Kultura

Bizitzaren bidaiak

Helduentzako prestatu duen bigarren antzezlana estreinatuko du gaur Kukubiltxok, Azpeitian. Santurtzitik Mexikora frankismotik ihesi joandako marinelak abiapuntu gisa hartuta, bizitzaren ezusteko bidaiei buruzko gogoeta da 'Inorako bidaia'.

2011ko azaroaren 20a
19:51
Entzun

Aristides Vargasen eskutik dator, oraingoan ere, Kukubiltxoren helduentzako bigarren lana. Duela hiru urte, Haritzaren azalera zehatza estreinatu zuen zuzendari argentinarraren gidaritzapean. 34 urtez haurrentzako ekoizpenak egiten aritu da taldea, eta esparru hori lantzen jarraitzen du —Leihotik mundura antzezlana herririk herri taularatuz ari da orain—, baina duela hiru urte hasitako bideari jarraiki, helduengan ere jarri du begia. Inorako bidaiada horren emaitza. Euskaraz gaur estreinatuko dute, Azpeitiko Soreasu antzokian, antzerki topaketen barruan, eta gaztelaniazko bertsioa hilabete batzuk barru taularatuko dute. Tartean, hilaren 24an, Santurtziko Serantes aretoan izango dira, 20:30ean.

Gotzon Barandiaranek egokitu du euskarazko testua. Aristides Vargasen berbetan, Santurtziko emanaldia «adierazgarria » izango da,Inorako bidaiaren abiapuntua bertan dagoelako, duela 61 urte. Karmen egunean, 1950. urtean, bederatzi gizon, belaontzi bat hartu, eta Santurtziko portutik Mexikorantz abiatu ziren frankismotik ihesi. 91 egunez nora ezean ibili ondoren, Veracruzen lurreratu zuten, eta ez ziren berriz bueltatu. Istorio horrek gizakion joan-etorriaz pentsarazi zuen Aristides Vargas. «Umezarotik gaztarora igarotzen gara, eta, gero, zahartzarora. Bizitzan aurrera egin ahala, une horiek memorian geratzen dira betiko, eta ez gara berriz ume izango. Nostalgia baina aldi berean poztasuna sentitzen dut jakin badakidalako bizi naizela, aurrera egiten dudala, errealitate batetik beste batera noala bidaian».

Erbesteratzea eta ongizatea

Felix San Mames marinelak bere egunerokoan idatzitako bizipenak abiapuntutzat hartuz, bidaien inguruan ametsetan hasi zen Vargas. «Bidaiatzeko hiru era paralelo biziko ditu ikusleak Inorako bidaia honetan: Santurtziko marinelena, gerra osteko gizartearena eta norbanakoen bidaia txiki pertsonalena». Aristidesen estiloari jarraiki, metafora ugari daude antzezlanean. Elementuen erabilera sinbolikoa egiten du uneoro. Paperezko txalupak ageri dira nonahi igerian gizakion joanetorria adieraziz. Ikuslea bidaia metaforiko horretan murgildu nahi du Vargasek: «Taula gaineko pertsonaien modura, kaosaren erdian ikusiko du bere burua ikusleak, baina hori da nahi dudana, publikoa aktiboa izan dadila eta istorioaren koherentzia bila dezala».«Den-dena ondo antolatuta dagoen gizarte batean bizi gara», adierazi du Vargasek.

Argentinarra izanik, Ekuadorren finkatu zuen bere ibilbidea militarren kolpearen ondorioz. Haren unibertsoa, beraz, latinoamerikarra da. Vargasek berak bizi izan ez duen ongizate hori bizi dugula dio. «Estutasunik gabeko bizimodu bat daramagu, eta askotan ez gara ausartzen arrisku gabeko bizimodutik irteten», gaineratu du. «Obra honen bidez publikoari azaldu nahi diot bizitzan dena ez dela segurua, ezustekoak ere badaudela eta horiek biziz bizitza abentura bilaka daitekeela». Beldurrak desadostasuna itotzen duen garaian, herritarrak gauero biltzen dira mendiko herrixka bateko Utopia tabernan. Piok, tabernariak, egoera berri bat sortu nahian, kontrabandozko uhinak irakurtzen dituen irrati bat erosi, eta martxan jarri du. Haizea eta Askatasuna irrati saioa sintonizatu dute.

Santurtziko kaitik bederatzi iheslari askatasunaren bila abiatu dira, Karmen egunean euskal marinelei eskaintzen zaien lore eskaintza aprobetxatuz. Mendiko herri hartako biztanleak Utopia tabernan inprobisatutako Montserrat belaontzian ontziratuz marinel bilakatu dira, askatasuna helburu duen bidaia kolektiboan abiatuz. Marifeli Etxeandia, Iurgi Etxebarria, Ainoa Alberdi, Josu Camara eta Maria Alonso aktoreak duela hilabete hasi ziren entsegu lanetan Mungiako Olalde aretoan. Baina Inorako bidaia antzezlana duela sei hilabete hasi ziren prestatzen zuzendariarekin batera. Gidoitik hasi eta ekoizpena zehazteraino lan taldean egin dute. «Aktore bakoitzari guretzat bereziak ziren bizipenak idazteko eskaera egin zigun Aristidesek, eta hortik tiraka sortu dugu antzezlana », azaldu du Marifeli Etxeandiak.

Josu Camara ikuskizunean Mikel alkatea da. «Galduta nabil norabide argirik gabe zerbaiten bila, baina esperantza badut nonbaitera helduko naizela». Maria Alonso, beti amonarekin dabilen neskatoaren azalean, herriko gazteena da. Ainoa Alberdik amona indartsuaren rola jokatzen du: «Nire bizitzan aurretik egon diren arbaso emakumezkoei omenaldia egin nahi diet obra honen bidez». Simon inozoak rol garrantzitsua jokatzen du antzezlanean. Bost aktoreek barneratzen dute pertsonaia: «Inozentziaren ordezkari eta arima da. Denok dugu Simon bat barruan, oso rol interesgarria da».

Rol bat baino gehiago

Etxeandia mugalaria da: «Herrira irratia ekartzen dut, aparatu bat baino gehiago, aukera bat delako jendea garai hartako izaeratik irten zedin». Gerraostea sasoi iluna izan zen, errepresio handikoa, isiltasuna eta gosea ziren nagusi, bizimodu itogarria. «Egoera itsusi horretatik irteteko, mugalariak, errepublikanoekin harremana duenez, irratia ekarriko du, herritarrengan jakin-mina piztuko duen gailu bat. Ez da ohiko obra bat, bakoitzak rol bat baino gehiago jokatzen dugulako. Utopiaren bila doazen marinel ere bihurtzen gara, eta Marifeli ere banaiz neure barreneko istorioen berri emanez».

Iurgi Etxebarria tabernako jabea da: «Utopian denak sartzen dira, eta denekin ondo eraman behar. Euskal Herrian antzeko txoko bereziak daude, giro eta komunitate aniztunaren topaleku». «Bederatzi gizon hauen bidaia gutako edozeinen bidaia izan daiteke », dio Alberdik. «Kaos horretan zure lekuan mantentzen jakitea da kontua, norbere esentzia galdu gabe. Bizitzan ere horrelako etengabeko bidaiak ditugu». Camararen ustez, utopia ametsen leku bat da: «Baina bidaiarik gabeko ametsik ez dago. Utopia bizitza da. Guk bidaia utopiko honekin omendu egin nahi ditugu garai hartan askatasuna eta bizimodu hobeago bat nahi zutenak. Hori da denon bizitzaren esentzia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.