Bob Dylan eta haren taldea Bilbon ariko dira uztailaren 11n

Maiatzaren 16an jarriko dira salgai Guggenheim museoaren atariko kontzerturako izango diren 5.000 sarrerak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Guggenheim museoaren 15. urteurreneko ospakizunen barruan eta BBK Live jaialdiaren atari gisa, Bob Dylanek zuzeneko emanaldia eskainiko du Bilbon, bere taldearekin batera, uztailaren 11n, BBK Live jaialdiaren aurreneko egunaren bezperan. Guggenheim museoaren atariko zabaldegian izango da kontzertua, 5.000 lagunen aurrean, eta sarrerak datorren astean jarriko dira salgai, maiatzaren 16an, asteazkenarekin. 45 euro gehi gastuak ordaindu beharko dira pistako sarrerengatik; 85 euro gehi gastuak harmailetako 500 sarreretako bakoitzarengatik.

Ez da Bilbokoa izango Bob Dylan eta bere taldea Euskal Herrian zuzenean ikusteko aukera bakarra aurtengo udan, uztailaren 20an Baionako zezen plazan aritzekoak baitira, 21:30ean.

Apirilaren 15ean hasi zuen bira Bob Dylanek, eta Brasil, Argentina, Txile, Costa Rica, Mexiko eta Alemanian aritu ostetik iritsiko da Bilbora; Bilbon aritu ondoren eta —Baionako emanaldia dela eta— Euskal Herrira itzuli aurretik,Herrialde Katalanetara joango da, uztailaren 13an Benicassimgo FIB jaialdian aritzekoa baita, eta uztailaren 14an Cap Roig-koan.

Duela bi urte Gasteizen

Aurretik ere Euskal Herrian maiz samar aritua da Bob Dylan. Azkenekoz, Gasteizen, Azkena jaialdian, 2010eko ekainean. Lau urte lehenago Donostian aritu zen, Zurriolako hondartzan, bakearen aldeko jaialdi batean.

Bilboko Guggenheim museoaren atariko zabaldegia talde ezagunen lekuko izana da lehen ere. Iaz, adibidez, Arcade Fire taldea aritu zen han, eta The Smashing Pumpkins, Bjork eta Red Hot Chili Peppers zuzenean jotzen ikusteko aukera ere izan da leku berean, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.