«Bizitzak eman behar izan dit, eta kendu, liburu hau idazteko»

Bere bizipenekin estu lotutako askotariko poemak jaso ditu Miren Agur Meabek 'Bitsa eskuetan' liburuan

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bere azken urteetako bizipenekin harreman estua duten poemak eman ditu argitara Miren Agur Meabek Bitsa eskuetan poema liburuan (Susa). «Adierazpen batasuna dago nire bizipenen eta testuen artean», azaldu du poetak. «Bizitzak eman behar izan dit, eta kendu, liburu hau idazteko. Eta idatzi ahala, idazten jardun dudalako, beste noranzko bat hartu du nire bizitzak. Idatziz jartzean, errebelatu egiten zaizkigu ordura arte zehaztu gabeak ziren intuizioak eta sentipenak. Horrenbestez, idazkuntzari traiziorik ez egiteko, ezin traizionatu bizitza; eta alderantziz».

Poemak idaztean, «prozesu mingots baina baketsua» bizi izan du «nortzearen -neure burua aztertzearen- eta zertzearen -liburua taxutzearen- artean». Meaberentzat, idaztearen xedea «emozioak gogoeta bihurtzea» da, eta gogoeta hori «makulu gisa» erabiltzea egunerokotasunari eusteko. «Liburua idatzi ahala, neure barne habitata berratondu dut, eta ariketa horretan poesia laguntza handikoa izan da. Poesiak existentzia dominatzen lagundu dit».

Bigarren poema liburua du Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) Bitsa eskuetan. Duela hamar urte argitaratu zuen Azalaren kodea (Susa), azken urteetan argitaratutako euskarazko poema liburuen artean oihartzun handiena izan dutenetako bat. «Irakurtzen duenari irudituko zaio Azalaren kodea-ren oihartzunak badaudela hemen, eta hala da», Meaberen ustez. «Hamar urte igaro diren arren eta liburu biak autonomoak izan arren, badira honetan orduko hartan barruntatzen ziren ardura, min eta gatazka batzuei emandako erantzunak, baina beste leku-denbora eta beste bizi-parametro batzuetatik. Poesia sentsitiboa, ni-an oso oinarritua, gardena eta osatua izaten jarraitzen duela uste dut, baina poetika diferente batean sostengatua».

Bi liburuak batzen dituzten ezaugarrien artean «gorpuztasuna» eta «tragedia pertsonalei neurria emateko ahalegina» daude. «Liburuan zehar esfortzu bat ageri da bizitza aldaketa dela asumitzeko, eta aldaketa horren aurre-atzeak harriduraz, minez, ilusioz eta zalantzaz josita daudela onartzeko. Galerei buruzko liburua da funtsean Bitsa eskuetan. Baina, zorionez, galerak ere, azken muturrera eroanda, aurkikuntzak izaten dira».

Bitsa, oparotasun eta gabezia

Paradoxatik duenak eraman du poeta izenburuan bitsa aipatzera. «Oparotasunaren eta gabeziaren sinboloa da, hedonismoarena eta iragankortasunarena, osotasunarena eta babes faltarena. Bistakoa da, gainera, bitsa eta bizitza-ren arteko hoskidetasuna». Ura, gatza, baratzea, kanak (ile urdinak) eta kalak dira liburuan presentzia eta itzal handia duten beste elementu batzuk.

Hiru ataletan banatu du Meabek liburua. La vie en rose izenburu ironikoa duen ataleko poemetan, «izatearen errepaso moduko bat» egiten du poetak, eta «ni-aren berrespena, erabakiak eta helburuak, iraganari agur egitea eta orainari ongietorria ematea nagusitzen dira». Amaren gaixotzea eta heriotza azaltzen du Harearen geriza atalak, «haren oroipena gaurkotuz eta jasotako ondarearen maitasunezko aitorpena eginez, baina narratzaileak kamera bat balitz bezala jokatzen duela, flagelazioari ihes eginez eta sentimentalismoa baztertuta». Zapitxo intimoak hirugarren eta azken atala mingotsetik gozotik baino gehiago duen harreman baten kontaketa da, «pasioaren eta kalmaren arteko konbinazioa» eskaintzen duena.

Neurri handi batean «betiko obsesioen eta kezken mirabe» izan arren, «adierazmolde diferente bat edo» aurkitu duelakoan dago Meabe, askotariko testuak batzen dituen poema liburu berrian. «Badira poema arruntak edo dei daitezkeenak, lerro laburretan banatutako horiek; beste poema batzuk lerroak binaka eta hirunaka antolatua dituzte, efektu jakin baten bila, parrafoen arteko etenei dagokien isiltasunak hausnarketari lagun diezaion; poema batzuk hiperlaburrak dira, esaldi bakarrekoak edo bi esaldikoak; eta badira prosazko poemak eta poema dislokatuak ere». Kasu guztietan, forma jakin baten aldeko hautuak poemaren adierazkortasunari laguntzea du xede nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.