«Garrantzitsuena eta daukagun bakarra bizitza da, eta oso ondo dago bizitza zein polita den esaten ikastea. Bizitza kentzen badizute, dena kentzen dizute». Mezu positibo horrekin heldu da Javier Mariscal diseinatzailea Donostiara, Bizi Poza! erakusketa aurkeztera. Kursaaleko Kubo-Kutxa aretoan dago zabalik, eta 2012ko urtarrilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da.
Mariscalen beraren obrak baino gehiago, Mariscal estudioak egindako lanak bildu ditu erakusketak. Pedrin anaiaren zuzendaritzapean, «estudioan egon daitekeen nahasketa bitxia» eraman dute aretora. «Egin ditugun lanen artean pieza oso pertsonalak daude, artistikoak, autore piezak». Denetik aurki daiteke erakusketako gela nagusian: enpresen irudi korporatiboak, barrualdeak diseinatzeko lanak, komikiak, altzariak... «Hemen dauden lanak taldekako lanak dira; zu prozesu baten zati txiki bat besterik ez zara. Mariscalek diseinatua dela diote; Mariscalek diseinatua da, bai, baina baita 200.000 gehiagok egina ere». Estudioan lan egiten duten hogeita hiru lagunez gain, prozesuan beste askok parte hartzen dutela gogorarazi du Mariscalek: «Estudiotik kanpo jende asko dago, gauza asko erabakitzen dituena eta paraleloki gurekin lan egiten duena».
Taldean egindako lanez gain, bada erakusketarako Mariscalek espreski egin duen lana, erakusketaren izen bera daramana. «Leherketa bat da, poztasuna, formen leherketa hizki gogor batzuen artean. Nire belaunaldikoek ez dugu oihana ezagutu, hainbat artistaren interpretazioaren bidez ezagutu dut, eta begira, hor daude palmera moduko horiek». Hamabost egun eman zituen lan horretan, bere bakardadean: «Margotzen duzunean bakarrik egin behar duzu, eta ahal bada, ez zaitzala inork ikus».
Ez daki erakusketan zenbat lan jaso dituen, baina horrek ez dio axola. «Nahi izan duguna abaniko bat erakustea da, lan grafikoak, identitatea dutenak, eta askotariko adibideak daude identitate hori nola aplikatzen den erakusteko». 1977. urtekoa da erakusketako piezarik zaharrena, El señor del caballito izenekoa: «Komiki moduan egin nuen lehen pertsonaia da, matxe paperarekin; beti gustatu izan zait paperetik bolumenera salto egitea».
Urteetan estudioan egindako lanei errepasoa egin die Bizi Poza!-n; hala ere, badu erakusketan sartu gabe utzi eta ekartzea gustatuko litzaiokeen piezarik: «Egin dudan azken pieza ekartzea gustatuko litzaidake: flexo lanpara bat da, oso industriala eta teknikoa. Baina prozesu luzeak dira, eta ez da posible izan».
Pieza bakoitzaren atzean, lana ez ezik, jolasa ere badago, eta hori azaltzen saiatzeko ahalegina egin du Mariscalen estudioak. «Orain dela gutxi arte, eta oraindik ere, oso gaizki ikusita dago jolastea, oso serioa delako. Eta gero dena gezurra da, denok jolasten gara, txikitatik egin dugun zerbait da, pentsatzeko modu bat».
Esentziatik emaitzara
Lan guztiak Kubo-Kutxa aretoan ordenatzeko, Pedrin anaiaren laguntza ezinbestekotzat jo du diseinatzaileak, erakusketa gela behar bezala betetzeko. «Aretoa oso eskuzabala eta oso arraroa da era berean, erregea sentitzen zara hemen. Pareta bikaina da, baina oso altua, oso zaila; ez dago holtzik eta dena nahas daiteke».
Sarrerako gela txikiak, kolore ilunetan, ongietorria egiten dio ikusleari. «Mariscalen esentzia dago hemen», Pedrin Mariscalen arabera. Zirriborroen tunel batetik pasatzeko gonbita, ilustrazioak video performance bihurtuta —«Gabonetako jaiotzen itxuran»—, eta 70eko hamarkadatik aurrerako marrazki bildumak biltzen ditu.
Gela nagusian, berriz, kolorea da nagusi, pareta zuria margotzen. Bizipoza oihukatzen duten lanak, askotariko eskulturak, txapak, sukaldeko tresnak, diskoak, ardo botilak, barrualdeko proiektuen irudiak, haurrentzako apalak egiteko objektu koloretsuak, zuri-beltzaren kontrasteak... Joko Olinpikoetako Kobi maskotak ere badu bere txokoa, hamaika txikikeriaz beteta. Fernando Truebarekin batera Mariscalek berak zuzendu zuen Chico y Rita filmari ere eskaini dio erakusketaren alde bat; Habanako bista zatikatua nahiz filmeko irudien zirriborroak jasoz.
Bizirik dagoenaren hamaika aurpegi
Javier Mariscalen 'Bizi Poza!' erakusketak diseinatzailearen estudioak urteetan egin dituen lanak bildu ditu DonostianKomikiak, altzairuak, zirriborroak eta irudi korporatiboak jaso ditu, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu