BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA. LEHEN KANPORAKETA. Solteak eta solte

Oihana Bartra nagusitu da Mungian, puntu politak izan arren oro har nahiko maila apala izan duen saioan

Beñat Zamalloa Akizu.
Mungia
2010eko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Doazen bertso txarren arteko / ideia jenial solteak», kantatu zuen azken agurrean Oihana Bartrak igandean, Mungian jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketan, eta bertso apalen artetik ideia, ale eta puntu polit solteak entzun ziren arren, maila apaleko saioa izan zen. Ofiziotan, zortziko handiko eta zortziko txikiko ariketatan, salbuespen batean ala bestean salbu, bertsolariak elkarlanean eta harremanean baino gehiago, solte aritu ziren, batzuetan ondokoaren bertsoari keinuren bat eginagatik, nor beretik eta nork bereari kantatzen. Soltean, bakarkakoetan, lehen puntuari erantzuteko bi bertsoetan eta kartzelan entzun ziren ideia, ale eta puntu solterik onenak.

Bartraren ondotik Xabier Enbeita, Ander Elortegi, Itsaso Paia, Julen Erezuma eta Julen Sololuze sailkatu ziren 300 lagun ingururekin bete ez zen Olalde aretoan. Lehen bi sailkatuen arteko aldea zabala izan zen puntuetan, eta Bartra da, oraingoz, saioa irabazi zuelako, zuzenean finalaurrekotan ariko dena; gainontzekoek beste lau kanporaketetako puntuazioen arabera egingo dute txapelketan aurrera.

«Julen, oporretan iji eta aja ibili ostean, jakin duzu Oihana, zure bikotekideak, oporretan joan ahal izateko kreditua eskatu zuela», eman zien gaia Maite Berriozabalek Sololuzeri eta Bartrari zortziko nagusian aritzeko. «Zuk dirurik ez badaukazu / eskatu eidazu neri», kantatuaz bukatu zuen lehen bertsoa Sololuzek, eta honela erantzun zion Bartrak: «Opor hauetan ipini neban / makina bat itxaropen / bestela ere ez dogulako / gure harremana jagoten. / Zuri dirua eskatuz ezin / neban euki hainbat lorpen / maitasun pixkat eskau ostean / ez badeustazu emoten».

Mungian Olentzeroren etxea dagoela-eta, bakarka bertsoa osatzeko lehen puntua etxearen gainekoa izan eta gero, «Oparirik itxiko / ete deutsu aurton?», galdetu zion Berriozabalek, eta honela osatu zuen bertsoa Bartrak: «Nire kartari egin / ezkero jaramon / zelan egin dodazan / hainbeste gauza on / eskatutako danak / behar daustaz emon».

Irudiaren kartzelan

«Zure irudia aldatu gura zenuela-eta ebakuntza bat egin zenuen. Ispilu aurrean zaude», izan zuten kartzelako gaia. Sololuzek «behiaren musturra eta / astuan belarriak» aldatu zituela adierazi zituen pentsatzeko eta egituratzeko tarterik hartu barik nola hala, kostata eta ateraldi xelebreez. Bartrak titiak handitzeko ebakuntza egin zuen, baina ez zen konforme geratu: «Kauen la letxe ez nauen gura / ez hain gitxi ez hainbeste». Zakila luzatu zuen ebakuntzaren bidez Elortegik gaztetako trauma baten ondorio: «Gazte nintzela jokatzen nuen / futboleko talde baten / dutxara sartu eta guztiek / barre egiten zidaten». Erezumak belarriak aldatuta, adarjotzeak saihestu arren lehen baino ederragoa ez zela azaldu ondoren, berak bete ez zuen aholkua eman zuen bertsoaldiaren bukaeran: «Baina norbera onartzea da / lehendabiziko pausoa». «Eta ze harro hurbildu nazen / etxeko ispilurantza / azkenean bai, orain badeukot / ta Michael Douglasen antza», plazera eta poza sentitzen zituen ispiluari begira Enbeitak kokotsean ebakuntza eginda. «Egon behar nuen besteen eran / polit-polit, flako-flako / nire irudia aldatu dut bai / baina noren gusturako?», ebakuntzaren bidez argalduta ez zegoen bere buruarekin konforme ispiluari begira Paia.

Ariketa horretan ere Bartra nabarmendu zen, eta Elortegik ere bertsoaldi polita egin zuen. Bartrak triste zela eta askatasun bila jo zuela kantatu zuen lehen bertsoan, eta hirugarrenean aitortu zuen ez zela zoriontsuago sentitzen. Bien tartean, bigarrena honela osatu zuen:

Oihana Bartra:

Lagun guztiek animatuta

«Beinga, kontsultara goazen».

Garai batean operazino

oso konplikatua zen

baina apurka medikuntza be

joan danez aurreratzen

azkenerako, itxura barri

ta ezbardin hau nabil hartzen.

Lehen jendea beitu barik

albotik jatan pasatzen

ta orain berriz, inok ez deuzta

begietara begiratzen.



«Gaurko ilusino eta biharko kolpea / ze ederra dan txapelketan egotea», kantatu zuen Bartrak estreinako agurrean, baina gaurko ilusioa, biharko ilusio egin zuen Gernikan jokatuko den azken finalaurrekoan kantatuko baitu aurreko txapelketako finalista izateagatik zuzenean sailkatuta dagoen Fredi Paiarekin eta gainontzeko kanporaketetatik sailkatuko diren beste lau bertsolarirekin.

Bigarren kanporaketa Balmasedako Klaret antzokian jokatuko da, hilaren 17an, igandearekin, 17:30ean. Joseba Artza, Asier Legarreta, Iker Belaustegi, Iñaki Iturriotz, Lander Ibarluzea eta Jone Uria izango dira saio horretako lehiakideak, eta Bernardo Mandaluniz izango dute gai-jartzaile. Beste hiru kanporaketa geratuko dira jokatzeko: Aulestikoa, hilaren 24an; Igorrekoa, urriaren 31n; eta Getxokoa, azaroaren 7an.



Sailkapena

1. Oihana Bartra 412,5

2. Xabier Enbeita 370,5

3. Ander Elortegi 361,5

4. Itsaso Paia 349

5. Julen Erezuma 342

6. Julen Sololuze 340
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.