DURANGOKO 45. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

«Bizipoza sentitu dugu Ahotsenean»

Sortzaile eta hartzaileak eroso sentitu dira, eta harrera «oso ona» egin diote guneari; «zenbait unetan txiki geratu da»

Irune Berro Urrizelki.
Durango
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ahotsenearen hanka bien, sortzaile eta hartzaileen erantzuna «oso ona» izan dela azaldu du Gotzon Barandiaran antolatzaileak. Areago esan du: «Sekulako bizipoza sentitu dugu Ahotsenean egun hauetan, bai sortzaileek bai hartzaileek. Ez da ikusi aurpegi ilunik, eta pena ere badaukagu amaituko delako». Batzuk zein besteak, sortzaile eta hartzaileak «oso pozik» agertu direla nabarmendu du. Denera, 76 aurkezpen izan dira Ahotsenean, eta 200 sortzaile inguruk parte hartu dute. Lau egunez izan da zabalik. Eta liburu eta diskoen aurkezpenez gain, solasaldiak, errezitaldiak eta kontzertuak izan dira. Harrera ezin hobea izan du jendearen aldetik, zenbait unetan txiki geratzeraino. Ekitaldi batzuetara sartu ezinik geratu direnak ere badira. «Onean ulertuta, gainezka egin digu», zioen pozarren beste antolatzaileetako batek, Sergio Regueirok.

Arrakasta berba ez du gogoko Barandiaranek, baina eskaintzak erantzun zabala izan duela argi du. Azokatik «bi pausora» egoteak, alegia, gertutasunak eragina izan duela uste du. Baina aurrez jendeak jakingura eta interesa ere bazuela sinetsita dago. «Sortzaile ezagunen zein lehen lana aurkeztu dutenen emanaldiek erakarri dute jendea». Nolatan? «Naturala da jendeak lehen eskutik jakin nahi izatea euskal musikari eta idazleak zertan ari diren, zein lan dituzten. Jende batek hor deskubritu ditu sortzaile batzuk, eta emanaldia amaitzean azokako mahaira jarraitu ditu, lana erosteko».

Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoak, bere aldetik, Barandiaranen hitzak berretsi ditu: «Ahotsenea izugarria izan da, eta ikusi da nola jendeak sortzailea han entzun ondoren azoka barrura etorri den lana erostera. Neure begiz ikusi ditut halako zenbait adibide».

Finantzabidea guztiz argitu gabe ekin zioten Ahotseneako karpa muntatzeko lanei, joan den astean. Azokaren inaugurazioaren bezperan, ostiralean, jakin zuten Eusko Jaurlaritzari eskatutako laguntzaren zati bat behintzat jaso egingo zutela. Ordea, Barandiaranek lehentasuna eman dio euskarazko musika eta literatura sustatzeko irakurketa adostuak lortzeari. «Eta gero ikusiko dugu nola finantzatzen dugun». Nolanahi ere, instituzio publikoek halako ekimenak diruz laguntzea berezkoa izan behar lukeela uste du, «euskal kulturaren eta herritarren interesen aldeko den heinean, ez gu eskean gabiltzalako».

Ahotseneako saioak Hamaika eta Goiena telebistek eta ETB3k grabatu dituzte, eta datozen egun-aste-hiletan joango dira ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.