Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Administrazio Kontseiluko presidente kargua hartua behar zuen, atzo, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Hari tokatzen zitzaion, baina uko egin dio. Beraz, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak jarraituko du, behin-behinekoz, karguan. Halere, txosten juridiko bat eskatu du. Jakin nahi du ea posible den txanda-pasa egitea edo ea horretarako estatutuak aldatu behar diren.
Bilera egin zuen atzo arratsaldean administrazio kontseiluak, baina goizean bertan Urgellek bere intentzioen berri eman zuen jendaurrean. Hala, esan zuen Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari gutun bat bidali ziela, karguan «txanda-pasa» egin behar zela eta kargua alkateak hartu beharko lukeela. Eta uko egitearen arrazoiak ere eman zituen: «Batetik, uste dugu tokian tokiko instituzioei [Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari] dagokiela proiektuaren buru izatea eta proiektu bat dagoela azaltzea eta erakustea». Bigarrenaren berri emateko, administrazio kontseiluak joan den otsail hasieran hartutako erabakian oinarritu zen: «Uste dut Tabakaleraren ibilbidean aurreneko aldiz erabakiak ez zirela adostasunez hartu. Horrek esan nahi du une honetan gehiengoa dutenek hartu beharko luketela proiektuaren burutza».
Urgellek aipatutako bilera hartan, administrazio kontseiluak—Jaurlaritzako, aldundiko eta udaleko kideak biltzen ditu— erabaki zuen Tabakalera eta Donostia 2016 proiektuak ez uztartzea. Egitasmo horren aldekoa zen Jaurlaritza, eta hala jakinarazi zuen. Baina bozketa egin ondoren, administrazio kontseiluak erabaki zuen Tabakalerak bere kultur proiektu propioa garatzen jarraituko zuela. Administrazio kontseiluak 15 ordezkari ditu, eta horietako zortzi dira Bildukoak.
Bilera hartan bertan, Tabakalerako kultur zuzendaritzako postua eta kudeatzaile postua beteko dituzten pertsonen hautaketa prozesua martxan jartzea adostu zuten. Postuak lehiaketa publiko bidez aukeratuko dira. Hartara, hilaren hasieran jakinarazi zuten zuzendari posturako ehun lagun baino gehiago aurkeztu zirela. Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak iritzi ezberdina zuten gai horren inguruan. Jaurlaritzak nahi zuen Tabakalera eta Donostia 2016 egitasmoak zuzendaritza beraren esku uztea, «baliabideak optimizatu» ahal izateko. Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak, berriz, Tabakalerak «proiektu propioa» baduela adierazi zuen orduan: «Zuzendari eta lantalde berriak egitasmoa definitu behar du, bere egin, eta egungo garaietara moldatu». Jaurlaritzak uste du, ordea, ez dagoela Tabakalerarentzako programarik.
Blanca Urgellek uko egin dio Tabakaleraren presidentetzari
Garitanok jarraituko du behin-behinekoz karguan, baina txosten bat eskatuko du uko egitea argitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu