La Asuncion, Lauaizeta eta La Anunciata ikastetxeetako ikasleek bizikletak hartu eta Donostia erdialdean egin duten ibilalditxoarekin hasi da gaur goizean Olatu Talka jaialdiaren 6. ekitaldia. Alderdi Ederrera, udaletxe parera iritsi dira 11:00ak baino lehenago eta Oihana Maritorena aktore eta aurkezlearen jarraibideei segituz, ibilaldi bat egin dute inguruko kaleetatik berriro Alderdi Ederrera iritsi baino lehen. Han zituzten zain Plus 55 sanba-batukada taldeko kideak musikarekin. Alderdi Ederren elkartu dira, halaber, udalbatzako kideak eta baita Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdietako ordezkariak ere, tartean Eneko Goia EAJko alkategaia.
Modu horretan hasi da Olatu Talka, Donostia2016k duela bost urte abian jarritako jaialdia. Igandera bitartean arlo askotako ekimenak egingo dituzte hirian eta horietan 2.000 lagun inguruk hartuko dute parte Jon Aizpurua Donostia Kulturako ordezkariak gaur azaldu duenez.