Hondarribia Blues Festival jaialdiaren saria jasoko du gaur Johnny Winterrek (Beaumont, AEB, 1944), aurreko urteetan John Mayall, Pinetop Perkins edota James Cottonek egin bezala. Belcebluesek zabalduko du jaialdiaren seigarren ekitaldia, 19:30ean, eta ondoren Girls with Guitars hirukotea ariko da. Winterrek berak itxiko du lehen jardunaldia, gauerdian, Bentako agertokian.
Behin baino gehiagotan esan duzu bluesa dela musika guztien jatorria. Zergatik?
Bluesaren sustraiak erroturik daude entzuten dugun musika guztian: jazz, rock, country, deitu nahi duzun bezala… Bluesaren aztarnarik ez duen musika igogailuko musika da.
70eko hamarkadan rockaren izarra zinen, baina denborarekin blues zirkuituan murgildu zinen. Zer gogoratzen duzu rock izarra izan zineneko garaiaz? Zergatik lehenetsi zenuen blues zirkuitua?
Betidanik blues jotzailea izan naiz. Nire ibilbideko rock arohura , zeina nire bizitzako oso une arrakastatsua izan baitzen, garaietara egokitzeko seinalea izan zen. Bluesman bat izango naiz hiltzen naizen egunera arte. Nire musikak blues eta rock zirkuituak gainditzen ditu, oso lanpetuta edukitzen nau urtean 120 kontzertutik gora eskainiz.
Bluesetik zer nahiago duzu: teknika eta birtuositate, ala pasioa eta emozioa?
Pasioa eta emozioa. Teknikak eta birtuositateak laguntzen dute emozioak hobeto adierazten, baina musikaren sentimendua eta maitasuna aurretik daude.
Maisu handiekin jotzeko aukera izan duzu. Zein izan da garrantzitsuena? Muddy Waters beharbada?
Muddy Waters, zalantzarik gabe. Harekin jotzea izan da nire ibilbideko nabarmenena. Guztiekin jo dut, BB Kingetik Jimi Hendrixeraino. Oso bidaia basatia izan da, eta bizitako une bakoitzaz disfrutatu dut.
Gaur egun ze musika entzuten duzu?
Bluesa bakarrik entzuten dut. iPoden 11.000 kantu inguru dauzkat, eta bereziki 50eko hamarkadako bluesa entzuten dut. Nire gustukoena da.
Artista askok esaten dute zure bertsioak benetan onak direla. Asko disfrutatzen duzu bertsioak eginez? Zein da zure bertsioetatik gustukoen duzuna?
Gustatzen zait Bob Dylanen Highway 61 Revisited kantuarekin egin nuen bertsioa. Hain zuzen, Dylanek berak esan zuen ez zuela berriz joko, kantu hori jotzea niri zegokidala uste zuelako.
Bluesa oso AEBetako musika estiloa da, baina zer iritzi duzu Europan egiten den bluesaz?
Ez dut Europako talde asko ezagutzen, baina entzun ditudan gutxi horiek oso ondo jotzen dute.
Johnny Winter. Gitarrista
«Bluesaren aztarnarik ez duen musika igogailuan entzuteko musika da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu