Azkena rock jaialdia

Blues eta psikodelia bidaia

ZZ Top eta Black Mountain taldeen emanaldiak gailendu dira Azkena Rock jaialdiko lehen jardunaldian.

Azkena Rock jaialdiko lehen jardunaldia. Irudian, Mad Martin Trio. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRES
Ivan Santamaria.
2015eko ekainaren 20a
10:18
Entzun

Rock musikaren geografia zabalean bidaitzea da urtero Azkena Rock jaialdiaren erronka. Mapa bat izango balitz, Azkenaren aurtengo lehen jardunaldian bi koordenada nabarmenduko lirateke kartografia horretan. AEBetako hegoaldeko blues rocka eta psikodelia. Euren artean oso ezberdin, baina elkarren artean osagarri, rock izeneko kontinente handi horretan.

2015 urteko kartelburua dira ZZ Top. Gauerditik minutu batzuk pasata azaldu zen eszenatokira Texasko hirukote ikonikoa. Got me under pressure abestiarekin ekin zioten emanaldiari, kontzertuak eskainiko zuenaren aurrerapen: blues rock bandaren ereserki ezagunenei errepasoa.

Hasierako bolumen falta eta soinua egokituta, goraka egin zuen ikuskizunak, aurrera egin ahala. Jator agertu zen Billy Gibbons gitarra jolea publikoarekin. My head is in Mississippi kantua aukeratu zuen argi uzteko bere burua ez zegoela bart Mississipin, Gasteizen baizik. Ohi duten trikimailu zerrenda ezaguna baliatu zuten ZZ Topekoek —iledun musika tresnak, zigarreta Gibbonsen ezpainetan—, baina, batez ere, musikak hartu zuen garrantzia. Gitarrari zuku osoa ateratzeko gai dela argi utzi zuen Gibbonsek.

Ordubete pasata, atseden hartu zuten hiru musikariek. Indarrak hartzea beharrezkoa zen azken txanparako. Jaka disdiratsuekin jantzita, Texaskoek azken bi klasiko atera zituzten patrikatik festa amaitzeko: La Grange eta Tush.
Musikari beterano asko igaro dira Mendizabalatik, batzuk onenak aspaldi emanda. Egia da ikuskizuna oso neurtua dutela ZZ Topekoek, baina 64 urterekin blues rockaren tempoa menperatu, eta publikoa berotzeko gai direla argi geratu zen.

Amaitu eta berehala ez zen atsedenerako tarterik izan. Bigarren agertokian aritzeko gertu zegoen eguneko bigarren talderik esanguratsuena: L7. Mendizabalako antolakuntzan aurten egindako aldaketak aipagarriak dira. Bigarren agertoki hori estali eta mugatu ohi zuen karpa ez dute jarri. Espazio handiagoa ematen du horrek, eta soinu kalitatea ere hobetzeko aukera, hasiera batean.

Ziur aski ez dira L7 izango hobekuntza horri etekin handiena aterako diotenak, baina Kaliforniako laukotea gogo biziz aritu zela ezin ukatu. Urte luze iraun duen geldialdi batetik bueltan, Deatwhish kantuarekin heldu zioten emanaldiari Donita Sparksek eta bere neskak.

Zirikatzaile egon zen Sparks agertokitik. «Kaixo Vitoria» oihukatuta egin zien agurra bildutakoei. Ondoren aldarrikatuko zuen Kaixo hitza ikasteak kostatu zitzaion ahalegina. Indartsu egon zen abeslari eta gitarra jolea uneoro. Baina ahotsa, ahotsa beste kontu bat da, ordea. Sparksek berak onartuta du non dauden euren mugak gaur egun. «Zuek zenbat eta mozkorrago egon gu orduan eta soinu hobeagoa izango dugu», ziurtatu zien ikusleei, lotsagabe.

Aurrera egin ahala lortu zuten giroak gora egitea, Shove edo Shitlist bezalako abestien eskutik. Geldialdi arin baten ondoren, azken hiru kantuak eskaintzeko unea zen. Bisa bertsio batekin abiatu zuten, Eddie & The Subtitles taldearen American society, ondoren azken bi punk balak jaurtitzeko: Pretend we’re dead 1990eko hamarkadako ererserkia eta Fast and Frightening.

Izan zirenetik urrun egon litezke L7 gaur egun, baina halako itzulera batean talde bati eskatu behar zaiona bete zuten sobera: indarra, gogoa, eta agertokian disfrutatzen ari direna publikoari transmititzeko ahalegina. Euren kantu ezagunenak dioen bezala, ez egin hilda dauden itxurarik. Ez daude-eta.

Bidaia lisergikoa

Talde handien aurretik zer ikusi eta zer entzun askoz gehiago egon zen Mendizabalako gunean. Kontzertu gogoangarria eskaini zuten, esaterako, Black Mountain kanadiarrak. Psikodeliaren eta hard rockaren iturrietatik edaten dute, eta abestiak girotzeko eta atmosfera bereziak sortzeko sekulako abilezia dutela erakutsi zuten atzo.

Alde batera utzi zituzten euren konposizio ulerterrazenak —The hair song edo Old fangs ez zituzten jo—, eta horren ordez Wucan edo Tyrants bezalako abesti luze eta konplexuen gainean joan ziren eraikitzen soinu harresi irmoa.

Onena emanaldiaren erdian iritsi zen. Abestiak alde batera utzita, jam instrumental luze batean sartu ziren taldekideak, ia post-rock talde baten antzera, soinu eta efektu bildumaaskorekin lagunduta. Konektatu zutenentzat bidaia hipnotiko eta lisergikoa izan zen. Bat egin ez zuten askok nahiago izan zuten alde egin.

Pasarte instrumentalaren gailurra gaindituta, No hits eta antzeko abesti lasaiekin gidatu zuten emanaldia amaieraraino. Ekaitzaren barealdia izan zen bukaera, klimax bat bilatu gabe. Saio arraro eta ezohiko batek merezi zuen amaiera.


Bufaloaren orroa

Hiru agertokitan banatu dute aurten antolatzaileek Azkena Rock jaialdia. Bigarrenean eta hirugarrenean aldi berean bi talde ari dira jotzen. Horrek esan nahi du biak ikusteko emanaldiak erdizka uztea beharrezkoa dela, edo, kontzertua osorik ikusi nahi dutenentzat, aukeratzea.

Ilunabarrean agertu zen hirugarren eszenatokira The White Buffalo. Hirukote formatoan aritu ziren, Jake Smith handiak —gorputzez eta ahotsez— gidatuta. Americana estiloan arreta deitu du The White Buffalok, Smithen ahots potente eta sakonaren eskutik. Gasteizen Azkena jaialdian beti espero den zerbait eskaini zuen: AEBetako mendebaldeko soinua, bereziki western zaporeko How the west was won edo The Pilot abestiekin, azken horretan Iggy Popen The Passenger kantuaren itzala handia izan arren.

New Yorketik iritsi ziren The Last Internationale. Iaz izan ziren BBK Liven, eta duela gutxi Tom Morellok fitxatu ditu bere zigilurako. A capella abestu zuen Delila Paz abeslari eta baxu joleak saioa indartsu hasita. Jarrera aldarrikatzailea, eta Rage Against The Machinen Sleep now in the fire abestiaren bertsioa tartekatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.