Kanta berriak dira, bai, baina klasiko hotsa dute. Rocka, bluesa, folka... Ezin ezagunagoa du Bob Dylanek AEBetako musikaren alfabetoa, eta badaki maisuki erabiltzen. Horrek bilakatu du izar. Horrek eta baita bere testuek ere. Nahikoa frogatua zuen abesti borobilak egiteko gaitasuna aurrez ere estudioan grabatutako 34 diskorekin, baina 35.arekin berriz ere asmatu du zaleen, adituen eta hedabideen arreta pizten. Tempest (Ekaitza) izendatu du hamar kantuko bilduma. 2009an abesti propioekin kaleratutako Together through life izenekoak ere izan zuen oihartzunik, baina ez zuen lan honek eragin duen besteko miresmenik eragin. Maisulantzat hartu dute zenbait kritikarik. Orain egun batzuk jarri zuten sarean, eta gaur kaleratu dute.
Kantek klasiko hotsa dute, baina adina igartzen zaio Dylanen ahotsari. 70 urte ditu abeslariak, eta inoiz baino zartatuago dago haren ahotsa. Eta hasieratik bertatik igartzen da hori. Diskoa zabaltzen duen tren bati buruzkoDuquesne Whistle kantu jostarian, bereziki. Eta ez da oharkabean pasatzen den xehetasuna. Izan ere, hori da disko osoan lehen planoan dagoen elementua: Dylanen eztarria, Dylanen testuak abesten. Hori nabarmentzeko aukera egin du artistak. Testu luzeak eta narratiboak; mendeku istorioak (Pay in blood), John Lennoni eskainitako elegia (Roll on John) eta gau giroko maitasun istorioak (Tin angel). Jack Frost ezizenarekin bera aritu da produkzio lanetan eta soilak dira konponketak. Ohiko musikariak bildu ditu: George O. Receli bateria jotzailea, Tony Gartier baxu jotzailea eta Charlie Sexton, Stu Kimball eta Donnie Herron gitarra jotzaileak. David Hidalgoren laguntza ere izan du zenbait abestitan, eta baita Robert Hunter abesti-idazlearena ere diskoko lehen kantuan.
Aske aritu da Dylan idazketa lanetan. Eta nabarmena da hori diskoari izenburua ematen dion Tempest izeneko abestian. 14 minututik gora hartzen ditu Dylanek folk irlandarraren oihartzuna igartzen zaion Titanic ontziaren hondamendiari buruz aritzeko. Tarte musikalik ez, lelorik ez; ia 50 estrofa, bata bestearen ondoren, eta, hala ere, klasiko. Disko osoa hartzen du joera horrek. Blues hutsa dira Narrow Way eta Early Roman Kings, adibidez.
Urteak daramatza musikariak etenik gabeko biran murgilduta, eta Tempest haren azken lana izango den errezeloa piztu du zenbait hedabidek. Izan ere, The Tempest da Shakespearek idatzi zuen azken antzezlanaren izena, eta Tempest da Dylanek gaur kaleratu duenarena. Musikariak ez du, ordea, erretiratzeko asmorik. Motz eta zorrotz egin zion zehaztapena The Rolling Stone aldizkariko kazetariari: «Shakespeareren azken lana The Tempest deitzen zen, ez Tempest. Eta Tempest da diskoaren izena. Ezberdinak dira bi tituluak».
Bob Dylanek 'Tempest' diskoa kaleratuko du gaur
Kutsu klasikoko hamar kantuz osatutako lana da, eta maisulantzat hartu dute zenbait kritikarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu