Amaia Alvarez
Paradoxikoa da ahots urratua izanda musika iraultzea. Estereotipo guztiak hautsiz rockaren historiari buelta ematea. Bost hamarkadetan musikaren ikonoetako bat izatea. Bob Dylanek bakarrik lor dezake hori. Duela bi urte Donostian jo ondoren, Euskal Herrira itzuliko da gaur Dulutheko (Minnesota, Amerikako Estatu Batuak) musikaria. Iruñean eskainiko du bere 2.628. kontzertua, Anaitasuna pabiloian, 21:30ean hasita; lehenago (20:30ean) Pedro Javier Hermosilla katalanak joko du. Sarrerek 53 euro balio dute aurretik erosita, eta 60 euro leihatilan erosiz gero. Maiatzaren 26an Reykjaviken abiatu zuen Europako biraren barruan kokatzen da Iruñeko kontzertua, eta atzo, Dylanek emanaldia eskaini zuen Zaragozan (Espainia), Expo 2008ko ekitaldien barruan.
Pertsona berezia da Dylan. Erabateko artista emankorra. 67 urterekin, 49 disko kaleratu ditu. Lehenengoa, 1963an argitaratu zuen (The Freewheelin' Bob Dylan), eta azken lana 2006an plazaratu zuen (Modern Times) letra berriekin. Tartean, Duluthekoak hamaika buelta eman dizkio bere musikari, eta hainbeste alditan utzi du publikoa ahozabalik. Kontzertuetan ere aho zabalik uztearen ohitura du oraindik. Izan ere, automaten gisa kantak errepikatzen dituztenen kontra, zuzeneko bakoitzean zerbait berezia eskaintzen du Dylanek. Eta, batez beste, 100 saio inguru ematen ditu urtero.
Gitarra, armonika eta pianoa jotzen dituen musikariak bere kanten ehunka bertsio egin ditu, eta kontzertuetan ez ditu normalki kantak errepikatzen. Gehienetan, 17 abesti jotzen ditu, eta Europako bira hasi zenez geroztik eta ekainaren 16an Bergamonen egindako saioa arte, 54 kanta ezberdin eskaini ditu 14 kontzertuetan. Hala ere, birako ia kontzertu guztietan jo ditu Thunder on the mountain eta Summer Days. Guztira, 500 kanta baino gehiago sortu ditu maisuak, horien artean mundu osoan ezagunak eta makina bat aldiz egokituak izan diren kantuak: Like a Rolling Stone eta Knockin' On Heaven's Door. Blowin' in the Win eta The Times They Are a Changin'. Halaber, gerraren aurkako himno bilakatu ziren 60ko hamarkadan; Dylan protesta kanten eta pertsona konprometituen ikurretako bat da.
Kontzertuetan, gainera, musikariek ez dute jakiten aurretik jo behar dutena. Dylanek (agertokiko eskuinaldean kokatuta) Tony Garnier baxu jotzaileari ematen dio agindua kanta bakoitzaren hasieran, eta gero hark mezua helarazten die gainontzeko musikariei. Guztira, zazpi lagun egon ohi dira taula gainean: Stu Kimball (gitarra), Don Herron (gitarra eta biolina), George Receli (bateria), Denny Feeman (gitarra), Garnier eta Dylan. Zuzenekoetan, bestalde, Dylanek ez du oro har publikoarekin hitz egiten, musikariak aurkezteko eta «thanks allbody» esateko ez bada.
Zezen-plazatik Anaitasunara
Gaurko saioa zezen-plazan izan behar zuen hasiera batean. 15.000 lagunendako tokia dago bertan, baina enpresa antolatzaileak Anaitasunan egitea erabaki zuen gero, non 4.500 pertsona inguru sartzen diren. Kokalekua aldatzeko eman duten arrazoia izan da euria egingo ote zuten beldur zirela. Zurrumurruek, ordea, sarrera aski saldu ez delako egin dutela diote. Ostiralean, 3.500 bat txartel soilik salduak ziren. Arrazoia, bada, egunotan Iruñean dagoen kontzertuen ugaritasuna izan daiteke. Heldu den larunbatean, adibidez, Otra noche sin dormir saioa eskainiko dute Rosendok, Barricadako El Drogasek eta Aurora Beltranek. Sanferminetan ere, eta doan, Chuck Berri eta Marky Ramone ikusteko parada izanen da.
Nolanahi ere, Dylanek 100 milioi disko saldu ditu mundu osoan. Gainera, Duluthekoaren ekarpena ez da bere lanera mugatzen, beste izar batzuek ere bere musikatik edan baitute. Bruce Springsteen da horietako bat, Dylan gabe iritsi den tokira ailegatuko ez zela esan du eta. Izan ere, Dylan izan zen gitarra elektrikoa, baxua eta bateria bakarlarien musikan erabiltzen aurrena, nahiz eta bere garaian horregatik kritikak jaso zituen.
Kultura
Bob Dylanek kontzertua eskainiko du gaur Iruñean
Anaitasuna pabiloian izango da, 21:30ean hasita. Sarrerak 60 eurotan egongo dira lehiatilan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu