikariek inondik inora espero ez zuten filma saritu du Berlinaleko epaimahaiak, Urrezko Hartzarekin: Mark Dornford-Day zuzendari hego afrikarraren U-Carmen e-Khayelitsha. Berlingo zinema jaialdiko garaikur nagusia jaso duen obraBizeten operan oinarrituta dago, eta Hego Afrikako herrixka batean girotu du Dayek. Pertsonaiek xhosa izeneko bertako hizkuntzan hitz egiten dute.
Berlinaleko epaimahaiak atzo eman zuen jakitera aurtengo jaialdiko film irabazleen zerrenda; hala, Roland Emmerich epaimahaiburuak film luze onenaren Urrezko Hartza U-Carmen e-Khayelitsha filmari emateko erabakia publiko egin zuenean, harridura nagusitu zen bertara bildutako kritikari eta kazetarien artean. Dornford-Dayen lana ez zegoen faboritoen artean. Nazien kontrako ekintzaile izandako Shopie Schollen bizitza kontatzen duen Shopie Scholl, die letzten Tage Alemaniako filmak, ordea, ez zuen ezustekorik eman. Berlinale jarraitu dutenek espero zutenez, sari bat baino gehiago jaso du; bi, hain zuzen: Marc Rothemundi zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza eman dio epaimahaiak, eta Julia Jentschi, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza. Bestalde, Lou Taylor Puccik eskuratu du gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Hartza, Mike Millesen AEBetako Thumbsucker filmean eginiko lanagatik.
Erotismo gogorreko musikalari Zilarrezko Hartza
2005eko Berlingo zinema jaialdian hirugarren nagusituriko filma Gu Changwe txinatarraren Kong Que izan da; Txinan grabatu eta ekoizturiko lan horrek epaimahaiaren garaikur nagusia jaso du, hots, Zilarrezko Hartza. Ekarpen artistiko onena dela bide, Zilarrezko Hartza lortu duen fimak, berriz, saritutako film guztiekin zerikusi txikia du. Tsai Ming Liang zuzendariaren Tian Bian Yi Duo Yun lanak kitsch musikala, erotismo gogorra eta kontenplazio uneak nahasten ditu, Antonioni estiloari jarraituz. Zehazki, Taiwan, Txina eta Frantziaren parte-hartzea duen filmaren gidoia saritu du epaimahaiak.
Halaber, epaimahaiaren irudiko, aurtengo Berlinalera aurkeztu diren 21 filmen artean, Jacques Audiard frantziarraren De battre mon coeur s'est arrete pelikulak du musikarik onena. Ondorioz, film hartako musikaren egileari eman dio zinemako musikarik onenaren Zilarrezko Hartza: Alexandre Desplati, alegia. Film luzeak ez ezik, laburrak ere lehiatzen dira Berlinalen. Hala, film labur onenaren Urrezko Hartza Erresuma Batuko Peter Mackie Burnsen Milk obrari ematea ebatzi du epaimahaiak. Aldiz, epaimahaiaren sari nagusia, hau da, Zilarrezko Hartza, Jay Duplass estatubatuarraren The Intervention obrari eman dio.
ZINEMA. BERLINALE
Bizeten operan
Mark Dornford-Dayren 'U-Carmen e-Khayelitsha' filmak ezustekoa eman, eta Berlinaleko Urrezko Hartza eskuratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu