Literatura

'Black is beltza', Muguruzaren bonba hedakorra

Fermin Muguruza musikariak, Harkaitz Cano idazleak eta Jorge Alderete marrazkilariak sortu dute 'Black is beltza' komikia. Hari buruzko erakusketa bat zabaldu dute Bilboko Alondegian, eta datorren asteetarako ekitaldi sorta prestatu dute Bilbon; tartean Manu Chao-ren solasaldi batekin

Black is beltza' komikiaren aurkezpena. ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2014ko azaroaren 13a
13:40
Entzun

“Gure bonba hedakorra”. Hala deskribatu du Fermin Muguruza musikariakBlack is beltza  proiektua. Ez da debaldekoa hitz hautaketa. Orain bost urte piztu zen metxa. Orduan egin zion Muguruzak Harkaitz Cano idazleari helduentzako animazio film bat sortzeko proposamena. 1965ean Iruñeko erraldoiek New Yorkera egin zuten bidaia zen istorioaren abiapuntua, eta desfile hartan erraldoi beltzek desfilatzeko zuten debekua izango zen garai haren erretratu orokorra eskainiko zuen lanaren disparadorea. Idatzi zuten gidoia bi sortzaileek, baina zinemarako bidea bihurritu, eta eleberri grafiko bilakatzea erabaki zuten azkenean. Jorge Alderete marrazkilari argentinarrarekin harremanetan jarri, eta Black is beltza komiki liburua kaleratu dute orain. Baina leherketa osoaren parte bat baino ez da hori. Komikia kaleratzeaz gainera, erakusketa ere bilakatu dutelako proiektua Bilboko Alondegian, eta hitzaldi eta kontzertu zikloa ere antolatu dutelako haren harira hurrengo asteetarako Bilbon. Komikiaren izen bereko kanta bat ere sortu du propio musikariak: Black is beltza.

[youtube]http://youtu.be/tZc4_kukT-4[/youtube]

Hasieran hitza izan zen. Aspaldi zerabilen buruan Muguruzak Iruñeko erraldoien anekdotarekin zerbait egiteko gogoa. Urteak eman zituen New Yorkera egindako bisitari hari buruzko albistearen egunkari puskak bere etxeko horman, baina 2009an heldu zion azkenean ideiari. Azken batean, 60ko hamarkada erdidaldeko giroa kontatzeko baliatu nahi zuen anekdota. Eta esaldi bakarrean azaldu du giro hori Harkaitz Cano idazleak. “Garai hartan txanpona oraindik airean zegoen. Orduan ez zegoen argi zein aldera eroriko zen”. Kapitalismoa ez zen orduan aukera bakarra, izan ere. Eta musika, iraultza eta intriga uztartzen ditu kontakizunak, idazleak dioenez. Euskarazkoa da jatorriz lana, baina euskaraz eta gazteleraz kaleratu dute orain. Katalanera, frantsesera eta Mexikorako itzulpenak bidean direla adierazi dute egileek.

“Musika, maitasuna eta iraultza nahasten dituen akzio eta espiooitza istorioa da”. Manex Unanue izeneko erraldoi dantzariaren bitartez egiten da komikian garaiaren erretratua. Muguruzak egin du sinopsia: “Erraldoi beltzak ez zituzten eraman New Yorkera berez, baina guk lizentzia bat hartuta komikian New Yorkera eramaten ditugu, eta haiek dantzarazi behar zituzten gazteen artean sortzen da ika-mika bat, eta gazte horietako batek erabakitzen du gelditzea New Yorken. Manex Unanue, gure protagonistak. Han maitemintzen da neska kubatar batekin, eta badoa Kubara. 1967an misio berezi bat enkargatzen diote han. AEBetan dagoen Black Panther bat anulatu nahi du CIAk, eta hura handik atera eta Kubara eramateko eskatzen diote. Baina hori egiteko ezkutatu egin beharko da, kubatarrek ez dutelako nahi haiek mugimendua laguntzen ari direnik jakitea. Bidai oso luze bat egingo du gure Manexek misio hori betearazteko. Kito”. Hamar hiri ezagutuko ditu horregatik protagonistak bidaian, eta hamar hiritan antolatu dute horregatik Alondegiko erakusketa ere.

Komikiko irudiak, marrazki originalak, eta dokumentazio lana ageri ditu bildumak. Piezaz pieza osatu du erakusketa Sahatsa Jauregik. Eta komikian ageri den Muguruzaren erreferentzia baso trinkoa da paneletan hedazten dena. Musika kontzertuak, Che Guevararen argazkiak, 1967ko Euskal Heriko Bertsolari Txapelketa eta 1967ko Monterey musika jaialdia, Muhhamed Aliren inguruko dokumentala, Mexicoko Jai Alaia, Pantera beltzen mugimendua...

Manu Chaoren hitzaldia
Hiri osora hedatu nahi izan du proiektua Muguruzak. Hitzaldi, kontzertu eta topaketa egitaraua antolatu du horregatik Alondegian, Ambigu jatetxean, Bilboko Kafe Antzokian eta Zinebi zineman jaialdian . Alderetek tailerra eskainiko du bihar, adibidez. Alderete eta Muguruza arituko dira hizketan azaroaren 18an. Maika Makovskirekin topaketa antolatu du Azaroaren 19an. Eta azaroaren 21 eta 22an Manu Chao eta Jacek Wozniak eta Madjid Fahemekin topaketa antolatu du. Ruper Ordorika, Afrika Bibang eta Belako taldeko musikariak ere izango dira ekitaldi zerrenda horretan. Muguruza bera arituko da saio horien gidari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.